Espainiak Europar Batasuneko eskola-uzte tasarik altuena du

Eurostatek ezagutzera eman dituen pasa den urteari dagozkion datuen arabera, Espainia da, Europar Batasuna osatzen duten herrialdeen artean, eskola-uzte tasarik altuena duen herrialdea. 2018ko datuen arabera, aipatu tasa Espainian % 17,9koa izan zen. Gizonen artean aipatu tasa emakumeen artean baino handiagoa da, % 21,7 eta % 14, hurrenez hurren. Horrela, Espainiak 2017an Maltak zuen sailkapenaren azken postura pasatu da. Oso emaitza txarra izan arren, eskola modu goiztiarrean uzten duten 18 eta 24 urte bitarteko gazteen kopurua nabarmen jaitsi da azken hamarkadan. Izan ere, 2006. urtean gehienez bigarren hezkuntzako lehen zikloa amaitu eta bestelako formakuntzarik jaso ez zuten espainiar gazteen kopurua
% 30,3koa zen.

Jaitsiera nabarmena izan arren, oraindik % 15eko langaren gainetik dago. Hori da, hain zuzen ere, 2020. urterako Europar Batasunak ezarri duen helburua. 

2006. urtearekin alderatuta, eskola-uzte tasak behera egin du EBko herrialde guztietan Suedian (% 8,6tik % 9,3ra pasatu da), Txekiar Errepublikan (% 5,1etik % 6,2ra) eta Eslovakian (% 6,6tik % 8,6ra) izan ezik. Espainia sailkapenaren azken postuan aurkitzen bada, txanponaren beste aldean Kroazia (% 3,3), Eslovenia (% 4,2), Grezia (% 4,7) eta Polonia (% 4,8) aurkitzen dira. Batez beste, Europar Batasuneko herrialdeetan den eskola-uzte tasa % 10,6koa da. Gizonen artean aipatu tasa emakumeen artean baino handiagoa da, % 12,2 eta % 8,9, hurrenez hurren. Datorren urterako jada % 15eko helburua lortu duten herrialdeak, berriz, honako hauek izango lirateke: Belgika, Irlanda, Grezia, Frantzia, Kroazia, Italia, Zipre, Letonia, Lituania, Herbehereak, Austria eta Eslovenia.

Goi-mailako hezkuntza

Europan goi-mailako ikasketak amaitu dituzten 30 eta 34 urte bitarteko gazteen tasa % 40,7koa da. Une honetan, aipatu tasa 2020. urterako ezarritako helburua baino zazpi hamarren altuagoa da. Estatuaren kasuan, tasa hori % 42,4koa da, Europan den batezbestekoa baino altuagoa, baina Espainiak duen % 44ko helburutik behera. Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetatik hamaseik helburu hori lortu dute jada.

Eta Euskadin zer?

Espainia Europako azken postuan aurkitzen den bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko datuak bikainak dira. Gure artean, eskola-uzte tasa % 6,9koa da, hots Europako batezbestekoa baino 3,7 puntu baxuagoa. Estatu mailan EAEren atzetik Kantabria aurkituko litzateke (% 9,8).

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE