Gazteei zuzendutako ikus-entzunezko lehiaketak ireki du aurtengo Beldur Barik programa

Aurtengo edizioaren leloa da ‘Beldur Barik jarrera partekatu’. Modu horretan, sare sozialei erreferentzia eginez, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa zabaldu nahi da

0
70

Pasa den irailaren 24an hasiera eman zitzaion Beldur Barik programaren aurtengo edizioari. Jakina den bezala, Emakundek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiekin eta EUDELekin elkarlanean antolatzen duen programa horren xedea da gazteen artean indarkeria sexista saihestea. Programaren barruan garatzen den jarduera nagusia, seguruenik, ‘Beldur Barik lehiaketa’ dugu. Aurten, aipatu lehiaketaren leloa ‘Beldur Barik jarrera partekatu’ izango da. Izan ere, xedea da sare sozialei erreferentzia eginez, kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa zabaltzea. Programak berak webgune propioa du (www.beldurbarik.eus) eta baita profilak Facebook, Twitter, Instagram eta Spotify sare sozialetan ere.

Aurreko urteetan bezala, lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko nerabe eta gazteei zuzentzen zaie. Lehiaketak Beldur Barik jarrera erabiliz, hots, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa, gazteek desparekotasun egoerei nola egiten dieten aurre erakusten duten adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lanak aurkezteko epa azaroaren 9an amaituko da. Lehiaketa bi atal nagusitan banatzen da. Lehenengoa gazteenei bideratuta dago, hau da, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei. Bigarren atalean, berriz, 18 eta 26 urte bitarteko gazteek parte hartuko lukete.

Lehiaketan parte hartu daiteke bakarka edo taldeka. Iazko edizioan 390 lan eta 2.664 gazte aurkeztu ziren. Azken urteetan aurkeztu diren lanen kopurua aztertzen badira, urtez urte gero eta gazte gehiagok hartzen dutela parte ikus daiteke. Sortutako edukiekin eta interakzioekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira. Helburua da jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferentea sortzea, non kultura matxistarekin hausten duten pertsona eta ekimenak ezagutzera ematen diren.

Beldur Barik jarrera

Beldur Barik lehiaketa ikus-entzunezko lehiaketa bat baino gehiago da; izan ere, lanen kalitatea saritzeaz gain, aurkeztutako lanek Beldur Barik jarrera ere azaldu behar dute. Jarrera hori honako esaldi honen bidez labur liteke: kultura matxistaren zein indarkeria sexistaren adierazpen desberdinak eraldatzeko norbanako zein taldekako konpromisoa. Horrela, aurkeztutako lanen kalitate teknikoa eta artistikoa baino gehiago, horietan islatzen den mezua hartuko da aintzat, hau da, mezuaren kalitatea baloratuko da gehienbat. Nesken kasuan, adibidez, nesken jabekuntzatik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna baloratuko da eta mutilen kasuan, berriz, horiek matxismoaren aurka erakusten duten konpromisoa.

Printzipioz, ikus-entzunezko adierazpen artistiko guztiak onartuko dira. Kategoria bakoitzeko 500 euroko lehen sari eta 300 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri bozketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratzeko 300 euroko saria saria ere. Epaimahaiak kategoria bakoitzeko sariak eta ikus-entzunezko ekoizpen onenaren saria aukeratuko ditu, eta herri bozketaren bitartez parte-hartze saria, berriz, Beldur Barik web gunearen bitartez egingo da.

Beldur Barik programa 2009an sortu zen berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen barruan. Emakunde eta hiru Foru Aldundiak ezezik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, Enplegu eta Gizarte Saileko Gazteria Zuzendaritzaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EiTB taldearen babesa ere du.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.