Ikasenplegu, Lanbide Heziketako profil profesionaletan espezializatutako lan poltsa

0
772

Ikaslan Bizkaiak abian jarri duen zerbitzua da Ikasenplegu eta ikasleen eta Lanbide Heziketako zikloetan titulatutako pertsonen lan-txertaketa sustatzea du helburu

Ikaslan Bizkaiak lanak eskaintzen dituzten enpresen eta lan munduan txertatzea edo euren ibilbide profesionala hobetu edo birbideratzea bilatzen duten profesional espezializatuen lan-poltsa sortu du. Bere izena Ikasenplegu da eta Ikaslan Bizkaiko koordinatzaile Alba Estanyolek azaldu duenez “LHko ikastetxeek oso gertuko harremana daukate euren inguruko enpresa-sarearekin eta lan-eskaintza handia jasotzen dute profil teknikoetarako. Gure helburua da eskaintza horiek eta gure ikasleen curriculumak tresna bakar batean zentralizatzea. Horrela, hautaketa-prozesuak hobetuko dira, profil zehatz eta anitzak eskainiz, eta independentzia eta autonomia emango zaie ikasleei, euren profila kudeatzeko tresna teknologiko baten bidez”.

Lan-poltsa zerbitzua, nagusiki, on-line plataforma batean oinarritzen da eta bereziki gailu mugikorretarako egokituta dago. Zerbitzuan izena ematen duten tituludunek zehaztu ahal izango dituzte, inprimaki baten bidez, bai euren gaitasun teknikoa eta baita bere ogibidearekin loturiko zeharkako trebetasun eta gaitasunak ere. “Ikasleek ez dituzte soilik dagokien heziketa-zikloko ezagutza tekniko zehatzak eskuratzen, hainbat esparrutako gaitasunak garatuz trebatu eta hazi egiten dira profesional gisa, hala nola, komunikazioa, talde-lana, proaktibotasuna, erantzukizuna… Gaitasun horiekk geroz eta era biziagoan lantzen eta balioan ipintzen dira Lanbide Heziketako zikloetan”. Horren eredu argia dira euskal Lanbide Heziketak eskainitako proposamen eta prestakuntza ereduak Lanbide Heziketa Duala Ikas-ekinezko Erregimenean edo Errendimendu Altuko Ethazi Heziketa Zikloak, erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza antolatzen duen metodologia disruptiboa.

Ezarpenaren lehen fasea ikasleen eta tituludunen gaitasun profesionalak jasotzean oinarritzen da. Pertsona horiek, Facebook, Linkedin edo Google gisako sare sozialetan dauzkaten kontuen bidez, Ikasenpleguren atarira sartu ahal izango dira, eta euren on-line curriculuma sortu ahal izango dute galdetegi sinple batzuen bidez. Datu pertsonalak, lan-esperientzia, prestakuntza akademikoa, hizkuntzak eta bestelako heziketa osagarriak jasotzen dira bertan. “Laster ipiniko dugu eskuragarri enpresek lan-eskaintzak zuzenean eskegitzeko atala, bertan ikusi eta baloratu ahal izateko profil hoberenak bete behar dituzten postuetarako”. Gaur egun, fase hori lan-bitartekaritzako profesionalek kudeatzen dute eta, behin alderdi teknologiko osoa garatutakoan, orientazioa eta laguntza ematen jarraituko dute bai enpresei eta baita aktiboki lan-bila dabiltzan pertsonei ere.

Lanbide Heziketako heziketa zikloetako tituludunen lan-txertaketaren azken datuek heziketa-ibilbide honen enplegagarritasun aparta erakusten dute (Confebaskeko zuzendari nagusiak azaldu duenez, batez besteko tasa % 70aren inguruan dago, % 90 baino gehiago ziklo industrialen kasuan). Hala ere, Ikaslan Bizkaiako koordinatzaileak azpimarratu egiten du lanean jarraitzeko beharra, errealitate honek hala jarrai dezan ”edo hobetu dadin; ezin dugu ahaztu, lan-txertaketa horren handia ez den ingurune edo esparru profesional horietan, eskuragarri egin behar dizkiegula enpresei profesional trebatuak bilatu eta aurkitzeko guneak, eta gure ikasleei ikusgarritasuna eta tresnak eman behar dizkiegula, ez soilik beharra topatzeko, garrantzitsua bada ere, baita euren ibilbide profesionalaren garapenean aurrera egiteko ere.

Zerbitzu hau Lanbide Heziketako profil teknikoetan espezializatuta badago ere (izan Oinarrizko LH, erdi maila edo goi mailakoa) zabalik dago enplegu bila dagoen edo bere ibilbide profesionala birbideratu nahian dabilen edozein pertsonarentzat.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here