LHko ekintzailetzaren eta enpresa sorkuntzaren aldeko apustua

0
1458
Juan Pedro Badiola, Euskadi eta Cantabriako CaixaBank-eko lurralde zuzendaria (eskuinean) eta Jorge Arevalo, Lanbide Heziketako sailburuordea, hitzarmena sinatu duten unean. Iturria: Irekia

la Caixa Gizarte Ekintzak eta Euskadiko Lanbide Heziketak ekintzailetza sustatzen duen lankidetza-hitzarmena berritu dute

Azken hamahiru urtetan, eta Urratsbat programari esker, Lanbide Heziketako ikasleek 738 enpresa sortu dituzte. Horietatik, % 70 inguru oraindik jardunean jarraitzen dute. Lanbide-heziketa esparruan ematen diren ekintzailetza-egitasmoak sustatzeko, duela bi urte la Caixa Gizarte Ekintzak eta Euskadiko Lanbide Heziketak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten eta lankidetza horren arrakasta ikusirik, beste urtebetez luzatu berri dute. Horrela, la Caixak Urratsbat programaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxeetan 2017-2018 ikasturtean ikasleek sortutako enpresei finantzaketa eskaintzen jarraituko die. Guztira 114.000 euro bideratuko dira horrelako proiektuen finantzaketara. Horrez gain, kopuru horren zati bat ekintzaile-kultura sustatzeko eta Urratsbat programari zabalkundea emateko ekintzetara ere bideratuko da.

Finantzaketa ez ezik, hitzarmenak 52 beken eskaintza ere aurreikusten du. Horiei esker LHko ikasleek Erasmus+ programan praktikak egiteko aukera izango dute.

Urratsbat programa
Urratsbat programa 2004-2005 ikasturtean abian jarri zen, eta hamahiru urteko ibilbidearen ostean, bertan parte hartzen duten ikastetxeek 1.965 ekintzailetza-proiektu tutorizatu dituzte. Proiektu horietatik guztietatik, azkenean, 738 enpresa sortu dira, 87 joan den 2016-2017 ikasturtean. Egun, 13 urte hauetan zehar sortu diren enpresa guztien artetik %70ek jardunean jarraitzen dute.

Aurreko datu horiek azaltzeko gako nagusietako bat, zalantzarik gabe, ekintzaile-kulturaren inguruan ikasleekin egiten den sentsibilizazio lana da. Azken urte hauetan, Urratsbat programaren bidez, Lanbide Heziketako 84.600 ikaslek jaso dute ekintzailetzaren inguruko sentsibilizazioa, horietatik 12.115ek joan zen 2016-2017 ikasturtean. Egun, Euskadiko 64 ikastetxe ari dira Urratsbat programan parte hartzen: 5 Araban, 32 Bizkaian eta 27 Gipuzkoan.

Bestalde, iazko 2016-2017 ikasturtean Ikaslan Elkarteko ikastetxeetako 304 ikaslek Europako hainbat herrialdetan praktikak egin zituzten, Erasmus+ mugikortasun programaren bidez. Polonia, Italia, Bulgaria, Finlandia, Alemania, Irlanda, Erresuma Batua edo Herbereheetara joan ziren, besteak beste, euren prestakuntza osatzera. Era berean, Ikaslan ikastetxeetako 12 irakaslek ere aukera izan dute Europako beste herrialde batzuetan Lanbide Heziketaren garapen-maila bertatik bertara ezagutzeko.

Lanbide Heziketako ikasleen ekimen sortzailea sustatzen duen programa bat da Urratsbat, eta ikastetxeak enpresa-inkubagailu bihurtzen dituena. Horretarako, programan parte hartzen duten ikastetxeek ekintzailearen bulegoa jartzen dute ikasleen eskura, baita bere instalazioak ere, proiektua merkaturatze-fasean dagoenean garatzeko. Lanbide Heziketako ikasleei euren enpresa sortzen laguntzea du helburu nagusia Urratsbat programak.

Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleei nahiz ikasle ohiei zuzendua dago Urratsbat programa, baina baita ikastetxearekin ikastaroen bidez harremana duen beste edozein pertsonari ere.

Urratsbat programan parte hartzen duen ikastetxe bakoitzak programa dinamizatzeko arduradun bat dauka: ”irakasle dinamizatzailea”. Pertsona hori ekimen sortzailea sustatzen duten jarduerak planifikatzeaz eta antolatzeaz arduratzen da, eta baita enpresa-ideia bat aurkezten duen ikasleari prozesu horretan laguntzeaz ere.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.