EAEko eskola-uzte tasak Estatuko baxuena izaten jarraitzen du

0
17

EAE eskola-uzte tasa % 7koa da eta Estatuko batez bestekoa, berriz, % 18,3koa. Europak 2020an eskola uzte-tasa % 10etik beherakoa izatea nahi du.

Euskal Autonomia Erkidegoa (% 7) eta Kantabria dira (% 8,9) Europar Batasunean den batez besteko eskola-uzte tasaren azpitik (%10,7) dauden Estatuko autonomia-erkidego bakarrak. Estatu-mailan eskola-uzte tasa arinki hobetu bada ere (- % 0,7), oso maila altuan jarraitzen du (% 18,3) eta nekez lortuko du 2020rako Europar Batasunak zehaztu duen % 10eko langatik jaistea. Andaluzia, Valentzia eta Melilla dira, zentzu horretan, tasarik altuenak dituzten autonomia-erkidegoak. Tasa egokiak dituzten beste autonomia-erkidegoak honako hauek lirateke: Nafarroa, Errioxa, Madril, Asturias, Galizia, Aragoi, Gaztela Leon, Katalunia eta Kanariar Uharteak.

Azken datuak 2016. urtekoak dira. Eskola-uzte tasa kalkulatzeko Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboaren Inkesta eta Eurostaten Labour Force Survey txostenak erabiltzen dira. Horretarako, 18 eta 24 urte bitarteko biztanleriaren datuak erabiltzen dira eta, horien barne, aipatu adin tarte horretako biztanleriaren zein ehunekok amaitu duen derrigorrezko hezkuntza aztertzen da.

Gure artean datua oso positiboa bada ere (Europak ezarritako helburuak betetzen ditu euskal hezkuntza-sistemak), Estatuan den eskola-uzte goiztiarraren arazoak kezka handia sortzen du Europan. Izan ere, eskola-uzte tasa handia ez ezik, Espainiak ez ikasten ez lanean diren gazteen sailkapenean ere oso emaitza kaxkarrak lortzen ditu. Pasa den urtean Europar Batasunak ezagutzera eman zituen datuen arabera, hezkuntza- eta trebakuntza-adierazleek oso errealitate kezkagarria azaltzen dute. Etorkizunera begira, aipatu adierazleetan hobekuntzarik ematen ez bada, gazteen artean pobrezia eta esklusio arriskua nabarmen haziko dela aurreikusten dute europar arduradunek. Horregatik, Europatik funtsezkoa jotzen dute hezkuntza-sistematik atera diren gazte horiek guztiak berreskuratzeko politikak garatzea.

• Eskola-porrota: eskola-uzte goiztiarra hezkuntza-sistema batek izan dezakeen arazorik handienetako bat da. Eskola-uzte goiztiarrak harreman zuzena du eskola-porrotarekin. Izan ere, errendimendua baxuagoa izaten den tokietan eskola-uzte tasa handiagoa izaten da. Eskola uztean hainbat arrazoiek eragiten dute: ikasleriaren ezaugarriak, motibazioa, familiaren egoera ekonomikoa, ikaskuntzarako baldintzak, orientabide falta…

• Eskola-uzte tasa goiztiarra altuagoa da mutilen artean: jasotako azken datuen arabera, eskola-uzte tasa handiagoa da mutilen (% 22,7) artean nesken (% 15,1) artean baino.

• Eskola-porrota handiagoa izaten da ikasle etorkinen artean: Ikasle etorkinen % 30 inguruk eskola-porrota izaten du. Ikasle horiek izaten dituzten baldintza pertsonalak (nagusiki ekonomikoak eta familiarrak) direla eta, bestelako gerturatze bat behar izaten dute. Aniztasunak arreta berezia behar izaten du.

• Orientabide egoki baten beharra: Ikasle askok ez dute garbi zertarako ikasi behar duten. Sarritan gazteek epe motzean oinarrituta hartzen dituzte erabakiak eta ez dute garbi hezkuntza egoki batek euren etorkizun laboralean izan dezakeen eragin positiboa.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here