Bilbo, hiri adiskidetsua haurrekin

Bilbo hiri adiskidetsua da haurrekin eta hori horrela dela aldarrikatzeko, Juan Mari Aburto Alkateak Guggenheim Bilbao Museoaren ondoko jolas-parkean jarri den seinale bereizgarria estalgabetu du. Ekitaldi horretan, alkatearekin batera, Gizarte Ekintzako Zinegotzi Iñigo Pombo eta UNICEF Euskadiko Presidente Isidro Elezgarai ere izan dira. Seinale bereizgarri horrekin Udalak pasa den urteko azaroan konfirmatutako aintzatespenari ikusgarritasun handiagoa eman nahi izan dio.

“Bilboko uria, umeen laguna” izendapena lau urteko ibilbide baten ondorioa da. Izan ere, 2015ean hasi zen Bilbo prozesu horretan lehen urratsak ematen. Aburtok berak aitortu duenez, “amaitzen ari garen agintaldiko mugarrietako bat da. 2015ean, lan-prozesu honekin hasi ginen eta, azken urteotan, hainbat ekimen abiatu ditugu Bilboko ume eta nerabeen bizitza hobetzeko”.

Umeei dagokienez, Udalak abian jarri dituen ekimenen artean, udalerriko haurren eta nerabeen partaidetzarako eta ordezkaritzarako organo iraunkorra sortu du: Haurren eta Nerabeen Udal Kontseilua. Hain zuzen ere, organo horretako umeek erabaki dute seinale bereizgarria non jarri eta seinalea estalgabetzeko ekitaldian ere parte hartu dute. 2015-2019ko Hiriko Gobernu Planak adierazi zuen agintaldiko lehentasunezko jarduketa bat sari hori eskuratzea zela, umeen oraina eta etorkizuna arlo desberdinetatik bermatzeko. Horretarako, berariazko planak egin dira umeentzat zein nerabeentzat hezkuntzaren edo gizartearen arloetara zuzendutako programen bidez, eta aisialdiko eta kulturako programazio zabala prestatu da Bilboko gazteenentzat.

Ildo horretatik, nabarmentzekoa da “Etorkizunera begira” Haurren eta Nerabeen lehen Udal Plana garatu zela 2018-2021 aldirako. Bertan, Udalak hirian identifikatzen den errealitatearen araberako planifikazioa taxutu zuen; zeharkako 10 ildo estrategiko eta 26 helburu egituratzen dira eta, guztira, 193 jarduketa artikulatzen dira 18 urtetik beherako pertsonentzat.

Aburtok azaldu duenez, haurrekiko konpromiso hori gure hirian errealitatea izan dadila da asmoa: “umeei entzuten, haien iritzia kontuan hartzen eta haien eskubideak errespetatzen jarraitu nahi dugu. Udala gidatzen duen lantalde berriak hasitako lanarekin jarraitu behar du, eta umeen oraina eta geroa bermatu behar ditu, udalaren alor guztietatik”.

Bestalde, UNICEF Euskadiko presidente Isidro Elezgaraik azpimarratu duenez, “Bilbo da haurrekin adiskidetsua dela aintzatesten duen horrelako seinale bat estalgabetzen duen lehen euskal hiriburua eta horrek adierazi nahi du hiriko haurrak zuzenean ‘eskubide osoko subjektuak’ bilakatu direla.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE