Euskal Autonomia Erkidegoko gazteen herenak euskara du ama-hizkuntza

Pasa den otsailaren 21ean Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatu zen. Ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza hiru urte bete arte haurrek etxean, gurasoengandik edo berarekin bizi diren pertsonengandik jasotzen duten hizkuntza da. Euskadin, 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 18,7k dio euskara dela bere ama-hizkuntza bakarra eta beste % 10,8 gehiagok, berriz, euskararekin batera, gaztelania ere ama-hizkuntza edo lehen hizkuntza duela dio. Guztira, 30 urtetik beherako gazteen % 29,5ek euskara jaso du bere etxean txikitatik. Datu esanguratsua da eta azken hamarkadetan gora egin du. Horrela, 1986an jasotako datuen arabera euskara ama-hizkuntza gisa zuten gazteen kopurua zortzi puntu baxuagoa zen (% 21,7).

Serie horren hasieran eta amaieran, gazteriari buruzko datuak Euskadiko biztanleria osoari buruzko datuekin alderatuz gero, ikus daiteke 1986an Euskadiko biztanleen batezbestekoa baino txikiagoa zela euskara ama-hizkuntza gisa zuten gazteen ehunekoa; 2016an, berriz, batezbesteko hori handiagoa da.

Gazteenei buruzko azken inkestako datuen arabera, 2016koa, alegia, ondorioetako bat da ez dagoela alde handirik gizon eta emakume gazteen artean, baina bai adin-taldeen artean eta, are gehiago, hiru lurralde historikoetako gazteen artean. Horrela, adinean aurrera egin ahala, bakarrik edo gaztelaniarekin batera euskara ama-hizkuntza duten gazteen ehunekoak behera egiten du: 15 eta 19 urte bitartekoen artean, % 34,8 dira, 20 eta 24 urte bitartekoen artean % 29,9 eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean % 24,5.

Lurralde historikoen azterketa egiten bada, nabarmentzekoa da Gipuzkoan gazteen ia erdiak (% 48,3) euskara etxean ikasi duela. Bizkaian kopuru hori % 22raino jaisten da eta Araban, berriz, % 13 baino gutxiago dira euskara lehen-hizkuntza dutenak. 

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE