Gazteen artean zientzia eta teknologia sustatzea helburu duen hiru liburuxkaz osatutako bilduma argitaratu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elhuyarrek. Egitasmoa talentua eta ikaskuntza bultzatzeko Foru Aldundiak deitutako dirulaguntza deialdiaren barruan aukeratu den proiektuetako bat da eta Euskal Herriko alor horietako hainbat profiletako enpresa eta erakundeetako profesionalen arteko lanketaren emaitza: irakasleak, ikertzaileak, garapen-agentzietako kideak, berrikuntzarako eragileak, ikerketa-zentroetako kideak, zientzia-dibulgatzaileak, gazteen aisialdiko eragileak… Hiru liburuxkak zientzia.eus webgunean egongo dira eskuragarri, doan deskargatzeko.
Hainbat adituk azpimarratu dutenez, etorkizunean STEAMekin (Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics) harremana duten profil profesionalen eskaera enpresen aldetik nabarmen haziko da. Azken bi urteetan, adibidez, Lanbide Heziketatik etorritako STEAM profilen enpresa-eskaria % 56 hazi da, eta unibertsitate-profilena, berriz, % 25. Hala ere, eta Eustatek jasotako datuen arabera, gero eta gutxiago dira arlo horiekin harremana duten ikasketak burutzen dituzten ikasleak. Aipatu iturriaren arabera, arlo horietan izena eman duten ikasleen kopurua % 16,6an jaitsi da. Lanbide Heziketan zein Unibertsitatean, STEAM ikasketak burutu dituztenen kopurua % 40 ingurukoa besterik ez da. Gainera, emakumezkoen kasuan, datua are okerragoa da, arlo horietako adarrak aukeratzen dituzten ikasle neskak sartu berri diren ikasle guztien % 9 baino ez dira Lanbide Heziketan eta % 31unibertsitatean.
Bildumaren aurkezpen-ekitaldian Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatu Imanol Lasak azpimarratu duenez, “ezinbestekoa da joera hori aldatzea. Etorkizuneko lanpostuen % 80an beharrezkoak izango dira STEAM konpetentziak. Ez dakigu nolakoa izango den mundua hemendik hamarkada batzuetara, baina jakin badakigu zientziari eta teknologiari lotutako ezagutzak eta gaitasunak ezinbestekoak izango direla sektore ekonomiko guztietan eta gizartearen erronka berriei erantzuteko. Ezagutza eta kualifikazioa dira etorkizuneko ongizatearen eta lehiakortasunaren giltzarriak”. Lasaren ustez, “pandemiak ekarritako krisiaren aurrean, zientzia eta teknologiaren aldeko apustua indartu beharra dago. Martxan diren trantsizio erraldoietan, digitalizazioan esaterako, atzean gelditu nahi ez badugu, 4.0 talentua landu behar dugu gaztetatik, eta alor horretan dugun genero-arrakalari ere aurre egin. STEM alorraren inguruan estereotipoak apurtu eta informazio eraginkorra ematen duten ekimenak behar ditugu, eta horretan datza, hain zuzen, Elhuyarrek garatu duen hau. Bete-betean egiten du bat Gipuzkoaren beharrekin eta Aldundiaren lehentasunekin”.
Bere aldetik, Elhuyarreko zuzendari nagusi Jon Abrilek honako hau azaldu du: “Ikerketa guztiek erakusten dute bizipenek eragiten dutela gazteen etorkizunera begirako asmoetan, adibide errealak ezagutzea, rol-ereduak ezagutzea, STEAM lanbideekin lotutako jarduera ahalik eta modurik errealenean ezagutzea eta protagonista gisa bizitzea. Horretarako, ezinbestekoa da zientzia- eta teknologia-sare osoaren parte-hartzea eta konpromisoa eta, orobat, asmo horietara begira lan egiteko metodologiak eta ezagutzak garatzea”.