Aniztasunetik Eraikiz programak diskriminazio egoerei buruzko aurrez aurreko testigantzak eramango ditu ikasgeletara

Emigranteek, LGTBI+ kolektiboko pertsonek, aniztasun funtzionala duten pertsonek edo islamiar erlijioa duten lagunek esperientzia pertsonalak eta diskriminazioarekin lotutako bizipenak partekatuko dituzte gazteekin

0
86

Ikasturte hasierarekin batera, Gipuzkoako hamar ikastetxetan aniztasunaren eta giza eskubideen alde egiten duen ‘Aniztasunetik eraikiz’ programa jarri da abian. Programaren aurkezpen ekitaldian Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok azaldu duenez, programa horren bidez herrialdeko gazteak Gipuzkoan giza eskubideen eta aniztasunaren aldeko agente aktibo bihurtu nahi dira. Olanok berak azaldu duenez, “esperientzia honen azken helburua da ikasleak zuzeneko partaide izanda, aniztasunaz jabetu, sentitu eta konprometitu daitezela, diskriminazioaren aurkako agente aktibo bilakatuz”. Aipatu helburua lortzeko, hamar pertsonen aurrez-aurreko testigantzak eramango dira ikasgeletara. Pertsona horiek hainbat talde edo kolektiboren ordezkari gisa arituko lirateke: emigranteak, LGTBI+, aniztasun funtzionala duten pertsonak edo islamiar erlijio duten lagunak. Pertsona horiek guztiek esperientzia pertsonalak eta diskriminazioarekin lotutako bizipenak partekatuko dituzte gazteekin.

Aniztasunetik Eraikiz programa Bizikidetzarako Foru Planaren barruan aurreikusi diren egitasmoetako bat da. Aipatu foru plana urte honen hasieran aurkeztu zen eta bat egiten du aurten ospatzen den Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 70. urteurrenarekin. Horrez gain, Bizikidetzarako Foru Plana euskal erakunde publiko nagusiek (Eusko Jaurlaritzak, EUDELek, hiriburuetako udalek eta hiru Foru Aldundiek) garatu duten ‘Eskerrak Giza Eskubideei’ programaren barruan ulertu behar da.

”Aniztasunaren eta giza eskubideen gaia eskoletara eramateak garrantzi handia du gaur egun eta etorkizunera begira”, zehaztu du Olanok, zeren ”populismoaren oldarraldi nabarmenaren aurrean”, ”betebeharra” da halako mugimenduei “balio demokratiko eta integratzaileekin erantzutea”. Olanoren nahia da ”programa hau lagungarri izan dadila Gipuzkoan berdintasunaren, giza eskubideen eta demokraziaren aldeko hiritargo jabetu eta aktiboa eraikitzeko”.

Material didaktikoa eta bideo lehiaketa

Aurkezpen ekitaldian azaldutakoaren arabera, programa lurraldeko hamar ikastetxetan ezarriko da lehen fase honetan. Zehazki, Alegia, Anoeta, Azpeitia, Donostia, Elgoibar, Irun, Legazpi, Oñati, Orio eta Urnietako zentro banatan  gauzatuko da programa DBHko 3. eta 4. mailako ikasleekin. Programa egikaritzeko berariazko material didaktikoa prestatu da. Material horretan diren edukiak landu ondoren testigantzen txanda etorriko litzateke. 

“Lehen pertsonan emandako testigantza hauen bitartez ikasleek hitz egin eta partekatu ahal izango dute, lehen eskutik ezagutuz diskriminazioak sortzen dituen egoerak eta askotariko aniztasunekin identifikatzen diren pertsonen indarguneak”, azaldu du Aldundiaren Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Vaquerok. Vaquerok berak nabarmendu duenez, errealitate hauek ezagutzera emateaz gain, ikasleak inplikarazi nahi dira eta haiengandik aniztasuneko elkarbizitzarako proposamenak ere jaso nahi dira”. 

Programaren aurkezpen ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariekin batera, AGIFUGI ijitoen elkarteko kide Isabel Jiménez ere izan da. Jimenezen aburuz, “garrantzitsua da ikasleak jabetzea giza eskubideak ez direla hirugarren batek emandako eskubide bat, baizik eta guztion eskubideak direla berdintasunean jaiotzen garenez gero”. Jimenez, emakume ijitoa, bere bizipenak ikasgeletara eramango dituzten 10 pertsona horietako bat da eta haren ustez, “lan handia dago oraindik egiteko aurreiritziak eta estigmak ezabatu eta elkar aberastuko gaituen elkarbizitza sustatzeko bidean”.

Azkenik, esperientzia honek azken fase bat izango du ikasleak sorkuntzara eramango dituena. Ikasgeletako saioen ostean, jasotako ezagutzarekin eta bizipenekin ikus-entzunezko lan bat osatu beharko dute ikasleek programa honen baitan antolatuko den bideo lehiaketara aurkezteko. Sarien banaketa, Giza Eskubideen Aldarrikapenaren 70. urteurrena ospatuko den egunean bertan egingo da Aldundian; abenduaren 10ean, hain zuzen. Honekin batera, ikasleek euren udalerrian bertan ere aniztasunarekin eta giza eskubideekin lotutako ekintza ala interbentzio bat antolatu beharko dute urte amaieran.

Aniztasunerako Bizikidetzarako foru plana

2018 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats berri handi bat eman du Aniztasunerako Bizikidetzarako foru planarekin, Gipuzkoako aniztasuna balioan jarri eta, aldi berean, era ezberdinetako diskriminazioen aurka jarduteko ekintza plan batekin. Urteak aurrera egin ahala, apustu hau sendotu egin da aukera berdintasuna Gipuzkoan eskubideen mailara jasotzen jarraitzeko. Plan honek gainera, eta bereizgarri bezala, era zabalean ulertzen du aniztasuna, bere baitan hartzen dituelarik era askotako egoerak; etnia, genero-identitate, sexu-orientazio, erlijio edo gaitasun funtzionalari dagokienez, besteak beste.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.