Mugikorraren mende

12 urteko gazteak mugikorrari begira bizi dira. Celside Insurancek eta PantallasAmigasek, Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean, argitaratu duten “SmartHuman azterlana nerabeek egiten duten mugikorraren erabileraren eta kontzientziazioaren inguruan” txostenaren arabera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen mailako ikasleriaren % 84,5ek bere telefono mugikor propioa du; % 67,3k gaueko hamarrak arte erabiltzen du; % 61ek ohera eramaten du lo egiteko orduan; % 7,4k hamabiak pasa ondoren ere telefonoa erabiltzen jarraitzen du; eta, asteburuetan, % 11,7k  egunean bederatzi ordu baino gehiago erabiltzen du mugikorra.

Azterketa hori iazko urritik aurtengo otsailera bitartean egin da. Horretarako, 1.339 inkesta egin zitzaizkien DBHko 1. mailako ikasleei, Madril eta Bartzelonako 27 ikastetxe publiko eta itunduetako 233 familiarekin batera.

Esan bezala, inkestatutako ikasleen % 84,5ek, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo mailan ari direnek, beren mugikorra dute. Ez dutenei, gehienetan, gurasoek erabilera arduratsua egin dezaketela frogatu behar dutela esaten diete. Hainbat kasutan, baldintza adin zehatz bat izatea, jarrera ona izatea edo nota onak ateratzea da.

Mugikor propioa ez dutenen artean % 73,4k berea ez den telefono bat erabiltzen du, kasu gehienetan, amarena eta bigarren maila batean, aitarena edo lagun batena. Hartutako telefono hori, nagusiki, bideoak ikusteko, bideo-jokoetara jolasteko edo berehalako mezularitza zerbitzuren bat erabiltzeko erabiltzen dute. 

Mugikorra ez duten ikasleen % 55ek dio ez dela batere berezia sentitzen telefonorik ez izateagatik; % 24k, berriz, dio gaizki sentitzen dela isolatuta sentitzen delako, hainbat konturen berri jasotzen ez duelako edo horien berri berandu izaten duelako. Beste % 21 ondo sentitzen da, laster mugikorra izango duela uste baitu.

Gehien erabiltzen diren aplikazioak

DBHko lehen mailako neska-mutilek gehien erabiltzen duten aplikazioa Whatsapp da (% 74), eta ondoren, YouTube, TikTok eta Instagram antzeko proportzioan (% 56,8, % 56,4 eta % 54,1, hurrenez hurren). Alde handirik ez badago ere, esan daiteke Whatsapp dela mutilek neskek baino gehiago erabiltzen duten aplikazio bakarra. Gainerakoetan, TikTok da alderik handiena aurkezten duena: mutilen % 22,8 eta nesken % 33,6.

Zenbat denbora ematen duten

Inkestatutako ikasleen % 22,7k telefonoaren aurrean zenbat denbora ematen duten jakiteko edo kudeatzeko aplikazioren bat erabiltzen du. 

Txostenean jasotako datuen arabera, astean zehar, mugikorraren erabilera 3 ordutik beherakoa da kasuen % 68,2an, baina kopuru hori % 48,8raino jaisten da asteburuetan.

Erabilera handien duten tarteetan (egunean 6 ordutik gora), astean zehar kasuen % 13,4ra iristen dira eta asteburuetan, berriz, % 23,3ra.

Zein ordutan uzten dute mugikorra?

Inkestatutako hiru gaztetik bik ez dute mugikorra erabiltzen gaueko hamarretatik aurrera; % 7,4k, berriz, gaueko hamabietatik aurrera erabiltzen jarraitzen du.

Elkarrizketatutako ikasleen % 61,3k logelan lo egiten du mugikorrarekin, eta % 56k ”ez gogaitzeko moduan” edo hegazkin moduan uzten du; % 18k, berriz, erabat erabilgarri uzten du. % 26k isildu egiten du. 

Hegazkin moduak gailuaren haririk gabeko komunikazioak desaktibatzeko aukera ematen du, baina konexiorik behar ez duten mugikorreko aplikazio ia guztiak erabiltzeko aukera ematen du (iratzargailua, agenda, kamera).

Gaueko atseden-orduetan egiten den erabilerari dagokionez, bi datu esanguratsu daude:

  • % 17,5ek mugikorra hartzen du gauaren erdian esnatzen bada.
  • % 19k esnatzean berrikusten ditu sare sozialak, lurrean oin bat jarri baino lehen. 

Azterlan hori SmartHuman kontzientziazio-ekimenaren parte da. Mugikorraren erabilera zentzuduna eta arduratsua sustatzea du helburu, eta ikasleei eta haien familiei prestakuntza-tailerrak egitea ere aurreikusten du.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE