Lauro Ikastola eta La Salle Berrozpe, FLL España robotika lehiaketan sarituak

Guztira 35 eskola-taldek, sailkapen-lehiaketak irabazitakoek, beren zientzia-proiektuak defenditu dituzte, eta Lego piezaz egindako robotak aurkeztu dituzte, hondamendi naturalen erronkari aurre egiteko eta FIRST LEGO League-ren (FLL) nazioarteko lehiaketetan toki bat lortu ahal izateko.

Loiuko (Bizkaia) Lauro Ikastolak Estrategia eta Berrikuntza Saria jaso du gaur Bartzelonan, 9 eta 16 urte arteko ikasleentzako zientzia- eta teknologia-lehiaketa den Espainiako FLL-n. Horrek esan nahi du Europako finalean (Open European Championship) parte hartuko duela datorren maiatzean Iruñean. Bestalde, Andoaingo (Gipuzkoa) La Salle Berrozpek Diseinu Mekanikorik onena aurkeztu du haiek egindako errobotarekin. Parte-hartzaileek zientzia-proiektu bat egiten dute, epaimahai baten aurrean defenditu eta Lego Mindstorm piezak erabiliz robot bat diseinatu eta programatzen dute, honek aurrez erabakitako zenbait eginkizun bete beharko dituelarik. Lehiaketa Scientia fundazioak antolatzen du, Príncipe de Girona fundazioaren babesarekin. Kataluniako Santperençs taldeak eskuratu du lehen saria, hirugarren aldiz.

Andoaingo (Gipuzkoa) La Salle Berrozpek eta Loiuko (Bizkaia) Lauro Ikastolak lehenengo eta bigarren sariak eskuratu zituzten, hurrenez hurren, FLL Euskadi lehiaketan; hau Innobasquek antolatzen du urtero bere Berrikuntza Eskola ekinbidearen barruan, eta horrela haur eta gaztetxoei berrikuntza egiten irakasten die era dibertigarri eta sortzailean.

Zientzia-proiekturako, Lauro Ikastolak dron bat asmatu zuen, basoan sutea sortzen denean detektatu eta alarma jotzeko gai dena beharrezko protokoloa aktiba dadin. Gipuzkoako La Salle Berrozpe taldeak GKE berri bat sortu zuen Filipinetarako, sentsibilizatu, bunker bat eraiki eta hondamendi naturalek kalteturiko inguruak berreraikitzeko; hain zuzen ere, aurten erronka horri aurre egin behar diote taldeek, zientzia, sormena eta berrikuntza tresna gisa hartuta.

FLL-k zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzen ditu, sormena eta berrikuntza iratzarriz. Aurten Espainiako finalean 300 gaztek baino gehiagok parte hartu dute, 34 taldetan banatuta. Gutxi gorabehera 1.300 lagun izan dira ekitaldian, horien artean parte-hartzaileak eta entrenatzaileak, senitartekoak eta lagunak. Parte hartzaileetatik 8 sailkatu dira nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko: World Festival-en (Estatu Batuetan, 2014ko apirilean) edo Open European Championship-en (Iruñean, 2014ko maiatzaren 31n). Lauro Ikastolakoek horietako bat dira eta Europako finalean parte hartuko dute.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoa First Tech Challenge-n
Bestalde, Mondragon Goi Eskola Politeknikoko Lanbide Heziketako ikastetxeak martxoaren 29an First Tech Challenge-n parte hartuko du; FLLren goi-mailako kategoria hau Holandan gauzatuko da. Ikastetxe honetako taldeak irabazi zuen iaz Europako txapelketa, eta horrek eman zien aukera Estatu Batuetan izango den munduko finalera joateko. Robot-diseinu onenaren saria ere jaso zuten. Aurtengo irabazleak apirilean Estatu Batuetan izango den finalerako sailkatuko dira.

First Tech Challenge (FTC) First Lego League (FLL)-ren goi-mailako kategoria da, nazioarteko robotika-lehiaketa 18 eta 23 urte arteko ikasleei zuzendua, eta bertan robot bat diseinatu, fabrikatu, muntatu eta programatu behar da, era autonomoan eta telegidatuan lan egiteko gai izango dena.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE