Munduan diren nerabeen erdia jazarpenaren biktima da

UNICEFek argitaratu berri duen “Una lección diaria: #STOPViolenciaInfantil en las escuelas txostenaren arabera, jazarpenak eta borroka fisikoek 13 eta 15 urte bitarteko 150 milioi neraberen hezkuntzan eragiten dute.

Aipatu txostenean azpimarratzen denez, berdinen arteko indarkeria pentsa daitekeena baino arruntagoa ei da: azken hamabi hilabeteetan jazarpena pairatu edo borroka fisikoren batean parte hartu duten nerabeen kopuruak azaltzen duenez, orokortuta dagoen arazo baten aurrean aurki gintezke. UNICEFek azaltzen duenez, herri txiroetan zein aberatsetan ematen den arazoa da eta modu zuzenean eragiten du ikasleen ikaskuntza prozesuan zein ongizatean.

Zentzu horretan, UNICEFeko zuzendari exekutibo Henrietta H. Forek deituratu duenez, “hezkuntza ezinbestekoa da gizarte baketsuen eraikuntzan, baina, tamalez, mundu osoko milioika haurrentzat eskola ez da toki segurua”. Foreren ustez, “asko dira, egunero, aurrez aurre edo Internet bidez, hainbat eraso pairatzen dituzten gazteak: borroka fisikoak, gaizkile-taldeetan sartzeko presioak, larderiak, diziplina modu biolentoak, sexu-jazarpena edo indarkeria armatua”. Horrek guztiak eragin zuzena du ikasleen  ikaskuntza prozesuan eta, epe luzera, antsietatea, depresioa eta bere buruaz beste egiteko nahia eragin dezake. Forek azpimarratzen duenez, “indarkeria haurrek ikasi beharko ez luketen ikasgai ahaztezina da”.

UNICEFen txostenean jasotako datuen arabera, 13 eta 15 urte bitarteko gazteen erdiak jazarpena pairatu du eta, proportzio berean, borroka fisikoren batean parte hartu duela onartzen du. Era berean, industrializatutako 39 herrialdetako hamar ikasletatik hiruk ikaskideen aldetik jazarpena jasan dutela onartzen dute, eta eskola-adinean diren 720 milioi haur inguru eskolan zigor fisikoa guztiz debekatzen ez duten herrialdetan bizi dira.

Neurrien beharra

Txostenean azaltzen denez, armen erabilera dela eta eratorritako indarkeriaren ondorioz asko dira eskolan hiltzen diren ikasleak. 

UNICEFek eta beste hainbat erakundek neurri urgenteak hartzea proposatzen dute eskoletan izaten den indarkeriarekin amaitzeko. Aipatzen diren neurrien artean, adibidez, honako hauek aipatzen dira: ikasleak babesteko politiken eta legeen ezarpena eta ikastetxeetan prebentziorako eta erantzunak emateko neurriak sendotzea. 

Aldi berean, ikasleak babesteko, indarkeria kasuak salatzeko gonbidapena luzatu diete hiritar guztiei. Izan ere, helburua da egun ikasgeletan eta gizartean indarrean den kultura aldatzea eta, era berean, ikastetxeetan eta horien inguruan izaten diren indarkeria kasuen inguruko informazioa biltzea. 

Txostenean 39 herrialdetako datuak aztertzen dira eta Espainiari dagozkion datuak positibotzat har daitezke. Izan ere, 13 eta 15 urte bitarteko ikasleen artean ikastetxeetan den indarkeria-indizearen sailkapenean Espainia da indizerik txikiena duen hirugarren estatua. 

Hala ere, eskura diren azken datuen arabera (2014. urtekoak, hain zuzen), Espainiako 13 eta 14 urte bitarteko nerabeen % 16,7k eskola-jazarpena pairatu duela azaltzen du, eta heren batek (% 30,4), berriz, azken hamabi hilabeteetan borrokaren bat izan duela onartzen du.

Zeuk esan: 116 111

Euskadin duela zortzi urte jarri zen abian haur eta nerabeei arreta eskaintzeko telefonoa. Zeuk esan: 116 111 telefonoa Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen duen zerbitzua da eta psikologo adituek laguntza eske deitzen duten nerabeei aholkularitza eskaintzen diete. 

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE