Gero eta emakume zientzialari gehiago

Zientzia Euskadin 2017 txostenaren arabera, gero eta emakume gehiago dira doktoregotza lortzen dutenak, baina horrek, oraindik, ez du isla lan-esparruan

Zientzia Euskadin 2017 Txostenaren arabera, 12.000 dira Euskal Autonomia Erkidegoan lanaldi osoko dedikazioa duten zientzialarien kopurua. Horietatik, heren bat (% 35) emakumeak dira, baina gero eta gehiago dira doktoregotza lortzen duten emakumeak. Izan ere, emakume gehiago dira doktoregotza amaitzen dutenak gizonak baino. Doktoregotza amaitzen duen gizon bakoitzeko 1,22 emakumek amaitzen dute ikasketa maila hori. Hala ere, txostenean jasotzen den moduan, kopuru horiek ez dute isla lan-merkatuan. Horrela, lanean diren zientzialarien artean gizonezkoak dira nagusi, 2/3 proportzioan, hain zuzen ere.

Txostenean, ikerketa-arloko langileez gain, beste hainbat datu aztertzen dira: zientziaren finantzaketa, emaitza zientifikoak, transferentzia teknologikoa… Txostenean jasotzen denaren arabera, ekoizpen zientifikoak gora egin duela azpimarratu behar da. Horrela, azken hamar urteetan 2.100 dokumentu argitaratzetik 5.212 dokumentu argitaratzera pasatu gara (% 148ko hazkundea). Kopuru horiekin, Euskadi da, Estatu mailan, ekoizpenik handiena duen bosgarren autonomia-erkidegoa, Madrilen, Kataluniaren, Andaluziaren eta Valentziaren atzetik. Euskadin egiten den ekoizpen zientifikoa Estatuan ekoizten denaren % 6,61 da.

Kopuruan ez ezik, argitalpenen kalitatean ere gorakada nabarmena eman da. Horrela, lehen kuartileko aldizkarietan argitaratutako ekoizpen zientifikoaren kopurua etengabe hazi da Euskadin azken hamarkadan, % 42,6tik % 51,62ra igaroz 2015ean. Gainera, ikerketen emaitzak argitaratzerakoan, Euskadiko ikertzaileek lankidetzan jardun ohi dute mundu osoko eragile zientifiko nagusiekin: Estatu Batuak, Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia. Nazioarteko lankidetza horietan, Euskadiko ikertzaileek nagusitasunezko posizioa izan ohi dute, eta kasu askotan, argitalpenen egile nagusiak izan ohi dira.

I+G arloko gastuak autonomia-erkidegoetako BPGan duen portzentajeari dagokionez, Euskadi dugu 2015eko zerrendaburu BPGaren % 1,93az, Madrilen, Nafarroaren eta Kataluniaren aurretik.

Era berean, Euskadi hirugarren autonomia-erkidegoa da H2020 esparru programari atxikitako finantzaketa lehiakorra erakartzeko gaitasunari dagokionez (303 milioi €), Kataluniaren eta Madrilen atzetik. Gainera, Euskadik lortutako finantzaketa ia-ia bikoiztu egin du laugarren autonomia-erkidegoak (Valentziar Komunitatea) eskuratutakoa. H2020 Esparru Programa giltzarrizko tresna bilakatu da Europar Batasuneko ikerketa- eta berrikuntza-jardueretarako. Tecnalia, UPV/EHU eta Tekniker dira horrelako finantzaketa lehiakorra duten zentro nagusiak.

Sektorekako ekoizpenari begiratuta, Euskadiko zientzia-ekoizpen osoaren % 57 inguru unibertsitateei dagokie –UPV/EHU buru dela, indexatutako 2.741 argitalpeneko ekarpenaz–, eta jarraian osasun sektorea eta zentro teknologikoak daude. Azken urteotan, euskal zientzia-sisteman gero eta garrantzi handiagoa duten eragile berriak agertu dira (BERC zentroak eta IKZak). Berriki sortutako BERC zentro eta IKZ batzuek 100 argitalpen zientifiko baino gehiago indexatuak dituzte urtean, eta horiexek dira aipamen-kopururik handiena jaso dutenak dokumentu bakoitzeko.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE