Hazi da Euskadiko ikasgeletan ematen diren jazarpen kasuen kopurua

Azken hamarkadan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertu dituen kasuen kopurua hamar aldiz biderkatu da

0
24

Eusko Jaurlaritzak ezagutzera eman dituen datuen arabera, 2018-2019 ikasturtean, Hezkuntza Ikuskaritzak euskal ikasgeletan izan ziren 755 eskola-jazarpen kasu aztertu zituen eta, horietatik, 96 benetako jazarpen gisa aitortu dira. Uriarte sailburuak emandako datu horiek aurreko ikasturteko datuekin alderatzen badira, aztertutako kasuen kopuruak nabarmen gora egin duela ikus daiteke; 553tik 755era, hain zuzen ere. Hala ere,  jazarpen gisa baieztatutako kasuen kopuruak ez du joera bera jarraitu 79 kasutik 96 izatera igaro baitira. Datu horiek aintzat hartuta,  ehunekotan, azken bi ikasturteetan jazarpen gisa identifikatutako kasuen kopuruak behera egin du: 2017-2018 ikasturteko % 14,29tik 2018-2019 ikasturteko % 12,72ra.

Hala ere, nabarmentzekoa da azken hamarkadan Hezkuntza Ikuskaritzak aztertutako kasuen kopurua hamar aldiz biderkatu dela (2008-2009 ikasturtean 75 kasu izatetik, joan den ikasturtean 755 izatera). Dena den, eta jada aipatu den moduan, ez da gauza bera gertatu jazarpen gisa identifikatutako kasuekin: 39 kasutatik 96ra, epe berean.

Datu horiek azaltzen dituzten arrazoien artean, Uriarte sailburuak aipatu du gaur egun hezkuntza-komunitateak zein gizarteak oro har eskola-jazarpenaren aurrean duten sentsibilizazio-maila altua, jazarpen-kasuen gorakada baino gehiago. Baina bereziki, Hezkuntza Ikuskaritzak gai horretan hartu duen ardura nabarmendu du. 

Jazarpen gisa identifikatutako kasu gehienak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatu dira: 96 kasu horietatik 50 etapa horri dagozkio (% 53). Antzeman diren kasuen izaera aztertuz berriz, zera ikusten da:

• Kasuen % 6an eraso fisiko zuzena ematen da.

• Kasuen % 31an hitzezko erasoak. 

• Bazterketa edo marjinazio soziala: kasuen % 46.

• Beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuak: kasuen% 6.

• Jazarpen edo abusu sexuala, jazarpen sexista: kasuen % 4.

• Bestelakoak: kasuen % 6.

Bestalde, aipatzekoa da identifikatutako kasu horien % 23an jazarpena nagusiki Internet, sare sozial edo bestelako bitarteko zibernetikoren baten bidez gertatu dela. 

Ikasleen pertzepzioak

Hezkuntza Ikuskaritzak jasotako datuez gain, ISEI-IVEIk egindako galdetegi baten ondorio nagusiak ere azaldu ditu Uriartek. Zehazki, LHko 94 ikastetxetako 4., 5. eta 6. mailako 5.923 ikasleri eta DBHko beste 89 ikastetxetako 8.080 ikasleri egin zaie galdetegia. Ikasleek eskola-jazarpenaren inguruan dituzten pertzepzioak jasotzen ditu ikerketa-lanak.

Galdetegiaren emaitzek erakusten dutenez, Lehen Hezkuntzan jaitsi egin da eskola-jazarpena jasan dutela hautematen duten ikasleen ehunekoa: 2012ko % 21etik 2018ko % 18,9ra. DBHn, ehuneko hori % 15,7koa zen 2018an; bi urte lehenago, berriz, % 18,8koa zen.

Sexuen arabera, alde handiak ikusten dira ikasleen pertzepzioan. Mutilek neurri handiagoan sentitzen dute eskola-jazarpena jasaten ari direla, bai Lehen Hezkuntzan, bai DBHn.

LEAVE A REPLY

Please enter your comment!
Please enter your name here

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.