Ikasten ala lanean? Lanean

Krisiaren eraginez edo, euskal gazteriaren gehiengoak ikasketak ditu jarduera nagusi eta ia bakarra. Pasa den ikasturtean jasotako datuen arabera, 15 eta 29 urte bitarteko gazteriaren %41k ikasten jarraitzen du eta 16 eta 20 urte bitartekoen artean, berriz, %87k. Oso gutxi dira ikasten duten bitartean lanean ere aritzen direnak.

15 eta 29 urte bitarteko euskal gazteriaren %41k ikasten jarraitzen du eta hori da, printzipioz, bere jarduera bakarra. Horixe da, hain zuzen ere, pasa den ikasturtearen amaieran, Euskal Autonomia Erkidegoko gazteek Euskadiko hezkun–tza-sistemari buruz duten iritzia jasotzeko Gazteen Euskal Behatokiak egindako azterlan baten ondoriorik esanguratsuenetako bat. Aipatu azterlana, 15 eta 29 urte bitarteko 1.500 gazteri egindako galdetegietan oinarritu da eta, besteak beste, eguneroko bizitzari, jokaerei, jarrerei eta balioei buruz galdetuzaie.

Esan bezala, azterlan honetan lortutako emaitzen arabera, euskal gazteen %41ek ikastea du jarduera nagusi bakarra. Ehuneko honen gaineko irakurketa tentuz egin behar da, izan ere, adin tartearen baitan alde nabarmenak baitaude. Horrela, 16 eta 20 urte bitarteko gazteen artean, jardun bakarra ikastea dutenen ehunekoa %87koa da; 25 eta 29 urte bitartekoen artean, ostera, %8koa.

Ikasketa maila
Amaitutako ikasketa-mailari dagokionez, EAEko gazteen %38k derrigorrezko ikasketak amaitu ditu, edo oraindik ere horietan murgilduta daude; % 31k bigarren mailako ikasketak amaitu ditu, Batxilergokoak izan ala erdi-mailako heziketa-zikloren bat (Lanbide Heziketako moduluren bat); gainontzeko % 31k goi-mailako ikasketak amaitu ditu: goi-mailako heziketa-zikloa edo unibertsitate-ikasketak.

Amaitutako ikasketen harira, adinari dagozkion alde logikoez aparte, ataka nabamena dago gizon eta emakume gazteen artean: goi-mailako ikasketak dituzten nesken ehunekoa nahiko handiagoa da ikasketa-maila bereko mutilena baino (% 36 eta % 27, hurrenez hurren). Ikasketa maila alde batera utzita, mutilen artean Heziketa Zikloak ikastea (erdi-mailakoak nahiz goi-mailakoak) ohikoagoa dela ikus genezake nesken artean baino. Horrela,, erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak amaitu dituztela diotenak % 29 dira mutilen artean eta % 20, nesken artean.

Euskal hezkuntzaren balorazioa
Datu objektiboetatik haratago, azterlan honetan euskal gazteriak euskal hezkuntza sistemaren inguruan duen iritzia ere jaso nahi izan du. Ildo horretan, ondoriorik azpimagarriena honakoa hau litzateke: Euskal Autonomia Erkidegoko hamar gaztetatik 6ren ustez (% 59), gure autonomia-erkidegoko hezkuntza-sistema oso ona edo nahiko ona da. Kontrako aldean, berriz, euskal gazteriaren %8 aurkituko litzateke; hauen ustez, euskal hezkuntza sistema txarra edo oso txarra litzateke.

Euskal hezkuntza-sistemari buruzko gazteriaren iritzi positiboek gorakada xume baina egonkorra izan dute azken urteotan. Gainera, Euskadiko hezkuntza-sistemaren balorazio positiboa orokorra eta antzekoa da kolektibo guztietan, gazte bakoitzaren ikasketa-maila gorabehera. Horrek esan nahi du Euskadin, hezkuntza-gaietan egiten diren jarduerek balorazio ona jasotzen dutela, oro har, gazteen ustez.

Datu apalagoak lortu dira, dena den, unibertsitate ikasketak burutzen dituzten gazteen artean. Horrela, gazte unibertsitarioen %10ak euskal hezkuntza-sistema nahiko txarra edo oso txarra dela dio.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE