Abian da gazteak zientzia eta teknologiara gerturatu nahi dituen Bizilabe Bilbao zentroa

12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako zentroan ikerketarako tailer erakargarriak eta aisia-jarduerak uztartuko dira

Bilboko Udalak eta Elhuyar Fundazioak Euskadin gazteentzat abian jarritako ikerketa eta aisia adimenduneko lehenengo zentroa zabaldu dute Deustuko Udaltegian. Aipatu zentroaren xedea DBHko eta Batxilergoko ikasleak ikerkuntza, zientzia eta teknologiaren mundura erakartzea da eta horretarako, ikerketarako tailer erakargarriak eta aisia-jarduerak uztartuko dira.

Zentroak 200 metro karratu inguru izango ditu eta modu esperimentalean diseinatuta dago. Bertan, ikasleek zientziarekin nahiz teknologia berriekin ikasi, esperimentatu eta ondo pasatu ahal izango dute.

Bizilabe zentroan zenbait ikerlari eta aditu gidari moduan arituko dira, betiere Elhuyarren STEM hezkuntza-ereduari eutsita. Gazteenentzat hainbat jarduera egingo dira, besteak beste, musikako tekno-laborategia edo, litxarrerien ehundura, kolore, zapore eta usainak sortuta nahiz eraldatuta, kimikarekin esperimentatzeko tailerrak. DBHko eta Batxilergoko gazteei zuzendutako bigarren blokeari dagokionez, asmakizun elektronikoak diseinatzeko eta eraikitzeko jarduerak eta, ikerketa mikrobiologikoaz zein bioteknologikoaz baliatuta, krimen-arloko misterio bat argitzeari buruzko tailer espezifikoak programatu dira.

Bilboko Udaleko zein Elhuyar Fundazioko ordezkariek azaldu dutenez, Bizilabe zentroak berariazko hiru helburu ditu: neskak zientziara hurbiltzea, euskararen erabilera sustatzea eta baliabide gutxiago dituzten ikasleak laguntzea.

Bilbokoa eratu nahi den sare baten lehen zentroa da. Sare horren xedea gazteentzako erreferente izan nahi duen tokian tokiko enpresa zientifiko-teknikoekin elkarlan-sarea sortzea da. Elkarlan hori hainbat ekintzatan gauzatuko da, esate baterako, enpresak bisitatzea eta haien profesionalekin bizipenak partekatzea.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE