Covid ondorengo garaian lana aurkitzen lagun diezazuketen trebetasunak

Ezagutzen genuen mundua oso abiadura azkarrean aldatu da. Langile asko lanik gabe geratu dira, beste batzuk etxetik lanean ari dira eta gehienek galdetzen dute lantokia nolakoa izango den pandemia gainditutakoan. Baina zalantzarik gabe, badira enplegagarriago izateko zenbait gaitasun eta horiek eskaera handia izango dute Covid-19 duen mundu batera egokitzen garen  bitartean. Gazteak dira, nagusiki, ingurune berri honetarako bere burua prestatu beharko dutenak eta zenbat eta lehenago egin, hobe.

Baina, zeintzuk dira enplegu-emaileek eta giza-baliabideetako arduradunek ‘normaltasun berri’ horretan bilatuko dituzten gaitasun nagusiak? Une honetan, zer aukera dituzu berriro trebatzeko edo duzun formakuntza hobetzeko, hautaketa-prozesuetan hautagai aukeragarri gisa kokatzeko? Jarraian, epe laburrean oso lagungarri izan daitezkeen bost gaitasun azaltzen dizkizugu.

1. Bezeroen arretarako gaitasunak

Bezeroen arreta beti izango da gorakadan eta, horregatik, horrelako gaitasunak hobetzea eta/edo eskuratzea beti izango duzu lagungarri. Bezeroekin zuzenean harremanetan jarraitzeko edo testuinguru berri honetan urrutitik eta digitalki harremanak izateko prozesu berriak garatzea beharrezkoa izan daitekeelako, bezeroen arretarako gaitasun sendoak dituzten langileek eskari handia izaten jarraituko dute.

Gainera, osasun-krisian ateak itxi behar izan zituzten eta funtsezkoak ez ziren enpresa gehienek bezeroen arreta zerbitzuak sendotu behar izan dituzte beren jarduera berriz martxan jartzeko. Bezeroak mantentzeko eta erakartzeko zerbitzu bikaina eskaini behar denez gero, horrelako esparruan aditua izatea abantaila handia izan daiteke.

2. Komunikazio digitalerako gaitasunak

Krisia kontrolpean izan ondoren langile guztiek telematikoki lan egingo ez duten arren, seguruenik, lan eredu horrek aukera bat izaten jarraituko du hainbat langilerentzat. Gainera, bezero asko kezkatuta izango dira zuzeneko harremanak izateko eta, hainbat kasutan, teknologiara joko dute era guztietako enpresekin konektatzeko.

Ingurune digitaletan (posta elektronikoa, testu-mezuak, web-hitzaldiak…) komunikatzeko gaitasuna duten langileek lana izateko aukera gehiago izango dituzte. 

Komunikazio digitaleko trebetasunak dira, hain zuzen ere, post-covid garaian enplegatzaileen lehentasunen zerrendan goiko postuetan azalduko diren trebetasunak. 

3. STEM gaitasunak

Enpresak itxieretara, urruntze sozialeko baldintzetara eta Gobernuaren eta osasun-agintarien gomendioetara egokitu diren heinean, askok teknologiara jo dute jarduerari eusteko eta bezero eta langileekin harremanetan egoten laguntzeko. 

Gaitasun teknologikoek eskari handia zuten krisi aurretik; izan ere, pandemia hasi baino lehen asko izan ziren STEM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) gaitasunak zituzten langileak kontratatzen hasi ziren enpresak. Epe motzean, joera hori mantenduko dela aurreikusten dute adituek. Enpresei teknologia horiek ustiatzen lagun diezaiekeen edozein langile egoera ezin hobean egongo da lana aurkitzeko.

Teknologia leku guztietan aurki daiteke eta zenbat eta gehiago jakin horren inguruan, hobe.

4. Horniketa katearen kudeaketa

Covid-19ren krisiak agerian utzi duen beste alderdi bat hornidura-katearen garrantzia da. Produktuak modu azkarrean, merkean eta seguruan sortzeko eta banatzako gaitasuna ezinbestekoa da enpresentzat hainbat produktu-kategoriatan.

Logistikaren eta banaketaren arloan lan egiten duten langileek trebetasun hauek izan behar dituzte: banaketa-prozesuen kudeaketa, proiektuen kudeaketa, kostuen kontabilitatea, antolaketa, kalitatearen kontrola, prozesuen hobekuntza eta askoz gehiago. Gaitasun horietan oinarri sendo bat izanik enplegagarritasuna biderkatzen da eta logistikaren esparruan lan-etorkizun handia izan daiteke.

5. Adimen emozionala

Enplegatuek, beren lana edo lan egiten duten enpresa edozein dela ere, modu eraginkor eta baketsuan jardun behar dute besteekin. Jarduera horretan diren elkar-ekintza horietan guztietan gogo-aldarte eta nortasun ugari azal daitezke. Horregatik, komunikazioa bezalako gaitasunak eta, bereziki, adimen emozionala, etorkizun handia izango dute testuinguru berri honetan.

Kontua ez da egun arrunt batean emozionalki adimentsua izatea. Gakoa egun zail batean lasai mantentzean eta laguntzaile azaltzean datza. Pandemia berriak ideia ugari eman ditu ingurune aldakor batean arrakasta izateko behar denari buruz. Eta zerrenda horren lehen postuan presioa eta ziurgabetasuna kudeatzeko gaitasuna azaltzen dira. McKinseyk azaltzen duenez, datozen hamar urteetan gaitasun emozionalen eskaria % 26 haziko da.

Beraz, Covid osteko garaian lan bila bazabiltza, zure enplegagarritasuna handitzeko behar dituzun gaitasunak gaitasun frogatuen eta egiazkoen (bezeroarentzako zerbitzua eta trebetasun bigunak) eta gero eta eskaera handiagoko trebetasunen (komunikazio digitaleko trebetasunak, STEM gaitasunak eta hornikuntza-kateko esperientzia) konbinazio bat litzateke.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE