Eskola-jazarpen kasuek behera egin dute Euskadin

2016-17 ikasturtean 443 kasu aztertu ziren eta horietatik, 86 eskola-jazarpen kasu bezala onartu dira

Eskola-jazarpenak edo bullyingak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoko ikasgeletan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ikuskaritza-zerbitzuak egin duen ikerketa baten arabera, pasa den ikasturtean (2016-2017) 86 eskola-jazarpen eman ziren Euskadiko ikastetxeetan, ikuskaritza berak aztertu zituen 443 kasuen % 19,41.

Aurreko ikasturteko datuekin alderatuta, hots, 2015-2016 ikasturtekoekin, alegia, beherakada nabarmena da. Izan ere, ikasturte horretan 121 eskola-jazarpen kasu kontabilizatu ziren (aztertu ziren kasu guztien % 24,85).

Aintzat hartu diren kasu horietatik guztietatik jazarpen kasu gehienak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eman dira. Izan ere, 86 kasu horietatik 57 aipatu zikloan eman dira, hots, kasu guztien % 66. Beste kasu guztiak (29) Lehen Hezkuntzako azken urtean eman dira.

Kasu horiek euren tipologiaren arabera aztertzen badira, honako hauek izango lirateke jazarpen mota nagusiak: gizarte-marjinazioa eta bazterketa (% 48,8); hitzezko erasoak (% 20,9); eraso fisiko zuzenak (% 13,9); larderiak, xantaiak edo mehatxuak (% 8,1); sexu-jazarpenak (% 3,4) eta bestelako tipologiak (% 4,6).

Kasu guztien % 20 Interneten, sare sozialen edo bestelako medio zibernetikoen bidez eman da. Beraz, ziberjazarpenak garrantzitsua izaten jarraitzen du konfirmatu diren eskola-jazarpen kasuen artean.

Aipatu datu horiek guztiak maiatzaren 18an aurkeztu zituen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek. Uriarterekin batera, Hezkuntza ikuskaritza-zerbitzuko ikuskari nagusi José Ángel Ayucar eta Durangoko Berritzeguneko aholkulari Aitor Albizu izan ziren. Azken honek eskola-jazarpenaren kontrako Bizikasi ekimenaren garapenean egin du lan.

Konfirmatutako 86 kasuetatik 32 jazarlearen barkamen eskaerarekin eta biktimaren onarpenarekin konpondu ziren. 23 kasu ikastetxeetan bertan konpondu ziren eta beste 19 kasutan segimendu berezia egiten ari da ikasturte honetan bertan. Azken 12 kasutan segimendu ‘ahulago’ bat egiten ari da.

Protokoloa
Jazarpen kasu bat hautematen denean, hori konpondu ahal izateko biktimari eta horren familiari egoera hori gainditzeko baliabideak eskaintzen zaizkie. Era berean, jazarlearekin ere lan egiten da. Zenbait kasutan, jazarlea edo biktima gelaz aldatzen da eta, arraroki, ikastetxe aldaketa bat ematen da.

Hezkuntza-ikuskatzaileen ardura da datuak biltzea eta horiek guztiak aztertzea. Era berean, hauteman diren kasuen segimendua egiten dute, eskola-jazarpen kasua eman den ikastetxeari ere laguntza eskainiz. Protokoloak susmoa dagoen momentuan aktibatzen dira, baina posible da susmo hori benetako jazarpen kasua ez izatea. Izan ere, ikastetxeak edo ikuskaritzak kasu bat aztertu ondoren jazarpen kasu bat ez dela erabaki ahal badute ere, zenbait egoerek ikasleen sufrimendua eragin dezakete. Horretarako, eta ikasturtean zehar, zaintza neurriak edo tutoretza saioak ezartzen dira gatazka hori eragin duten gaiak jorratzeko.

Aintzat hartu diren 86 kasu horiei modu ezberdinetan ekin zaie. Horietako batzuetan jazarleei zuzendutako jokabide aldaketarako prozedurak jarri ziren abian. Prozedura horiek ikasleentzako neurri hezitzaileak izaten dira kasu gehienetan, baina beste zenbait kasutan diziplinazko neurriak hartzen dira bizikidetza bermatzeko.

Esan bezala, arraroki, ikasleren batek ikastetxea aldatu behar du. Ohikoagoa da gelaz aldatzea. Normalean, familiek eskatze dute jazarlea izatea ikastetxez edo gelaz aldatu behar duena. Hala ere, zenbait kasutan eta kasuaren arabera, Hezkuntza ikuskaritza-zerbitzuko ikuskari nagusi José Ángel Ayucarek azaldu duenez egokiagoa ikusten da biktima izatea aldaketa hori egin behar duena.

Ekintzak beti hiru esparrutan ematen dira. Nagusiki biktimaren tratamendua egiten da, bere nortasuna eratzen ari den pertsona bat da, hazten ari da eta, horregatik, babesa eman behar zaio, seguruenik, biktima izan delako bere adineko ikaskideek dituzten baliabideak ez dituelako. Hori da jazarleen helburu bilakatzeko arrazoi nagusia. Jazarpena emateko, gainera, jazarlea eta biktima ez ezik, ikusleak ere beharrezkoak dira. Ikusleen oniritzirik gabe jazarleak ez luke jazarpenik egingo. Horregatik, taldekako tutoretzak egiten dira.

Bizikasi: eskola-jazarpenaren kontrako ekimena

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeak bizikidetza positiborako eta indarkeriarik gabeko gune bilakatu nahi ditu. Horretarako, ikasturte honetan bertan, Bizikasi izeneko ekimena jarri du abian. Ekimenak ikasleriaren eta hezkuntza-komunitatearen konpromisoa bilatzen du.

Bizikasi jazarpen-egoerak prebenitzeko sortu da eta, jazarpen-egoera horiek ematen diren kasuetan, jazarpen hori pairatzen duten ikasleekin, jazarpen horren lekuko direnekin eta jazarleekin modu egokian esku hartzeko. Izan ere, eskola-jazarpena ikasle gazteen eta nerabeen artean ematen da eta horrelako egoera zaila pairatzen dutenek laguntza behar izaten dute. Jazarlearen kasuan, gainera, beharrezkoa da jarrera horiek zuzentzeko esku hartzea.

Bizikasiren xedea da ikasgela -eta ikaskideak- jokabideen arautzaile bilakatzea. Horretarako beharrezkoa da ikaslea ahalduntzea, gai hori jorratzen duten eduki egokiak landuz eta ikasleengan enpatia, asertibotasuna, ardura sentimendua edo dilema moral baten aurrean jarrera etiko bat hartzeko gaitasuna bezalako gaitasunak garatuz. Horrela, norbanakoaren eta ikasgelaren konpromisoaren eta horien parte-hartze aktiboaren bidez jazarpen kasuekin amaitu nahi da.

2017-2018 ikasturtean zehar Bizikasik beharrezkoak dituen talde dinamizatzaileak eratu dira Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietan. Talde dinamizatzaile horietako bakoitzak lau kide ditu.

Era berean, ekimen horren barruan -talde dinamizatzaileak osatzen dituzten kideez gain- jada Berritzeguneetako 320 aholkularik eta 80 ikuskatzailek beharrezkoa den prestakuntza jaso dute eta irakasleriaren prestakuntzan lanean jarraitzen da.

Orain arte, ikasturte honetan ikastetxe bakoitzeko talde dinamizatzaileetako ardura duten 800 irakasle inguruk jaso dute prestakuntza hori. Ikasturtea amaitu baino lehen 200 irakasle gehiago izatea aurreikusten da.

Prestakuntza horrekin batera, beste irakasle guztiak ere trebatzen hasiak dira. 2018-2019 ikasturtea amaitzen denerako sare publikoan lan egiten duten irakasle guztiak prest egotea espero da.

Zeuk esan telefonoa
Bestalde, jazarpenaren arazoari aurre egiteko Euskadin bada beste tresna garrantzitsu bat. Duela zortzi urte inguru haurrentzako eta nerabeentzako arreta-telefonoa jarri zen martxan; Zeuk esan izenarekin ezagutzen dena, hain zuzen ere. Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko 116 111 zenbakira deitu behar da. Zerbitzua Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen du eta bertan, psikologian aditu diren profesionalek arazoak dituzten nerabeei laguntza eskaintzen diete.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE