Harrobiko kirol taldeen artean euskararen erabilera normalizatzeko kanpaina

0
36

Euskara kirol-zelaietara zabaltzeko Bilboko Udala elkarlanean arituko da hiriko kirol elkarteekin

Bilboko Udalak harrobiko kirolean euskararen erabilera normalizatzeko sentsibilizazio-kanpaina berri bat sustatu du. Kanpainaren xedea gizarte eta hezkuntza arloko eta kiroletako jardueretan euskararen erabilera bultzatzea da eta jarraipena ematen dio duela 10 urtetik hona ikastetxeetan, udaltegietan eta kirol instalazioetan gazteentzat egiten diren tailer eta hitzaldiei. Kanpainaren xedea da umeek eta gazteek kirola egiten dutenean euskaraz komunikatzea, elkar eragitea, ikastea eta ondo pasatzea. Horrez gain, kirolari eta euskarari lotuta dauden balioak bultzatu eta zabaldu nahi dira, hala nola, nortasuna, osasuna, ahalegina, adiskidetasuna eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna. Helburu horiek guztiak Bilborako kirol estrategian eta 2015-2019 aldirako Udalaren Gobernu Planan zehaztutako helburuekin bat egiten dute.

Kanpainak bi zutabe nagusi izango ditu. Lehenengoan, zuzeneko emanaldiak eskainiko dira euskaraz aurrenekoz harrobiko kirol partidetara doazenentzat. Horretarako, saskibaloiko, errugbiko, eskubaloiko eta futboleko lau klubekin hasiko dira elkarlanean (Begoñazpiko saskibaloi-taldea, Universitario Rugby Bilbao taldea, San Adrianeko eskubaloi-taldea eta Deustuko futbol elkartea) eta, etorkizunera begira, modalitate gehiagoko klub gehiagotara zabaltzea espero da. Alderdi hau osatzeko, zuzeneko elkarrizketak egingo zaizkie euskaraz talde horietako teknikariei, jokalariei, familiei eta zaleei.

Bigarrenean, berriz, kirol elkarteekin bilerak antolatuko dira euskara kirol klubetara eta zelaietara zabaltzeko garrantziaz ohartarazteko.

Ekintza horietaz guztiez gain, Euskal Coaching izeneko 15 tailer antolatuko dira. Tailer horien xedea gaztetxoenen artean euskararen erabilera sustatzea da euren aisialdiko jarduera nagusietan, batez ere, kirolaren eta teknologia berrien esparruan. Gainera, 10 eta 18 urte bitarteko kirolari gazteentzako eta euren senide eta entrenatzaileentzako hitzaldiak ere antolatuko dira. Guztira bost izan dira prestatu diren hitzaldiak, horietako bakoitza kirol batean zentratuko delarik: futbola, saskibaloia, eskubaloia, txirrindularitza, esku-pilota eta herri kirolak.

Emanaldiak eta topaketak zein tailerrak eta hitzaldiak kirol eta enpresa arloko elkarteetan euskararen eta kalitatearen alde diharduen eta Koikili Lertxundi Athleticeko jokalari ohiak kudeatzen duen Eusport enpresak emango ditu.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here