Bilboko ‘Film Sozialak’ nazioarteko zinemaldiak hamargarren edizioa ospatu du aurten

Kultura, Communication y Desarrollo (KCD) GKEak antolatzen duen “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdiak 10 urte bete ditu. Egitasmoa, Euskadin nahiz mundu zabalean zinema gizartea eraldatzeko tresnatzat erabiltzeko proiektuaren barruan kokatzen da eta, bereziki, genero-berdintasunaren aldeko lana sustatzen da. Horrela, aurtengo edizioan, lehiaketarako aukeratutako 84 filmetatik, emakumeek zuzendutako 40 emango dira. Aldi berean, aurtengo edizioak Nazio Batuen Erakundeak 2030erako finkaturiko Garapen Iraunkorreko Helburuetan jarriko du arreta.

Zinemaldia, nagusiki Bizkaian garatuko da (Bilbon, Barakaldon, Erandion, Portugaleten, Sestaon, Mungian, Iurretan, Getxon eta Leioan), baina baita Araban ere (Gasteiz). Xedea, iaz bertaratutako ikusleen kopurua (10.617) gainditzea da eta, horretarako, guztira, 433 proiekzio eskainiko dira. Aurtengo ediziorako ikus-entzunezko 900 obra baino gehiago jaso dira (% 34a emakumeek egindakoak). Haietatik 84 aukeratu dira lehiaketarako, eta horiek 50 herrialdetako historiak kontatuko dituzte. Obra guztietatik 40 emakumeek zuzendutakoak dira eta 33k pertsonaia femeninoak dituzte protagonistatzat. Beti bezala, kalitatea gailenduz, noski, kontuan hartu da emakumeek egindako lan kopurua, diskriminazioa jasan ez dezaten. Izan ere, emakumeek zuzendu edo zuzendaritzan parte hartu duten obrak jaialdiko obra guztien erdiak izan dira hasiera-hasieratik.

“Jaialdia munduarekin konprometitutako publiko kritikoaren bila irten da berriro, gizateriari eragiten dioten arazoak erauzteko dagoeneko martxan dauden irtenbideak erakusteko”, adierazi du Juan Carlos Vázquezek, Jaialdiaren zuzendariak, aurtengo edizioaren aurkezpen ekitaldian.

Jaialdiarekin batera, Bilboko Zabalguneko eraikinak “Cuba Iluminada” (“Kuba argiztatua”) erakusketa, Héctor Garrido argazkilari andaluziarrarena, hartuko du. Kubako artearen, kulturaren, gizartearen eta kirolaren alorretako funtsezko aurpegiak jartzen ditu ikusgai, tartean Alicia Alonso, Pablo Milanés, Silvio Rodríguez eta beste askorena. Erakusketa azaroaren 10era arte izango da zabalik.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE