Nerabeek modu ezberdinean erabiltzen dute Internet euren gaitasun ekonomikoaren arabera

PISA txostenak emaitza akademikoak ez ezik, nerabeen aisialdia ere aztertu du

Historikoki PISA txostenak ELGA osatzen duten herrialdeetako 15 urteko nerabeen gaitasun akademikoa neurtu izan du. Azken txosten ofizialak, 2016ko abendukoak, aipatu gaitasun hori ez ezik, nerabeen hezkuntza-emaitzetan eragin dezaketen beste hainbat faktore ere aztertu ditu. Horietako bat, ikasleek euren aisialdia zertan ematen duten izan da eta, zehazki, Internet nola erabiltzen duten. Izan ere, herrialde aberatsenetako nerabeen aisian Internetek funtsezko papera betetzen du, hainbat orduz konektatuta izaten baitira. OBeheko grafikoetan ikusten den moduan, Estatuan zein ELGA osatzen duten herrialdeetan, batez beste, nerabe gehienak 2 ordu baino gehiagoz konektatzen dira egunero. Azpimarratzekoa da sei ordu baino gehiagoz konektatzen diren ikasle gazteen kopurua.

Estatuko eta beste herrialdeetako gazteen erabilera alderatzerakoan, konexioa lau ordutik beherakoa denean Espainiako gazteak gutxiago konektatzen dira. Ostera, lau ordutik gorako konexioetan, batez beste, espainiar gazteak gehiago konektatzen dira, % 40 eta % 32, hurrenez hurren.

Aipatu txostenaren arabera, mutilek konektatzeko joera handiagoa dute bai astean zehar bai asteburuetan. Estatuan, adibidez, asteburuetan mutilek, batez beste, 206 minutuz konektatzen dira. ELGAko batez bestekoa 186 minutukoa da. Nesken kasuan, estatuan 203 minutuz konektatzen dira eta ELGA mailan, 182 minutuz. PISA txostenak gazteek egiten duten erabilera ere aztertu du. Horrela, gaitasun ekonomiko altuagoa duten nerabeek online bideo-jokoetan ematen dute denbora gehien. Gaiatasun ekonomiko apalagoa dutenek, aldiz, txateatzen.

Garbi dago, beraz, Internet ezinbestekoa dela gaur egungo nerabeentzat. Horrela adierazten dute gainera estatuko zein ELGAko nerabeek. Espainiaren kasuan, ikasleen bi herenek konexiorik gabe oso gaizki pasatzen dutela adierazten dute. ELGAko nerabeen kasuan, berriz, % 54k. Paradoxikoki, gehien konektatzen diren nerabeek bizitzarekiko asebetetze-maila baxuagoa azaltzen dute.

Hori guztia aztertuta, galdera einbestekoa da: ba al da harreman zuzena Interneten erabileraren eta emaitza akademikoen artean? PISA txostenak azaltzen duenez, bai.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE