Batxilergoko Sari Bereziak

Jaurlaritzak 2015-2016 ikasturtean Batxilergoa 8,75 puntu edo gehiagoko batez bestekoarekin amaitu zuten 15 ikasle saritu ditu

Angela Urigüen, Xabier Endika Olabarri, Leyre Veras, Álvaro Bermejillo, Jon Otegi, Malena Moreno, Noel Arteche, Maddi Rodríguez, Irene Barrenechea, Maialen Monje, Leyre Hernández, Ricardo Rodríguez, Eneko Sotomayor, Oneka Perea eta Olatz Sáenz de Argandoña. 15 gazte horiek izan dira Eusko Jaurlaritzak banatu berri dituen 2015-2016 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezien irabazleak. Sari horien xede nagusia Batxilergoan ibilbide akademiko bikaina erakutsi duten ikasleei egindako ahalegina aitortzea da. Pasa den ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoan batxilergoko ikasketak amaitu zituzten 14.810 ikasleetatik 589k eman zuen izena Batxilergoko Sari Berezia jasotzeko. Horretarako ezinbesteko baldintza batxilergoko bi ikasturteetan batez besteko nota, gutxienez, 8,75ekoa izatea zen. Pasa den urteko ekainaren 14an Bilbon aipatu saria eskuratzeko proba egin zen, unibertsitatera sartzeko hautaprobak amaitu ondoren, hain zuzen ere. Azterketan, hiru ariketa gainditu behar izan zituzten, bai ikasgai komunetakoak eta baita norberaren Batxilergo modalitateari zegozkion ikasgai espezifikoetakoak ere. Proba horretan notarik altuena lortu zuten ikasleak dira Sari Berezia jaso dutenak.

Irabazleek, bere meritua aintzat hartzen duen diploma ez ezik, Toronton (Kanada) hiru asteko ingeles-ikastaroa eta egonaldia ere eskuratu dute. Gainera, hamabost ikasleek Estatuko Batxilergoko Sari berezia irabazteko aukera ere izango dute.

Sarien banaketa-ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Maite Alonso eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendari Lucia Torrealday izan dira. Alonsok ikasketa prozesuan diziplina-konpetentziez gain zeharkako konpetentziak ere jasotzearen garrantzia azpimarratu du. Gainera, irakasleen lana azpimarratzeaz gain, sailburuak familiaren garrantzia ere azpimarratu du, bere ustez, harreman zuzena baitago familiaren esku-hartzearen eta arrakasta akademikoaren artean.

2016-2017 ikasturte honetarako sarien deialdia maiatzean argitaratuko da.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE