Unibertsitateko Prestakuntza Duala ziurtatzeko sistema

Unibasq-ek Euskal Unibertsitate Sistemaren Jardueraren Behatokia aurkeztu du

Pasa den azaroaren 27an euskal unibertsitatearen esparruan eragin handia izango duten bi berrikuntza esanguratsu aurkeztu ziren. Alde batetik, Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek aipamen duala duten titulazioen inguruko azken berritasunak ezagutzera eman zituen, eta horien barruan, nagusiki, Unibertsitateko Prestakuntza Duala ziurtatzeko sistema berria azpimarratu behar da. Bestalde, Unibasqeko zuzendari Eva Ferreirak Euskal Unibertsitate Sistemaren Jardueraren Behatokia (Unibasq Behatokia) aurkeztu zuen. Horrela, euskal unibertsitate-eskaintzari buruzko informazio garrantzitsu osoa observatorio.unibasq.eus web plataforman bilduko da.

Etorkizuneko unibertsitate-irakaskuntza dualei dagokienez, Unibasq bera izango da prestakuntza dual hori bermatzeko sistema kudeatuko duena. Une honetan, estatu osoan ez da halako zerbitzurik eskaintzen duen beste erakunderik. Sistema horrek unibertsitate-zentro baten titulazioak prestakuntza dualaren aintzatespena lortzeko bete behar dituen irizpideak zehazten ditu. Horrelako graduetan, estu-estu lotuta daude prestakuntza akademikoa eta ingurune sozial eta produktiboarekiko harremanak, eta horretarako, unibertsitateak kanpoko erakundeekin lankidetzan jardun beharko du, horiek ere ikasketa-plana taxutzeko lanetan nahiz praktikak egiteko baimenetan eta ikasleen finantzaketan parte har dezaten. Horrela, graduen kasuan, gutxienez titulazioaren % 25 era dualean egin beharko da, eta gutxienez % 40 masterren kasuan. Gradu edo master amaierako lanetan, nahitaezko baldintza izango da kanpoko erakunde baten lankidetzarekin egitea.

Unibertsitateentzat, prestakuntza dualaren aintzatespen hau jaso dezaketen titulazioak aurkezteko deialdia hil honetan bertan amaituko da eta lehen akreditazioak datorren urtearen hasieran ezagutzera emango dira. Behin aintzatespen hori jasota, titulazio horren berri eman ahal izango da datorren ikasturtearen aurretiko izen-ematea hasi baino lehen.

Bestalde, Euskal Unibertsitate Sistemaren Jardueraren Behatoki berria ere aurkeztu da. Horri esker, klik bakar batean, tresna digital berri honek Euskadiko unibertsitate-zentro publiko nahiz pribatuek eskaintzen dituzten gradu, master eta doktorego guztiei buruzko datu orokorrak eta xehatuak eskuratzeko aukera emango du, beste hainbat adierazleren artean. Informazio hori guztia hiru atal nagusitan banatuta dago. Lehen atal batean datu orokor guztiak aurki daitezke, halaber, titulu, gradu, doktorego nahiz jakintza-arloen kopuruak, giza-baliabideei buruzkoak, ikasleen ingurukoak…

Bigarren atal batean, datu guztiak unibertsitateen arabera sailkatuta kontsulta daitezke, hots, UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko zentroek eskaintzen dituzten jakintza-arloetako titulu guztiak.

Azkenik, plataformaren hirugarren atalean informazio zehatzagoa aurki daiteke Euskadin eskaintzen diren 353 unibertsitate-tituluei buruz, graduak, doktoregoak eta masterrak barne hartuta. Horretarako, adierazle zehatzak eta interesgarriak txertatu dira erreferentziazko tituluen inguruan; adibidez, giza-baliabideak, ikasleen gogobetetze-maila, ikasgaien hizkuntza, ikasketaren emaitzak edota lekuen gaineko eskaintza eta eskaria, besteak beste. Gerora begira, lan-munduratzeari buruzko datuak ere bilduko dira, baina horiek ikasketak amaitu eta hiru urtera jasotzen direnez gero, Bolonia planari atxikitako lehenengo promozioen gaineko datu-bilketa egin ahala sartuz joango dira.

Unibasq Behatokian unibertsitateen erreferentziazko nazioarteko sailkapenetarako estekak ere aurki daitezke. Horrekin batera, sailkapen horien gaineko interpretazioa argitzen duen txosten bat landu da, euskal unibertsitate-zentroei buruzko datu erabilgarriak nazioarteko testuinguruan kokatu ahal izateko.

Behatoki hau datuak etengabe sartuz eta eguneratuz joango da, txosten eta adierazle berriek baliozko informazio interesgarria ematen duten heinean. Horrela, euskal unibertsitate-sistema osoan zehar erraztasunez nabigatzea ahalbidetuko duen atari hau tresna dinamiko eta erabilgarria izango da.

Unibasq bigarren hezkuntzako ikastetxeetara gerturatuko da ondorengo hilabeteetan Unibertsitate Jardueraren Behatokia aurkezteko, eta horrela, ikasleek eta orientatzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte plataforma eta unibertsitateko jarduera ebaluatzeko sistemak.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE