Euskadi da ikasle bakoitzeko diru gehien inbertitzen duen autonomia erkidegoa

Batez beste, Euskal Autonomia Erkidegoan urtero 8.976 euro inbertitzen dira ikasle bakoitzeko, beste autonomia-erkidegoetan baino askoz gehiago

Estatuko Hezkuntza Ministerioak ezagutzera eman dituen datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoa da, Estatu mailan, ikasle bakoitzeko diru gehien inbertitzen duen autonomia-erkidegoa. Datuak 2014. urtekoak dira, urte horretan aurrekontu kontsolidatuak izan ziren azken urtea izan baitzen.

Datu horien arabera, Euskadik ia 9.000 euro (8.976) inbertitzen ditu ikasle bakoitzeko urtero. Sailkapen horretan, Euskadiren atzetik Nafarroa, Kantabria, Asturias, Galizia eta Gaztela eta Leon aurkitzen dira, eta autonomia-erkidego horietan guztietan ikasle bakoitzeko batez besteko inbertsioa 6.000 eurotik gorakoa da. 5.000 euro inguruko inbertsioa egiten duten autonomia erkidegoak Katalunia, Murtzia eta Valentzia lirateke eta, hortik behera, adibidez, Madril, Andaluzia eta Gaztela-Mantxa aurkitzen dira.

Adituen ustez, Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroako Foru Erkidegoari finantzaketa-sistema propioa izateak mesede egiten die. Bestalde, Asturias edo Kantabriaren moduko erkidegoetan nekazal guneetan diren eskolen kopurua handiagoa denez, hezkuntza publikoan egin beharreko inbertsioa ere altuagoa da.

Datu horiek azken urteetan izan den joera berresten dute. Adituen ustez, hezkuntzan egiten diren inbertsioek eragin zuzena dute ondoren ikasleek lortzen dituzten emaitzetan. Hala ere, gogoratu behar da Euskadik azken PISA Txostenean lortu dituen emaitzak nahiko kezkagarriak izan direla eta, oro har, egindako inbertsiotik espero zitekeenatik urrun. Madrilen, aldiz, inbertsioa txikia izanik emaitzak ez dira hain txarrak, seguruenik, autonomia-erkidego horretan maila sozio-ekonomikoa nahikoa altua delako eta, ondorioz, familiek inbertsio falta hori oraketzen dute.

Estatu mailan diren aldeak oso nabarmenak dira: penintsularen iparraldean hezkuntzan gehiago inbertitzeko joera dago eta aldea gero eta handiagoa da. Emaitzetan ez ezik, inbertsio horiek eragin zuzena dute, adibidez, eskola-uzte goiztiarraren tasetan. Horrela, inbertsio txikiagoak egiten dituzten autonomia erkidegoetan derrigorrezko hezkuntza ez duten edo DBHko titulua lortu eta ikasten jarraitzen ez duten ikasleen kopurua altuagoa da.

Ministerioaren datuek hezkuntzan izan diren murrizketak ere uzten dituzte agerian. Horrela, 2009. eta 2014. urteen artean, Extremaduran izan ezik, beste autonomia erkidego guztietan ikasle bakoitzeko egin den batez besteko inbertsioa murriztu egin da.

Estatuak hezkuntzan egiten duen inbertsioa nahikoa urria da Europako beste herrialdeekin alderatuta. Eurostatek eman dituen datuen arabera, Espainia hezkuntzan egiten den inbertsioen sailkapenaren azken postuetan aurkitzen da, Bulgariaren maila berean eta soilik Errumaniaren, Irlandaren eta Italiaren aurretik.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE