Euskaraldiaren inguruko material didaktikoak

Pasa den irailaren 9an Euskaraldiko unitate didaktikoen aurkezpen publikoa egin zen Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Ikastolen Elkarteko, Gipuzkoako Urtxintxa eskolako eta Irrien Lagunak elkarteko kideek parte hartu dute materialaren sorkuntzan eta Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketan euskara lantzeko erabili ahal izango dira. Materiala hezkuntza sare osoan erabili ahal izateko utzi dute eskuragarri Euskaraldiko webgunean (euskaraldia.eus). Aipatu baliabideak hiru fasetarako prestatu dira. 

  • Lehenengo fasea, irailean hasi eta azaroaren 20ra bitartean luzatuko da. Fase horretan jorratuko diren baliabideen xedea da Euskaraldia girotzea, egitasmoaren kontzeptuak ezagutzera ematea eta bigarren edizioaren zabalkundea sustatzea.
  • Bigarren fasea azaroaren 22an hasi eta abenduaren 4ra arte luzatuko da. Kasu horretan, helburua Euskaraldiaren ariketari eutsi, bidean ager daitezkeen oztopo eta konponbideak aztertu eta hizkuntza ohituren inguruan gogoeta aktibatzea izango da.
  • Hirugarren fasea Euskaraldiaren ondoren gauzatuko litzateke, abenduan zehar. Ariketak iraun bitartean bizitakoa du oinarri, eta hizkuntza portaera emankorrak sustatzeko jarduerak osatzea helburu.

Euskaraldiak hezkuntza komunitatearen jardunean hizkuntza ohiturak lantzeko eskaintzen dituen aukerak azpimarratu eta euskararen erabilera dinamizatzeko haur eta nerabeen garrantzia nabarmendu dute aurkezpen-ekitaldian parte hartu duten eragile guztiek. Bertan, Euskaraldiko koordinatzaile nagusi Arrate Illaro, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Miren Dobaran, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea euskararen Institutuko zuzendari Mikel Arregi eta Euskaltzaleen Topaguneko presidente Kike Amonarriz izan dira material didaktikoen sorreran partaide izandako eragileekin batera: Ikastolen Elkarteko Unai Arellano, Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensio eta Irria elkarteko Garazi Urrosolo. Agerraldian izan dira, era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako foru zuzendaria eta Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuko arduraduna.

‘Euskaradinamizatzaileak’

Ikastolen elkarteko ordezkari Unai Arellanok azaldu duenez, “unitate didaktiko horiek lantzeko eskoletan irakaslez zein ikaslez osatutako talde dinamizatzailea osatzea proposatzen da”. “Euskaradinamizatzaileak” izena eman diote sustatzaile talde horiei  eta unitate didaktikoetan agertzen diren jarduerak bideratzea izango lukete helburu.

Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensiok, bere partetik, hizkuntza praktiken aldaketan haurrek jokatu dezaketen rol aktiboaren garrantzia azaldu du. Horrela, unitate didaktikoek haur eta lehen hezkuntzan eragin handia izan dezaketela azpimarratu du.

Irrien lagunak elkarteko Garazi Urrosolok adierazi duenez, ahalegin berezia egin dute unitate horiek hezkuntza ez-formalera egokitzeko, haurrekin modu ludiko eta erakargarrian jarduteko aukera ematen baitu horrek. Asmo horrekin garatu dute Irria aldizkariaren ale monografiko bat. Aldizkaria Lehen Hezkuntzako unitateetan txertatu da tresna pedagogiko osagarri gisa.

Aldizkaria  2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da, eta 4 atal izango ditu:

Lagun: Miren Amurizak eta Eider Eibarrek eginiko 2 orriko komikia izango da, eta atal hau baliatuko da ikasleei Euskaraldia lehen aldiz hurbiltzeko.

Txoko Txiki Kuttuna: Miren Agur Meabek eta Eider Eibarrek eginiko olerkien bidez, gaian sakontzeko aukera izango dute haurrek.

Haur kantak: Joseba Poncek Katxiporretaren abesti bat ilustratu du atal honetan eta Euskaraldiko kontzeptuen hurbilpen ludikoa izango da.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots: Txakur Gorria kolektiboak eta Bikainek eginiko 4 orriko ipuina da, eta horren bidez, ariketaren berri emango zaie haurrei. Euskaraldiko aurtengo berrikuntza ere aurkeztuko dute atal honetan: Arigunea.

Aldizkaria urrian kaleratu eta Euskal Herriko ikastetxeetan zabalduko da Kutxa Fundazioarekin eginiko elkarlan bati esker.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE