Bilboko udalak etorkinen inguruko aurreiritziei aurre egingo die

0
815
Etorkinen inguruan hainbat zurrumurru zabaltzen dira, nagusiki, gizarte-baliabideei hezkuntzari, matxismoari, segurtasun gabeziari edo lan-merkatuari dagokionez.

200 pertsona baino gehiago egin dira zurrumurruen aurkako agente Bilboko Udalaren eskutik, atzerritarren inguruko estereotipo negatiboei aurre egiteko helburuarekin

Bilboko Udalak 2013. urtean ekin zion etorkinen inguruko zurrumurruen aurkako proiektua garatzeari. Izan ere, hiritar talde horren inguruan hainbat zurrumurru zabaltzen dira, nagusiki, gizarte-baliabideei hezkuntzari, matxismoari, segurtasun gabeziari edo lan-merkatuari dagokionez. Estrategia horren barruan, hil honetan bertan, Zurrumurruen aurkako agenteentzako oinarrizko prestakuntza-ikastaroaren bigarren edizioa burutu da Santutxuko udaltegian. Ikastaroa 2017an zurrumurruen aurkako sarean sartu diren azken pertsonentzako prestakuntza izan da eta Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiak diseinatu du. Bertan, estereotipoak eta kultura, gizartearen aurreiritziak identifikatzeko estrategiak edo erantzunetan erabil daitezkeen elementu komunikatiboak landu dira. Guztira, 23 izan dira aipatu ikastaroan parte hartu duten eragileak eta, horrela, jada 200 baino gehiago dira Bilbon etorkinen inguruko iritzi faltsuak desagerrarazteko lan egiten dutenak.

Estereotipo negatiboen aurka egiteko, zurrumurruen estrategiak tokiko agenteen eta pertsonen sare bat sortu eta sendotu behar du, Bilboko auzo guztietan kulturartekotasunaren alde egiteko, aniztasunean elkarbizitzeko, eta bazterkeriaren aurka borrokatzeko. Orain arte Basurtun, Begoñan, Deustun eta Errekalden jarri dira abian herritarren sarean eta jarduerak egiten dira gazteak ibili ohi diren lekuetan udal gazteguneen bidez, proiektuarekin bat egiten duten barrutiak gero eta gehiago izan daitezen.

Zurrumurruen aurkako agente berrientzako prestakuntza hiru zati handitan egituratu da. Lehenengoan, Ikuspegiko fundatzaile Xabier Aierdik estereotipoak eta kultura, etorkinekin lotutako aurreiritzi negatiboak, nazionalitatearen ideia eta inpunitatearen eremuak jorratu ditu. Bigarrenean, Ikuspegiko zuzendari Gorka Morenok etorkinen inguruko zurrumurruak eta aurreiritziak identifikatu eta estereotipoei buruzko gogoeta egin du. Azkenik, Asier Gallastegik aurreiritziei erantzuna emateko komunikazioko elementuak eta estrategiak aztertu ditu, ikuspegi afektibotik eta komunikatibotik.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.