Ghetto-eskolak: segregazioak baliabide gutxiago dituzten ikasleen aukerak mugatzen ditu

0
42

Save the Childrenek landu duen txosten baten arabera Estatuko segregazio-indizea oso altua da. EAEn ere datua kezkagarria da

Save the Children GKEak “Nahastu nirekin. Segregazio sozioekonomikotik hezkuntza inklusibora” txostenaren emaitzak aurkeztu berri ditu Bilbon. Txostenaren arabera, Estatuko zein EAEko hezkuntza sistemen arazo larrienetako bat segregazio sozio-ekonomikoarena da. Izan ere, txostenean azpimarratzen denez, inklusiboak ez diren hezkuntza-sistemen haurren garapen aukerak mugatzen dituzte. Hezkuntza-sistema aurreratuenak dituzten herrialdeetan, kalitatearen aldeko apustua ez ezik, berdintasunaren aldeko apustua ere egiten dute.

Estatuaren kasuan, segregazio-indizeak % 13,4an egin du gora azken 10 urteetan. Une honetan, Espainia da Europa mailan segregazio-tasarik altuena duen seigarren herrialdea. Azken urteetan izan den hazkunde hori dela eta, ghetto-eskolak delakoak sortu dira, hots, egoera sozioekonomiko txarretan bizi diren ikasle kopuru altuak dituzten ikastetxeak.

Gure artean datuak ez dira askoz hobeak. Estatu mailan EAE da eskola-segregazioan indizerik altuena duen laugarren erkidegoa (0,27). Euskadiren aurretik bakarrik Madril, Katalunia eta Errioxa aurkitzen dira.

Save The Childrenen txostenaren arabera, segregazio-tasarik altuenak dituzten ikastetxeak publikoak dira. Ikastetxe horietan pilatzen dira, gehienbat, hizkuntza-arazoak dituzten ikasleak eta behar bereziak dituzte ikasleak. Gainera, ikastetxe horietan eskolaz kanpoko jardueren eskaintza urriagoa izaten da. Egoera horretan, sarritan ikastetxe horietako irakaslerik onenek alde egiteko joera izaten dute.

Save The Children ustez estatuaren eta erakunde publikoen ardura da hezkuntza inklusiboa bermatzea. Modu horretan bakarrik berma daiteke baldintza sozioekonomiko kaxkarrenetan bizi diren ikasleak atzean ez geratzea. Txostenaren arabera, hezkuntza inklusiboago batekin errepikapenen eta eskola-uzte goiztiarraren arazoak arinduko lirateke.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here