Ikasleen heren bat bakarrik itzuli da ikasturte honetan ikasgeletara

Aurten, munduan diren eskolaurre eta bigarren hezkuntza bitarteko 1.500 milioi ikasleetatik 900ek itzuli beharko lukete eskolara abuztua eta urria bitartean, oporraldiaren ondoren. Hala ere, UNESCOk zenbatetsi duenez, horietatik bakarrik erdia -155 herrialdetako 433 milioi ikasle- bueltatuko dira ikasgeletara. Kontuan hartuta 128 milioi ikasle jada ikasturte erdian direla, 561 milioi ikasle, hau da, hirutik bat, eskoletara joango dira aldi horretan.

Mila milioi ikaslek, munduko ikasleen bi herenek, berriz, eskolak ixteari edo ziurgabetasunari egin behar diote aurre. Populazio zaurgarrienak, neskatoak bereziki, arrisku berezian daude.

UNESCOk adierazi duenez, ikasturte berria hasten duten 900 milioi ikasleen erdiarentzat baino gehiagorentzat espero da eskolatzea urrunekoa izatea, eta beste hainbatentzat, berriz, erdi-presentziala izango da, urrutiko ikaskuntza eta ikasgelaren arteko ikaskuntza uztartuz. Dena den, munduko hainbat herrialdetan, ikasle horiek eta beren familiek orientazio argia espero dute 2020-21 ikasturtea hasten denerako.

Eskolak ixteko mehatxua

Egoera horrek arazo garrantzitsuak eragin ditzake. Bereziki populazio ahulei eragiten diete urrutiko irakaskuntzarekin lotutako etengabeko desberdintasunak kontuan hartuta.

Mundu osoko hezkuntzarako Nazio Batuen erakunde nagusia den UNESCOko Zuzendari Orokor Audrey Azoulayk baieztatzen duenez, “hezkuntza-krisiak larria izaten jarraitzen du”. “Hainbat belaunaldik aurre egin behar diote eskolak ixteko mehatxuari, ehunka milioi ikasleri eragiten baitie eta hilabete asko iraun baitu. Munduko hezkuntzarako larrialdi bat da” gehitu du.

Itzulera segurua

Orain arte, otsailean eta martxoan, itxierak hasi zirenetik, munduko ikasleek batez beste 60 eskola-egun galdu dituzte. Egoera horretan, eskola uzteko eta ikaskuntzaren kalitatea gutxitzeko arriskua eta inpaktu sozial eta ekonomiko negatiboak handiak dira.

Unescok funtsezkotzat jotzen du hezkuntza-agintariek azkar lan egitea eskolara itzulera segurua bermatzeko modurik onena zehazteko eta, aldi berean, ikasleen eta hezitzaileen osasuna eta segurtasuna babesteko.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE