Hezkuntza Sailak zorrotz jokatuko du eskola-jazarpeneko kasuetan

Eskola-jazarpena ekiditeko prebentzio-plan bat jarriko da abian eta jazarpen mota horren inguruko txostenak landuko dira urtero

Uda aurretik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola-jazarpenaren inguruko txostena aurkeztu zuen. Txosten horretan oinarrituta, alderdi politikoek euren ekarpenak egin ahal izan dituzte eta, ekarpen horiekin, behin betiko txostena osatu da. Aipatu txostenean eskola-jazarpenaren biktima izan diren ikasleen iritziak jasotzen dira. Bertan jasotako datuen arabera, Lehen Hezkuntzako ikasleen % 23 jazarpen mota horren biktima izan da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren kasuan, kopurua arinki murrizten da, % 19raino, hain zuzen ere.

Eskola-jazarpeneko kasuen bilakaera edo joera aztertuta, urtero gero eta kasu gehiago izaten direla ikus daiteke. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak eskola-jazarpenaren inguruko txostenak landuko ditu urtero joera horren inguruko xehetasunak lortzeko. Gainera, Bizikasi izeneko prebentzio plana ere abian jarriko da.

Legebiltzarrean izan den Hezkuntza batzordean Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek azaldu duenez, eskola-jazarpeneko kasuen kopuruan izan den azken urteetako gorakada egun gai horren inguruan den sentsibilitate handiagoaren ondorio izan liteke. Zentzu horretan, sailburuak jazarpen-kasu gehienetan mutilak protagonista direla azpimarratu zuen: Uriarteren hitzetan, jazarpen mota nagusia irainak dira eta Lehen Hezkuntzaren kasuan, ondoren, bazterketa eta eraso fisikoak. DBHn, berriz, ikaskideen ondasunak apurtzeko joera nabarmentzen da.

Txostenean jasotzen denez, erasotzailea eta biktima ikasgela berean izan ohi dira. Lehen Hezkuntzan, erasoak, nagusiki, ikasgelatik at ematen dira (patioan) eta DBHn, aldiz, ikasgelan bertan.

Eskola-jazarpenaren inguruko azterlana bi urtean behin burutu ohi den ebaluazio diagnostikoarekin batera egin zen. Orain, berriz, arazo horren larritasuna dela eta, urtero gauzatuko dela iragarri da. Uriartek aurreratu duenez, bi ikerketa mota burutu dira. Lehena LH eta DBHko ikasle guztiekin burutuko da eta, bigarrenean, ikasle kopuru zehatz batekin. Bi ikerketa horiek urtero txandakatuko dira.

Alderdien ekarpenei dagokienez, EH Bilduk arazo horri aurre egiteko baliabide gehiago eskatu ditu. Horien artean, irakasleriaren trebakuntzan sakontzea eta jada itundutako ikastetxeetan ezarri den KIVA metodo finlandiarra eskola publikoetan ere ezartzea eskatu da. PSE-EE hartutako neurrien alde azaldu da eta Elkarrekin-Podemosek, berriz, arazo horri aurre egiteko inbertsio gehiago egin behar direla aldarrikatu du.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE