Euskadiko lan-eskaintza gehienetan Lanbide Heziketako titulua eskatzen da

Euskadiko lan-merkatuak Lanbide Heziketako graduatu gazte gehiago eskatzen ditu unibertsitate-ikasketak egin dituzten gazteak baino. Hala adierazten du behintzat Adecco Group Institutek, Adecco Taldeko ikasketa-zentroak eta Infoempleok egindako txosten batek. Aipatu txostenaren arabera, pasa den urtean, Euskadin, lan-eskaintzen % 44,4an Lanbide Heziketako titulazioa eskatu zen eta unibertsitate-graduen eskakizuna, berriz, % 42,3koa izan zen.

Hori, batez ere, euskal sistema ekonomikoaren industria-profil nabarmenaren ondorioa da. Izan ere, Euskadi da Lanbide Heziketako tituludunak eskatzen dituzten lan-eskaintza gehien dituen Estatuko lurraldeetako bat. Sailkapen horren lehen postuan, lan-eskaintzen % 22,5arekin, Katalunia aurkituko litzateke; jarraian, Madril (% 19,8) eta Euskadi (% 15,5). Zehazki, Lanbide Heziketa behar duten 10 eskaintzatik 6 hiru autonomia-erkidego horietan lan egiteko dira.

Halaber, azterlanak dio Euskadi dela enplegu gehien sortzen duen autonomia erkidegoetako bat, kasu horretan ere, bakarrik Madril eta Kataluniaren atzetik. Horrela, pasa den urtean, lan-eskaintzen % 11,3k Euskal Autonomia Erkidegoan izan zuten jatorria.

Estatuko enplegu globalaren eskaintzaren banaketa kontuan hartuta, EAEko hiru lurraldeak enplegu gehien sortzen duten zortzi lurraldeen artean aurkitzen dira: Bizkaia (% 5,1), hirugarren postuan legoke; Gipuzkoa, bosgarrena (% 4); eta Araba (% 2,2), Top 8a itxiz. EAEri dagokionez, Bizkaiak ia lan-eskaintzen erdia hartuko lituzke (% 45), Gipuzkoak % 35,3 eta Arabak % 19,3.

Unibertsitate tituludunak

Euskadin, lan-eskaintzen % 42,3an unibertsitate-tituludunak eskatu ziren, eta horiek dira, oraindik ere, prestakuntza-mailari dagokionez, enpresek gehien eskatzen dituzten hautagaiak. Estatu-mailan, adibidez, unibertsitarioentzako lan-eskaintzak % 38,8 izan ziren.

Euskadin, 2019an, hauek izan ziren enpresek gehien eskatu zituzten tituluak: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza (% 3,53), Industria Ingeniaritza (% 3,35), Ingeniaritza Mekanikoa (% 1,79), Ingeniaritza Informatikoa (% 1,41) eta gradu bikoitza Enpresen administrazioan eta Zuzenbidean (%1,24).

Graduondoak

Unibertsitateko tituludunentzako lan-eskaintzen % 8,4k graduatu ondoko ikasketak izatea eskatzen zuten gutxieneko baldintza gisa; 2018an baino bost puntu gehiago. Kopuru hori % 39,1eraino hazten da ezinbesteko baldintza bezala izan beharrean, hautagaitza baterako balio diferentzialaren sortzaile gisa eskatzen denean.

Azken urtean argitaratutako lan-eskaintzen kopuru globalean, % 3,55ek graduatu ondoko ikasketak edukitzeko beharra aipatzen zuten beren betekizunen artean. Igoera ikusgarria da, eta 2018an lortutako balioa bikoiztu egiten du (% 1,4).

Era berean, 2019an graduondoko ikasketen inguruko balorazioa ere handitu egin dela ikusi daiteke, nahiz eta ikasketa horiek derrigorrezko baldintza ez izan. Hau da, unibertsitateko tituludunentzako lan-eskaintzen kopurua, non, eskakizun bat izan gabe, hautagaiek graduatu ondoko prestakuntza espezializatua izatea positiboki baloratzen den, eta lau puntu eta erditan hazi da, 2018an % 35,2 izatetik % 39,6 izatera pasatu baitira.

Hizkuntzen garrantzia

Enpresen internazionalizazioa eta herrialde ezberdinen arteko langileen gero eta mugikortasun handiagoa dela eta, enpresek zenbait hizkuntzatan jardun dezaketen pertsonen alde egin dute. 

Hala, 2019an, atzerriko hizkuntzaren bat izatea eskatzen zuten lan-eskaintzen ehunekoa 1,7 puntutan igo zen, eskaintza osoaren % 34ra iritsi  arte. 

Aurten ere, enpresek gehien eskatzen duten hizkuntza ingelesa da. Negozioen munduan nagusi den hizkuntza ezinbesteko baldintza da hizkuntzaren bat eskatzen duten eskaintzen % 89,1ean.

Frantsesak bigarren postuan jarraitzen du, eta lau puntu irabazi ditu aurreko urtearekin alderatuta. Horrela, hizkuntza eskatzen duten eskaintzen % 15,15ean frantsesa eskatzen da. Alemanak (rankingean hirugarrena) ere gora egin du eta bikoiztu egin du eskaintzan duen presentzia, 2018an % 6 izatetik gaur egungo % 12,3 izatera igaro baita. Askoz balio txikiagoak dituzte italierak eta portugesak (% 4 eta % 3,9, hurrenez hurren).

Coviden eragina

2020. urteari begira, Adecco Group Institutek nabarmendu du pandemiak eragin handia izango duela enpresek eskatzen dituzten langileen profilean, eta, beraz, 2019. urtearekin alderatuta, erradiografia nabarmen aldatuko dela. 

Ostalaritza, merkataritza eta garraioa bezalako sektoreek, Lanbide Heziketako ikasleak ‘xurgatzeko’ punta-puntako esparruetan agertzen ez diren arren, lan merkatuan paper garrantzitsua jokatzen dute beti. Aipatu sektore horietan, Covid-19aren ondorioz, jarduera nabarmen jaitsi da eta, ziurrenik, negozio ugarik itxi behar izango dute.

Industria-adar nagusiak ere zailtasun handiak izaten ari dira, eta horrek euskal lan-merkatuak Lanbide Heziketako gazte tituludunak kontratatzeko duen gaitasuna asko murriz lezake.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE