Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak euskal gazteriaren mugikortasunaren inguruko ikerketa aurkeztu berri du
Eusko Jaurlaritzak gazteriaren, hezkuntzaren, lanaren edo lankidetzaren arloetan mugikortasuna sustatzeko hainbat egitasmo garatu izan ditu azken urteotan. Gazteen mugikortasuna sustatzea garrantzizkoa da prestakuntza hobetzeko eta norbera mundu globalaren premietara moldatzeko. Egitasmo horietan parte hartzen dutenek trebetasun berriak eskuratzen dituzte; atzerriko hizkuntzetako gaitasun linguistikoak indartzen dituzte; euren prestakuntza zabaltzen dute; lan-esperientzia lortzen dute atzerrian; eta kulturartekotasuna lantzen dute, bai eta adimena errealitate berrietara irekitzen ere.
Euskal gazteriaren artean mugikortasunaren egoera zein nolakoa den ikusteko, Gazteria Zuzendaritzak ikerketa bat burutu du. Hau, Gazteen Euskal Behatokiak 15 eta 29 urte bitarteko gazteei egindako inkesta batean oinarritzen da.
Ikerketaren emaitzak
Aipatu ikerketan, besteak beste, honako alderdiak aztertu dira: gazteak aurrez atzerrira joan izana; atzerrira joateko prest egotea, ikastera, lan egitera edo boluntario- nahiz lankidetza-lanetan aritzera; ezagutzen dituzten hizkuntzak, eta hainbat mugikortasun-baliabideri buruz duten informazio-maila.
Esan bezala, ikerketa telefonoz egindako inkestetan oinarritu da. Guztira 1.500 inkesta burutu dira 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean.
Emaitzarik esanguratsuenen artean, honako hauek aipa daitezke. Lehenik eta behin, euskal gazte gehienak, ia bere osotasunean, atzerrian izan da noizbait. Atzerrian emandako denbora oso aldakorra da, baina batez ere, ikasketak burutzen izan direnak dira denbora gehien eman dutenak. Ikerketaren arabera, gazteen %25ak hilabete bat edo gehiago eman du atzerrian. Atzerrira joateko arrazoi nagusiak bi dira: oporrak eta ikasketak. Gazte gehienek atzerrira joateko arrazoien artean hizkuntzak ikastea aipatzen dute, batez ere ingelesa. Orohar, Gazteek mugikortasunerako joera handia dute: aukera izanez gero, 10 gaztetik 8 atzerrira joateko prest egongo lirateke, ikastera, lan egitera edota lankidetza-lanetan aritzera. Alberdi negatiboen artean, apika, gazteek mugikortasun esparruan diren programen inguruan duten informazio falta aipa daiteke. Horrela, Erasmus eta Leonardo programa aski ezagunak salbu, gazteen %70ak mugikortasun baliabideen inguruan nahikoa informazioa ez duela baieztatzen du.
Esperientziak
Ikerketaren arabera, 15 eta 29 urte bitarteko 4 gaztetik 3 atzerrira joan izan dira noizbait. Atzerrira joateko arrazoi nagusia aisia eta oporrak dira: hain zuzen ere, hamar gaztetik zazpi arrazoi hori dela medio atzerriratu dira. Gainera, 4 gaztetik 1 atzerrira irten da noizbait hizkuntzaren bat ikastera edo hizkuntza-maila hobetzera.
Esan bezala, atzerrian hilabete baino gehiago izan diren gazteak ikasketa arrazoiengatik joan dira. Hala ere, izan badira lanera ere joan direnak (%11,9).
Atzerrian hilabetetik gora eman dutenen egonleku ohikoenak Erresuma Batua eta Irlanda izan dira (%34). Jarraian, Ameriketako Estatu Batuak eta Kanada daude (%13,3). Beraz, nahiago izan dira ingelesa hizkuntza nagusi duten herrialdeak.
Asmoak
Ikerketaren arabera, EAEko gazteen %39,2k aurten atzerrira joateko asmoa du. Unibertsitateko titulazioa dutenek eta atzerrian hilabetetik gora izan direnek (%52,9 eta %58,6, hurrenez hurren) 2011n bidaiatzeko asmo gehien dute.