Euskadin Lanbide Heziketa Dualean ari den ikasleen kopurua % 48 hazi da

0
281
Euskadin Lanbide Heziketa Duala amaitzen duten ikasleen % 81,2k lan kontratua sinatzen du prestakuntza amaitu eta hurrengo egunean.

Heziketa Dualean parte hartzen duten enpresen kopurua ere % 38 hazi da, eta mila enpresako kopurua gainditu da

Pasa den irailaren 14an eta 15ean Lanbide Heziketaren Nazioarteko Jardunaldiak egin ziren Donostiako Kursaal Jauregian. ‘Aurrerantz’ lelopean burutu ziren jardunaldi horietan Lanbide Heziketa Duala eta Lanbide Heziketako ekintzailetza edo motibazioa izan dira hizpide nagusiak.

Jardunaldien irekiera-ekitaldian Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek Euskadiko Lanbide Heziketa Dualak azken urteotan izan duen bilakaera positiboa nabarmendu zuen. Gainera, Uriartek heziketa mota horrek ematen duen lan-munduko txertatze-tasa bikaina ere azpimarratu zuen. Horrela, azken bost urteetan LH Duala burutzen ari diren ikasleen kopurua biderkatu egin da. 2012-13 ikasturtean 124 ziren programa horretan parte hartzen ari ziren ikasleak. Ikasturte honetan, berriz, 1.804 dira. Aurreko ikasturtearekin alderatuta (2016-17 ikasturtea), ikasle kopurua % 48 hazi da.

Ikasleen kopuruak ez ezik, Lanbide Heziketa Dualan parte hartzen duten enpresen kopuruak ere gora egin du. Horrela, 2012-13 ikasturtean ziren 95 enpresetatik aurtengo 1.023 enpresetara pasatu da. Aldeko ikasturtearekin alderatuta, hazkundea % 38koa izan da.

Euskadin, Lanbide Heziketa Duala amaitzen duten ikasleen % 81,73k –2 urteko planetan zein 3 urtekoetan– lan-kontratua sinatzen dute prestakuntza amaitu eta hurrengo egunean. Lan-munduko txertatze-tasa hori bat dator ikasle, enpresa zein ikastetxeei egin zaien inkestak utzi dituen emaitzekin.

Donostian burutu diren jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Europako Batzordeak (AEfA- European Alliance for Apprenticeships. Ikaskuntzarako Itun Europarraren bidez) antolatu dituzte. Bi egunez, 500 ordezkarik Lanbide Heziketaren inguruan eztabaidatu dute. Ordezkariak, Europako herrialdeetatik ez ezik, Mexikotik, AEBtik edota Indiatik ere etorriak ziren. Horri esker, mundu osoan garatzen ari diren Lanbide Heziketa Dualaren inguruko hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izan zen, erakundeen eremutik azalduak batzuk, prestakuntza mota horretan parte hartzen duten ikasleen zein enpresen ikuspuntutik azalduak beste batzuk. Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalok Euskadin ezarri den eta emaitza bikainak ematen ari den Lanbide Heziketa Dualaren eredua azaldu zuen, bereziki, Enpresa Txiki eta Ertainentzako berrikuntza aplikatuan, ikaskuntzako metodologia aktiboetan, garapen jasangarrian edo berrikuntza-errutinetan Euskadiko Lanbide Heziketak azken urteotan egin duen ibilbidea azpimarratuz.

Jardunaldietan agerian geratu zen moduan, Euskadiko Lanbide Heziketa eredugarritzat jotzen da nazioarteko esparruan. Zentzu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoa Ikaskuntzarako Itun Europarrean parte hartzen duen lehen eskualdea izan dela nabarmendu behar da.

Nazioarteko Jardunaldi horien karietara, beste bi euskal kide batu dira Ikaskuntzarako Itun Europarrera: Confebask eta Mondragon taldea. Confebaskek 2017-2020 aldian zehar 14.000 ikaskuntza-plaza eskaintzeko konpromisoa hartu du eta Mondragon taldeak, berriz, 100. Euskadiko bi kide berriekin batera, beste 9 eragile europar ere sartu dira itunean, Frantzia, Irlanda, Kroazia, Letonia eta Danimarkakoak.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here