Bilboko Udalak gazteen enplegua sustatzeko ekimena jarri du martxan

Ekimen horren izena ‘Bilbao Gazteak Sortzen’ da eta 400 gazterengana, 30 ikastetxetara eta 100 enpresa baino gehiagotara iritsi nahi du

Gazteon enplegua sustatzea Bilboko Udalaren lehentasuna da eta hori lortu ahal izateko ‘Bilbao Gazteak Sortzen’ egitasmoa jarri du abian. Programa horren xede nagusia Bilbon langabezian diren gazte talentudunek lana errazago aurkitzeko aukerak bultzatzea eta hobetzea da. Lehen fasean 400 gazterengana, 30 ikastetxetara eta 100 enpresa baino gehiagotara iritsi nahi da. Azken urte honetan, Bilbon langabezian dauden gazteen kopuruak behera egin du. Hala ere, oraindik 26.824 langabetu daude Bilbon eta, horietatik 6.533 16 eta 34 urte bitarteko gazteak dira.

Esan bezala, programak enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatu nahi ditu Bilbon, gazteak lan-merkatura hurbilarazi euren profil eta ahalmen profesionalak enpresek eskatzen dituzten beharrizanetara egokituta, enpresei lagundu euren premiak betetzen epe ertainean edo epe luzean eta alternatibak bilatu elkarrekin, egungo garaiekin bat etorrita, inplikatutako eragile guztiekin elkarlanean. Estrategia horren atzean, beraz, hiriaren ekonomia aktibatzeko erronka dago.

Programa Bilbao Ekintzaren bidez garatuko da eta hiriko enpresekin, prestakuntza-zentroekin, gazteekin eta beste hainbat eragilerekin egindako azterketa baten emaitza da.
Ekimena bederatzi jarduketako bateria batekin abiatuko da. Horietatik, lau berezkoak dira Euskadin: Bizilabe Bilbao, GamiGazte, Démola Bilbao eta Eurocip VII. Bizilaberen bidez zientzia eta teknologiarako grina sortu nahi da 12tik 19 urtera bitarteko gazteen artean. GamiGazteren xedea, berriz, tresna teknologikoen eta simulagailuen bidez, Lanbide Heziketako goi-mailako zikloetako ikasleen ahalmenak eta trebeziak sendotzea da. Démola Bilbaoren helbururik behinena gazte ikasleak enpresen mundura hurreratzea da, espezialitate adimentsuarekin eta eta zerbitzu aurreratuekin lotutako proiektuak bideratuz. Eta, azkenik, Eurocip VII programak, bost astez, Europako herrialdeetako enpresetan praktikak egiteko aukera emango die Lanbide Heziketako ikasleei.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE