Euskal Lanbide Heziketaren lana Covid-19aren aurka

Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzaren mende dagoen Tknika buru belarri aritu du martxoko lehen egunetatik Covid-19ren aurkako borrokarako osasun-langileentzako babes-elementuak diseinatzen, garatzen eta homologatzen. Tknikak egin duen lan hori oso garrantzitsua izan da pandemiari aurre egiteko eta elkarlanean aritu da Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin, Osakidetzarekin eta Osasun Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioarekin (BIOEF).

Errenterian egoitza duen zentroak lantzen dituen babes-elementuen artean, nabarmentzekoak dira, alde batetik, zenbait maskara kirurgiko eta aurpegiko babes-pantailak (biserak). Horien artean, Euskadiko Lanbide Heziketak 20.000 unitate baino gehiago egin ditu, Maker COVID-19 Euskadi komunitatearekin lankidetzan.

Maskara kirurgikoak

Martxoaren hasieran, koronabirusaren krisiari aurre egin ahal izateko eta Osasun Sailari zein Osakidetzari osasun-materiala emateko beharraren aurrean, Tknika buru zuen talde bat –Don Bosco Lanbide Heziketako ikastetxe integratuaren eta BIOEFen laguntzarekin – maskara kirurgikoen zenbait prototipo sortzeko aukera aztertzen hasi zen: I, II eta IIR motako maskarak hain zuzen ere, ondoren hauen homologazioa lortzeko helburuarekin, eta era horretan Euskadiko osasun langileen beharrei erantzuna emateko. IIR motako maskarak babes maila handieneko maskara kirurgikoak dira bakterio-iragazketaren eraginkortasunari, arnasa hartzeko gaitasunari eta zipriztinekiko erresistentziari dagokionez (Splash deiturikoa). Maskara horiek Ehungintza Institutu Teknologikoaren (AITEX) homologazioa jaso eta hainbat prototipo egin ziren, material desberdinekin, eta mikroskopia elektronikoa bezalako teknologien bidez ezaugarritu ziren, gaur egun homologatuta dauden eta beste herrialde batzuetan erosi diren maskara kirurgikoekin konparazio-azterketak eginez. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak, Osalanek eta BIOEFek osasun-profesionalek erabiltzeko prototipo egokienak hautatu zituzten. 

Gainera, Tknika gorrak nahiz gor-mutuak aintzat hartzen dituen maskara prototipoak ere landu ditu, haiekiko komunikazioa errazteko. Kontuan izan behar da pertsona horiek ezpainak irakurri behar izaten dutela komunikatu ahal izateko.

Aurpegia babesteko pantailak

Bestalde, Tknikak, Euskadiko Lanbide Heziketako 59 ikastetxerekin eta COVID-19 Euskadi Maker komunitatearekin lankidetzan, aurpegia babesteko pantailak edo biserak ere egin ditu, horiek ere, osasun-sektoreko langileei zuzenduta. 3D inprimaketaren bidez fabrikatu dira, eta pantaila horien diseinuak zein fabrikazioak lau prototipo ere izan ditu, osasun-langileek egindako iradokizunei esker unean-unean hobetuz joan baitira. 20.000 bisera baino gehiago egin dira Lanbide Heziketako zentroetan.

Martxoaren amaiera aldera, Eusko Jaurlaritzak autonomia-erkidego guztietako Hezkuntza eta Osasun Sailen esku jarri zituen babes-pantaila horiek fabrikatzeko planoak, 3Dko eredua eta trokela eta beharrezko informazio guztia.

Era berean, osasun-sektoreari lotuta eta denon artean pandemiari aurre egin ahal izateko lankidetzari jarraiki, osasunaren arloko beste elementu batzuekin ere ari da lanean Tknika: une honetan, Tknikako lantaldea, besteak beste, test azkarrak egiteko osagaiak fabrikatzen ari da, edo osasun-batak aztertzen, babes-maila zehazteko eta balizko hobekuntzak ezartzeko.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE