UNICEFek emandako datuen arabera gazteen pobrezia bikoiztu egin da azken urteetan
UNICEFek haur-pobreziaren inguruan argitaratu duen azken txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsona pobreen % 25 inguru adingabea da. Oso datu kezkagarriak dira, are gehiago, duela lau urte eskas tasa hori % 14koa zela jakinda. Euskal Autonomia Erkidegoan datuak negatiboak badira, Estatu mailakoak are larriagoak dira. Izan ere, aipatu txosten horren arabera, Espainia izango litzateke, Europar Batasuna osatzen duten 28 estatuen arteko sailkapen batean, desparekotasun gehien duen bosgarren estatua. Kasu horretan ere, desparekotasuna gero eta handiagoa da. Txostenak diru-sarrera, osasuna, hezkuntza eta bizitza-gogobetetasuna bezalako aldagaiak aztertu ditu ELGA osatzen duten 41 herrialdeetan. Espainia 38. postuan kokatzen da, atzetik bakarrik Mexiko, Bulgaria eta Errumania dituelarik.
UNICEF-Euskadiko koordinatzaile Elsa Fuentek adierazi duenez, datu horiek oso larriak dira gazte asko pobreziaren sorgin-gurpilera kondenatuta geratuko baitira. Txostenak pertsona pobreen profila aldatu dela nabarmentzen du. Lehen, 65 urtetik gorako pertsonak ziren nagusiki egoera horretan bizi zirenak.
Ildo berean, Caritas-en Foessa Fundazioak ‘La transmisión intergeneracional de la pobreza’ txostenak berriki azaldu duenez, pobrezia belaunaldiz belaunaldi transmititzen da eta, horrela, duela 30 urte pobre ziren horien seme-alabak, gaur ere, pobreak dira. Izan ere, pobrezian hazten diren gazteentzat oso zaila izaten da egoera horretatik ateratzea. Caritasen txostenean salatzen denez, pobrezia egoera egonkortzeko hiru faktore nagusi daude: hezkuntza, errenta eta familia. Horrela, ikasketa maila baxuak dituzten gurasoen seme-alabek zailtasun handiak izaten dituzte goi-mailako ikasketak burutzeko. Hezkuntza mailari lotuta errenta azaltzen da; zenbat eta hezkuntza maila handiagoa orduan eta errenta altuagoa eta, ostera, zenbat eta ikasketa maila gutxiago errenta gutxiago. Azkenik, seme-alabak izatea ere pobreziarako faktoreetako bat bilakatu da. Haurrak dituzten familien pobrezia-tasa haurrak ez dituzten familien ia bikoitza da, %28 eta %16, hurrenez hurren. Guraso bakarra duten familietan, berriz, pobrezia-tasa %42raino hazten da eta hiru seme-alaba edo gehiago dituzten familietan, %44raino.
Egoera horren aurrean, Fuentek haurren eskubideak babesteko neurriak hartzea eskatu du.