Apirilaren 25ean ospatzen den Haurren Tratu Txarren Aurkako Nazioarteko Egunaren ildora, Eusko Jaurlaritzak ‘Haur eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal Estrategia 2022-2025‘ aurkeztu du. Horri esker, Euskal Autonomia Erkidegoa da horrelako estrategia integral bat indarrean jartzen duen lehen erkidegoa.
Haurrek eta nerabeek pairatzen duten indarkeria mota guztiak saihestea bilatzen duen tresna aitzindaria da. Aldi berean, eman daitezkeen kasuak ahalik eta azkarren hautematea lortu nahi da, horrelako kasuetan esku-hartzeak garaiz emateko eta biktimei behar duten arreta eta babesa eskaini ahal izateko, ahal den neurrian, eragindako kalteak erreparatzeko.
Aipatu plan estrategikoa datorren lau urteetan zehar garatuko da eta lau ardatzetan egikarituko da.
Eskubideen sustapena eta prebentzioa
Lehen ardatzak enfasi berezia jartzen du eskubideen sustapenean eta prebentzioan. Estrategia horren bidez, indarkeriaren prebalentzia murriztu nahi da, gizartea, oro har, profesionalekin eta haur eta nerabeekin sentsibilizatzeko lanaren bidez. Funtsezkoa da Tratu Onaren kultura, erantzukidetasuna, inguru seguruak, haurren eta nerabeen eskubideak eta parte-hartzea sustatzea.
Indarkeria kasuen detekzio goiztiarra Bigarren ardatzaren helburua da indarkeria kasuak edo indarkeria arriskua garaiz detektatzea, horien eragina gutxitzeko. Zentzu horretan, estrategiak arreta berezia eskaintzen die oinarrizko sozializazio guneetan aritzen diren eragileei, haurrei eta nerabeei haur eta nerabeei komunikazio- eta entzute-kanal irisgarriak, hurbilekoak, konfidentzialak, fidagarriak eta seguruak eskaintzeko.
Arreta integrala bermatu
Hirugarren ardatzak arreta integrala ziurtatzea du helburu, lekuko edo agente egile gisa indarkeria-egoeretan parte hartzen duten adingabeen arreta-, babes- eta erreparazio-beharrei erantzuteko. Horretarako, plan estrategikoak espezializazioa eta pertsonalizazioa sendotzea aurreikusten du. Era berean, erakundeak haur eta nerabeen birbiktimizazioa suposa dezaketen praktika desegokiak saihestu beharko dituzte.
Erakundeen arteko elkarlana
Haur eta nerabeen kontrako indarkeriari aurre egiteko euskal Estrategia 2022-2025ean jasotzen den laugarren ardatzaren xedea da erakunde eta eragile sozial ezberdinen arteko lankidetza sustatzea. Horrek indarkeria mota guztien inguruan ezagutza handitzen eta horien aurka egiten diren erantzunetan eraginkorrago izatea ahalbidetuko du.
Eusko Jaurlaritzako Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak aipatu lau ildo estrategikoetan jasotzen diren 53 jarduera-lerroei erantzungo dieten 44 jarduera aurreikusita ditu 2022. urterako. Horien artean, adibidez, honako hauek aurkituko lirateke: formakuntza tailerrak, profesionalentzako topaketak, kirolean haur eta nerabeei sexu-jazarpena eta abusua prebenitzeko programak eta sexu-indarkeriaren biktima izan diren adingabeei arreta eskaintzeko Barnahus modelo esperimentalaren ezarpena.
1.459 adingabe delitu baten biktima
2020. urtean Ertzaintzak bildutako datuen arabera, guztira, 18 urtetik beherako 1459 gazte izan ziren delituren baten biktima familia barruko indarkeria, bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeria eta sexu-askatasunaren aurkako delituak barne. Azpimarratzekoa da biktimen artean nesken kopurua mutilena baino handiagoa dela, % 54 eta % 46, hurrenez hurren. Adinari dagokionez, berriz, erregistratutako kasu gehienak 14 eta 17 urte bitarteko nerabeen artean eman ziren.
Erregistratutako delituen artean, familia barruko indarkeria kasuak dira ohikoenak. Horrelako delituak kasu guztien ia erdia izan ziren (% 45). 2020. urtean Ertzaintzak 664 haur eta nerabe identifikatu zituen familia barruko indarkeriaren biktima gisa. 2016. urtean erregistratutako kasu kopuruekin alderatuta, ia % 70eko igoera eman da.
Hori ez da igo den indarkeria mota bakarra. Adibidez, beren bikotekide edo bikotekide ohien partetik erasoak pairatu behar izan dituzten nesken kopurua ere nabarmen hazi da (+ % 25). Antzeko kopuruan (% 24) igo da sexu-indarkeria pairatu duten biktimen kopurua. 2019. urteko datuetara jotzen badugu, urte horretan Ertzaintzak sexu-indarkeriaren biktima izan ziren 18 urtetik beherako 206 gazte identifikatu zituen. Horietatik guztietatik % 80,6 neskak izan ziren.
Era berean, esanguratsua da Eusko Jaurlaritzaren Zeuk Esan Haurtzarorako eta Nerabezarorako Laguntza Zerbitzuak inoiz baino dei gehiago jaso izana 2020. urtean. 2018ko datuekin alderatuta, adibidez, igoera % 23,5ekoa izan zen.
Zoritxarrez, indarkeria kasu asko salatu gabe geratzen dira eta, ondorioz, ez dira erregistratzen. Salaketak ez jartzeko arrazoiak askotarikoak izan daitezke: errepresalien beldur izatea, indarkeria normalizatzea eta barneratzea, salaketa jartzeak ekar dezakeen estigma edo, besterik gabe, salaketa jartzeko kanal egokiak, eskuragarriak eta konfidentzialak ezagutzen ez direlako. Estrategia berriarekin azken puntu hori zuzendu nahi da.
Estrategia hori prestatzeko prozesuan, 80 bat haur eta nerabek hartu dute parte, eta beren ikuspegia eman dute eragiten dien indarkeriari buruz.