Hezkuntza sailak eskola-jazarpena ekiditeko programa berria garatu du

Programa berriaren izena Bizikasi da eta horren xede nagusia da, ikasleen eta gainerako hezkuntza-komunitatearen konpromisoaren bidez, ikastetxeak biolentziarik gabeko eta elkarbizitza positiborako espazio bihurtzea

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskola-jazarpenaren aurka egin eta ikasleen arteko elkarbizitza positiboa sustatu nahi duen plan berria aurkeztu du. Planaren izena Bizikasi da eta bere xede nagusia ikastetxeak biolentziarik gabeko gune bihurtzea da.

Programa berria jazarpen-egoerei aurrea hartzeko sortu da, eta halakorik gertatu den kasuetan jazarpena pairatu duen ikaslearekin esku-hartze egokia eskaintzeko. Gainera, programa ez da soilik biktima eta erasotzailean zentratzen; jazarpenaren aurrean ikusle papera betetzen dutenekin eta jarrera jazarlea duten ikasleei ere garrantzia ematen die.

Eskola-jazarpena hezkuntza esparruan den arazorik handienetako bat da eta gero eta adin gazteagotan areagotzen ari den fenomenoa da. Jazarpen hori pairatzen duten ikasleek sufrimendu-maila altua izan ohi dute eta, erasotzaileen eta ikusleen aldetik ere, agerian uzten du orientazio behar bat dagoela. Izan ere, eskola-jazarpena ez da konponbide erraza duen arazoa. Menderatze-menpekotasun eskeman eta Isiltasunaren kodean oinarritua, asko eta anitzak dira bertan eragiten duten aldagaiak. Hori dela eta, sarritan, eskola-jazarpen kasuak antzematea zaila izan ohi da. Arazoari modu koordinatuan aurre egin ahal izateko, programa berriak garapen mailakatua izango duen proiektua planteatzen du. Horretarako, beharrezkoa izango da Hezkuntza Sisteman diharduten kide guztiak formatzea, gaitzea, hornitzea eta aberastea, beharrezko ikuskeraz, gaitasunaz, trebeziaz eta tresneriaz.

Bizikasik hiru esku-hartze maila jasotzen ditu: prebentzioa, esku-hartzea eta ebaluazioa. Prebentzioaren kasuan, berariazko prestakuntza eskainiko da eta ikastetxe bakoitzean lau lagunek osatuko duten talde dinamizatzaile bat sortuko da. Talde horretan, ikastetxeko zuzendaria, ikasketa burua, orientatzailea eta bizikidetza-arloaz arduratzen den irakaslea izango dira. Talde horren ardura izango da ikastetxe horretan izan daitezkeen jazarpen kasuen ebazpen-prozesua koordinatzea eta elkarbizitza positiboaren alorrean garatuko diren ekintzak gidatzea.

Esku-hartzeari dagokionez, programak eskola-jazarpena antzemateko eta horren jarraipena egiteko tresnak izatea aurreikusten du. Horrela, prestakuntzarekin batera, ikastetxe bakoitzak beharrezko kontrolak gauzatzeko materiala jasoko du.

Era berean, egindako prebentzio-lanari esker, eskola-jazarpena hainbat egoeratan azalduko den errealitatea da. Detektaturiko kasuen kudeaketa funtsezkoa da konponbide zuzena izan dezaten. Identifikaturiko kasuetan, talde dinamizatzaileak, zuzenean zeresana duten irakasleekin batera, Bizikasi ekimenean aurreikusiak dauden jarraibideak garatuko ditu. Une horretan, Bizikasi Hezkuntza Sailean detektaturiko kasuetarako dagoeneko existitzen den protokoloari lotuko zaio, eta baita zeresana izan lezaketen gainerako erakundeekiko (Udalak, Aldundiak edo Fiskaltza) koordinazio ahalik eta onena izate aldera berriki sortu den protokoloari ere.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE