Krisi garaian gazteriak ere honen ondorioak pairatzen ditu. Izan ere, enplegu-erregulazioko espedienteak (erderazko EREak) indarra hartzen ari dira baina komunikabideetan ez da azaltzen behin-behineko kontratuak ez direla berritzen. Zentzu honetan, gazteak dira afektatuenak. Estatuko 2008 Gazte Behatoki Txostenaren arabera, estatu mailan, gazteen %50,8k behin-behineko kontraturen bat sinatu zuten
Komunikabideetako agendetan mundu mailan bizi dugun krisialdi ekonomikoak nagusitasuna hartu du. Krisia gizarteko sektore guztietara iritsi omen da, eta noski, baita gazteriara ere. Izan ere, gazteria aipatu krisia gehien pairatzen ari den sektoreetako bat dela esan genezake. Krisiaren aurpegirik ezagunena seguruenik enplegu-erregulazioko espedienteak ditugu (erdarazko EREak), baina behin-behineko kontratuak ez berritzearen arriskua ere hor da. Estatuko 2008 urteko hirugarren hiruhilabeteko Gazte Behatoki Txostenaren arabera, estatu mailan, gazteen %50,8ak sinatu zuen aipatu epean behin-behineko kontraturen bat.
Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako datuak nahikoa antzekoak dira. Euskadin adibidez, sektore publikoan gazteen %87,80ak behin-behineko kontratua du eta pribatuan %50,90ak. Nafarroaren berriz, behin-behineko kontratuak sektore publikoan %82,6koak dira eta pribatuan %46,3koak.
Datuak
Egoera honen aurrean zein nolako irtenbideak aurki ditzake gazteriak? UGTko Emilia Málagaren ustez gazteak dira krisia ordaintzen duten lehenak. “Komunikabideak momentu oro enplegu-erregulazioko espedienteez mintzatzen dira eta EREek garrantzi dute baina ez da aintzat hartzen behin behineko kontratuak ez direla berritzen eta batik bat horregatik langabezia goruntz doa”. Ildo berean, CC.OOko Santi Martínezek “enpresa batek bere gastuak murriztu behar dituenean, behin-behineko kontratuak dituzten pertsonei kontratua ez zaiela berritzen” salatzen du. Euskadin behin-behinekotasuna %16koa da, baina 29 urtetik beherakoen artean datu hori %32ra heltzen da.
LAB sindikatuak maneiatzen dituen datuen arabera gazteriaren langabezia tasa %22,6koa da eta 22.800 gazte buru-belarri lana bilatzen ari dira . “Baina badira ere lana bilatzeari utzi dioten gazteak gogoa galdu dutelako eta etorkizunaren baldintzak aintzat hartuta”, dio LABeko Bea Markotegik. LABeko ordezkariak dioenez 25 urtetik beherako gazteen kontratazioa 2007 urtearekin alderatuz %10,9n murriztu da.
Garbi dago gazteek modu larrian pairatzen ari direla krisia, eta hauen artean, emakumeak modu berezian. Hala ere, badirudi azken hilabete hauetan gizonezkoak izan direla kaltetuenak krisia dela eta. “Krisiak eraikuntza eta industria sektoreetan eragin du batez ere, baina hemendik aurrera, emakumeak ere krisiaren ondorioak pairatzen hasiko dira zerbitzu sektoreko enpresak ere krisia nabaritzen hasi baitira”. Martínezen hitzetan, “gaur egun ere, enpleguan genero bereizketa ematen da gazte biztanleriaren artean oraindik desoreka bat nabaria baita”. Emakumeak tradizionalki iraganean lan egiten zuten lanpostuetan jarraitzen dute lanean eta gizonezkoekin alderantziz gertatzen da. Izan ere, emakume gazteen %91a zerbitzu sektoreetan dago lanean.
Trebakuntza
Emilia Málagak dioenez “badirudi denok dakigu ERE bat zer den eta berez askok dira hurbiltzen direnak zeintzuk diren euren eskubideak eskatuz, EREaren ondorioak zeintzuk diren galdetzera, alegia”.
Hori dela eta, sindikatuak trebakuntza ikastaroen eskaintza areagotu behar dute. UGTren kasuan, enpleguaren hezkuntzaren inguruko ikastaroak antolatzen dira. Hots, enpresa bat nola kudeatu edo zer egin porrotaren aurrearen inguruko ikastaroak.
