Pandemia hasi eta urtebetera Itunpeko ikastetxeetan ikaskuntza-galerarik ia ez zuten bitartean, ikastetxe publikoetan, berriz, ikasleek urte akademiko batean ematen den ikaskuntzaren % 10-20 inguru galdu zuten. Hori da, hain zuzen ere, Covid-19ak hezkuntzan izan duen eragina sakontasunean aztertu duen lehen ikerketak ondorioztatu duena.
Esade EduPolek eta Cotec Fundazioak egin duten ‘Pérdida de aprendizaje tras un año de pandemia: el caso de Euskadi’ txostena Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI/IVEI) bildu dituen datuetan oinarritzen da. Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoen erakunde horrek ebaluazio diagnostikorako probak egin zituen pasa den urteko martxoan. Ikerketa egin duten profesionalen ustez, txostenean jasotzen diren datuak, neurri handi batean, Estatu osora estrapola daitezke; izan ere, eskola-itxierako aldia eta 2020ko irailetik aurrera ikasgeletara itzultzeko baldintzak ia berdinak izan ziren ikerketarako erabili den ikasturtean autonomia erkidego guztietan, hots, DBHko bigarren maila (13 eta 14 urteko gazteak).
Euskadi, hala ere, zenbait berezitasun aurkezten ditu: eskola publikoak pisu gutxien duen autonomia erkidegoa da (% 51 beste erkidegoetan batez beste % 67,1 den bitartean) eta ikasle bakoitzeko administrazioak egiten duen gastua altuena da (9.298 euro). Gainera, hezkuntza-adierazle onenak eta per capita errenta handienak dituen erkidegoetako bat da.
Pandemiak itunpeko ikastetxeetan (hots, diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe pribatuak) izan duen eragin txikiagoa azaltzeko, ikertzaileek hiru hipotesi aurkeztu dituzte. Lehenik eta behin, ‘Familiekin itundutako ikastetxeen mendekotasun ekonomikoa, borondatezko ekarpenei’ dagokionez, zentro horiek bultzatu omen zituen gurasoentzat egokia zen erantzun bat ematera.
Bestalde, zentro horiek autonomia handiagoa dutenez gero, bizitasun handiagoarekin erantzun ahal izan zuten eta horrek online hezkuntzara prestakuntza handiagoarekin iristeko aukera eman zien. Edozein kasutan ere, egileek azaldu dutenez, hauteman diren aldeak eragin dituzten arrazoiak ulertzeko berariazko azterlanak burutu beharko lirateke.
Matematika, Gaztelania eta Euskara
Txostena hiru ikasgaitan lortutako emaitzetan oinarritzen da: Matematika, Gaztelania eta Euskara. Ikasleria osoaren kasuan, ikaskuntzan izandako galera, batez beste ikasturte osoaren % 13 ingurukoa izan zen. Baina ikastetxe publikoen artean eta itunpekoen artean aldeak oso handiak dira. Horrela, publikoen kasuan, galera, zenbait kasutan % 30era iritsi zen bitartean, itunpekoan % 2an geratu zen. Ikasgaien arabera ere aldeak nabarmenak dira. Horrela, matematikaren kasuan, galera, batez beste
% 25ekoa izan zen, baina publikoan % 54raino ere iritsi zen eta itunpekoan, berriz % 7raino. Egileen ustez, azken kopuru hori estatistikoki pisu gutxikoa da.
Euskara ikasgaiaren kasuan, galera % 15ekoa izan zen (% 26,8 publikoan eta % 6 itunpekoan). Gaztelania ikasgaian, berriz, aldeak oso txikiak izan ziren eta, hortaz, egileen ustez, pandemiak ez du eraginik izan ikasgai horretan, azaldu du Bartzelonako Unibertsitateko Ekonomia irakasle Andreu Arenasek. Txostena egin duten beste ikertzaileak Ángel Martínez, Iria Mata eta Ainara Zubillaga izan dira.
Pandemiatik buelta
Horien ondorioak bat datoz 2020ko udaberrian ikastetxeen itxiera orokorra eragin zuen eta, ondoren, berriro ireki zirenean, autonomia erkidegoaren arabera, oso desberdinak ziren eskola-protokolo sanitarioak ezartzea ekarri zuen koronabirusaren krisiak izan dituen hezkuntza-ondorioen inguruan egin diren beste zenbait ikerketekin.
Euskadin izan den ikaskuntza galera beste zenbait herrialdetan eman dena baino baxuagoa da, hala nola, Alemanian edo Herbehereetan. Bi kasu horietan, adibidez, galera bikoitza izan zela kalkulatu da. Euskadin egin den ikerketak aldi luzeagoa hartzen du, urtebete osoa, hain zuzen ere, eta horrek azal lezake hain tarte handia izatea. Izan ere, itxierak izan zuen inpaktu negatiboaz gain, irekierak izandako inpaktu positiboa ere jasotzen da. Izan ere, Espainia izan zen ELGAko kideen artean 2020ko irailetik aurrera eskolak itxi ez zituen herrialde bakanetako bat.
Ikasgeletara bueltatzeak izan zituen ondorio positiboak, adibidez, Danimarkan eta Erresuma Batuan egin diren azterlanetan ikus daiteke. Jesper Fels Birkelund eta Kristian Bernt Karlson ikertzaileek egindako ikerketaren arabera, 2020ko udaberriko eskola-itxieratik 14 hilabetetara Danimarkako ikasleen artean ez zen ikasketa-galerarik hauteman.