Haurrek eta nerabeek Internet nola erabiltzen duten aztertu du EHUko EU Kids Online taldeak

0
68

Ikerketaren ondorioak “Entre selfies y whatsapps” izenburua duen liburuan bildu dituzte

UPV/EHUko EU Kids Online taldea osatzen duten Estefanía Jiménezek, Maialen Garmendiak eta Miguel Ángel Casadok Europan zein Latinoamerikan bizi diren haurrek eta nerabeek Internet nola erabiltzen duten aztertzen duen lana koordinatu dute. Lan horren nondik norakoak eta ondorioak liburu batean bildu dituzte. Aipatu ikerlana Europako eta Latinoamerikako zenbait unibertsitaterekin aritu dira elkarlanean EU Kids Online taldeko kideak.

Ikerlanak agerian uzten du haur eta nerabeen eta baliabide digitalen artean dagoen harremana. Internetek hainbat aukera zabaltzen dizkie gazteei, baina, aldi berean, erabilera ez-zuzen batek arazoak eta egoera arriskutsuak ere ekar diezazkieke. Horregatik, txostenaren egileek azpimarratu dutenez “beharrezkoa da arriskuen prebentzioan lan egitea eta haurrek internauta zorrotz eta kontzientearen rola hartzea, autonomiaz eta segurtasunez aritu daitezen”.

“Entre selfies y whatsapps” izenburua duen liburua hamazazpi kapitulutan banatuta dago. Kapitulu bakoitzak alderdi zehatz bat du ardatz: ziberbullyinga, sextinga, ezezagunekiko harremana, gehiegizko erabilera, genero ikuspegia, Interneten kudeaketa eskolan eta familien bitartekaritza lana.

UPV/EHUko Honoris Causa doktore eta EU Kids Online taldeko Europako Sareko ikertzaile nagusi Sonia Livingston liburuaren aurkezpen ekitaldian izan da UPV/EHUko Kazetaritzako katedradun eta kapitulu bateko egilekide Carmelo Garitaonandiarekin batera. Garitaonaindiak nabarmendu du oso garrantzitsua dela haurren eta nerabeen online bizitza aztertzeko ikuspegi global bat izatea: “Ez da batere erraza Latinoamerikako herrialde guztietako datu fidagarri eta serioak lortzea; alabaina, argi egiaztatu daitezke estatus sozioekonomiko altuko eta baxuko etxeen arteko konexioen aldeak, bai eta hiri eta landa eremuen artekoak ere, garapen ekonomiko azkarra eta desberdinkeria sakonen sorrera bizi izan duten herrialdeetan. Brasilen, adibidez, diru sarrera handienak dituzten biztanleak ia etengabe daude konektatuta, eta diru sarrera txikienak dituztenak, berriz, ez dira horren laurdenera ere iristen. Eta Kolonbian, hiri eta landa eremuetako etxeen arteko konexio aldea 6tik 1erakoa da”.

Hausnarketa batzuk
Espainian, haurrek 8 urterekin izan ohi dute beren lehen sakelako telefonoa. Duela sei urte 10 urterekin izaten zuten lehen aldiz Internet, eta 11 urterekin izaten zuten beren lehen sakelakoa. Haurrak gero eta lehenago hasten badira ere Internet, telefonoak, tabletak eta ordenagailuak erabiltzen, erabilera horiek eragindako arriskuak ez dira neurri berean areagotu. Hala ere, 9tik 16 urtera arteko erabiltzaileen arteko bullying intzidentzia bikoiztu egin da hamarkada bat baino gutxiagoan: 2010ean % 15ek aitortu zuten bullyinga jasan izan zutela, edozein aldaeratan, ziberbullyinga barne, eta liburuan jasotako ikerketa aurkikuntzen arabera, datu hau % 31ekoa da orain. Halaber, sexu mezuak jaso dituzten adingabeen ehunekoak izugarri egin du gora azken urteotan: hiru adingabetik ia batek baietz erantzuten dio galdera horri.

Haurrentzat eta nerabeentzat detektatu diren arriskuen artean, sexu mezuak eta ziberbulllyinga agertzen dira. Azken kasu honetan, irakasleen eta ikasleen esku hartzea funtsezkoa da ziberjazarpena detektatzeko eta horri aurre egiteko. Ciberprogram 2.0 edo Asegúrate programak estrategia erabilgarriak dira ziberjazarpena prebenitzeko, bullying tradizionaleko kasuetan (aurrez aurreko bullyinga) erabiltzen diren ohiko protokoloekin batera, online baino maizago gertatzen baita oraindik ere. Sexu mezuei dagokienez, 11 eta 16 urte arteko gazte espainiar gehienek (% 94,5) uste dute sextinga praktika arriskutsua dela, % 44,7k aitortu dute joko erotiko eta/edo sexualaren parte dela eta lautik batek (emakumeen % 19,5 eta gizonen % 31,4) uste dute bikote harremanak hobetzen dituela.

Nahiz eta Osasunaren Mundu Erakundeak ez duen Internetarekiko adikzioa maila klinikoan aitortzen, badaude mendekotasunen ohiko sintomak dituzten gazteak. Nolanahi ere, ez dira nahastu behar sareen maizko edo gehiegizko erabilera eta erabilera problematikoa; izan ere, azken hori Internetek pertsona bakoitzaren egunerokoan eragin dezakeen interferentzia mailaren araberakoa da.

Arriskuak existitzen dira, bai, baina horiei buruzko kontzientziazioa areagotu egin da gurasoen eta adingabeen artean. Interneten eta gailu mugikorren erabilera maiztasuna eta, ondorioz, arriskua ere areagotu badira ere, Interneten arriskuak hartu ondoren kalteak jasan dituztenen proportzioa txikiagoa da. Hala ere, beharrezkoa da adingabeei baliabideak ematea ingurune digitalak eskaintzen dituen aukerak ahalik eta gehiena aprobetxatzeko eta arrisku horiek murrizteko.

Haurrak gero eta lehenago hasten direnez Interneten sartzen, gurasoek aukera dute beren seme-alabek sakelakoak, tabletak eta Internet nola erabiltzen dituzten gainbegiratzeko eta erabiltzen laguntzeko. Hala eta guztiz ere, telefonoarekiko duten atxikimenduak eta pribatutasun nahiak zaildu egiten dute gurasoek bitartekari gisa jardutea, bereziki haurren pribatutasuna errespetatzen dutenean eta haien konfiantza baloratzen dutenean.

Hezkuntza digitalean eskolak rol aktiboa izan behar du. Azpiegituretan eta ekipoetan inbertituz, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKT) ematen dituzten aukerak aprobetxatu daitezke, baina hori ez da nahikoa izango irakasleek ez badute rol aktiboago bat hartzen eta ohiko metodo pedagogikoak berrikusten. Adingabeen hezkuntzaren erantzukizun hori gurasoena eta gizarte osoarena ere bada.

“Entre selfies y whatsapps” liburuak Latinoamerikako egoerari ere heltzen dio. Han, alde nabarmenak hauteman dira Internetera sartzeko gaitasunean, herrialde ezberdinetako gazteen artean. Uruguain eta Txilen Internet erabiltzeko aukera gehiago daude, etxeak konektatuago daude, eta ordenagailu bakoitzeko ikasle ratio hobea dute. Internetera konektatutako ehunekoari dagokionez ere, lehenengo postuan daude Costa Ricarekin batera. Herrialde guztietan esanguratsuak dira hiri eremuen eta landa eremuen arteko konexio diferentziak, baita estatus sozioekonomiko altu eta baxuaren artekoa ere.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here