Halaber, Málagak erantsi du gazteentzako enpleguaren inguruko ikastaro berriak diseinatu behar dituztela hainbat gazte afiliatuekin hitz egin ondoren sindikatutik somatu baitute trebakuntza eza hori kolektibo honen barnean. “Gainera, era horretan, gazte afiliatuak afiliaturik ez dauden beste gazteei ere aholkuak eman diezaieke”.
CCOOren kasuan, trebakuntza eskaintza beti izan da zabala, batik bat langabezian daudenentzako. Hala ere, enplegu-erregulazioko espedienteak direla eta pentsatzen ari dira hauei ezartzen zaienentzako ikastaroak antolatzea.
Ekintzak
Sindikatuen lana batik bat presio lana, mugimenduena eta aldarrikapenarena da. Adibidez, CC.OOek kanpaina bat martxan jarri du ‘krisiak ez du zure eskubideetan eragina izan beharrik’ lemapean. “Populazio guztiarentzat zuzenduta dago baina era berean emakume eta gazteak argi ibiltzeko pentsatuta. Gazteriaren eta emakume sekretariatik egoera salatzen ere saiatzen ari gara”.
UGTk eskaintzen dituen zerbitzuetatik nabarmendu daiteke aholkularitza zerbitzua eta talde instituzionala non proposamenak aurkezten diren eta bertan zer ekintza abiatu behar diren eztabaidatzen da. Bestetik, arazoak dituzten enpresetara eta espedienteak ireki ditzazkeneetara joaten dira balantzeak ikerketzera eta aholkuak ematera. Halaber, hainbat enpresa ikertzen dituzte batzuk krisia profitatzen omen baitute praktika ez oso garbiak egiteko. “Egia da krisia badagoela baina batzuk ere aprobetxatzen dira”.
LAB sindikatuak berriz, beharrezkoa ikusten du sindikatuek negoziazio kolektiboa tresna bezala erabiltzea desberdintasunak eta prekarietatea ekiditeko eta “langileria baldintza egokietan bizi ahal dezan bermatzeko”.
Prekarietatea
Behin-behinekotasuna ez da gazteak sufritzen duten arazo bakarra. “Prekarietatea ez da soilik kontratu mota bat izatea edo ez izatea. Ondorioak ere aintzat hartu behar dira. Hots, aparteko ordu asko sartuz gero, pertsona horrek denbora aisi murritzagoa du eta horrek gizarteari kalte egiten dio adierazi du Martínezek.
Emilia Málagaren hitzetan, ez dira bakarrik baldintzak ezezik ondorioetan ere arazoak ematen dira. “Gazteak langabezi prestazioekin arazoak izaten dituzte dirua kobratzeko faktore asko kontutan hartu behar direlako”. Halaber, askok ez dute nahikoa kotizatu eta prestaziorik gabe geratzen dira edota kotizatu izanez gero, 6 hilabete eta urte bateko bitarteko prestazioak dituzte soilik. “Gazteak, langabezian daudenean familiagatik izango ez balitz benetako txiroak izango lirateke, eta nire gogoeta honakoa da: ‘familiak gazteen ‘koltxoia’ izango dira beti ala’?”.
Nafarroan
Nafarroan egoera antzekoa da gazteak behin-behinekotasuna ere pairatzen dutelako batik-bat. Estatitistikako Instituto Nazionalaren txostenaren arabera, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean behin-behineko kontratua dutenak %74,89 dira eta mugagabea dutenak %25,11. Halaber, 16 eta 34 urte bitartekoen artean %59,43ek behin-behineko kontratua dute.
Ruben Belzunegi, Nafarroako CC.OO gazte saileko arduradunak nabarmendu du bai gazte eta bai heldu asko ere hurbiltzen ari direla aholkuen bila eta batez ere EREak zer diren jakin nahi dute. “Areagotu dena da trebakuntza ikastaroetara apuntatzen den jendea”. UGTko Vanesa Jiménezek gazteak bai gomendio bila bai formakuntza bila sindikatura joaten direla ohartu du. Eta gazteak batik bat krisia dela eta ‘zigortuenak’ direla erantsi du. Behin-behinekotasuna eta ez-egonkortasuna dira gazteek pairatzen dituzten prekarietate motak. Alabaina, azpimarratu du hainbat enpresek aprobetxatzen dutela enpleguaren gehiegizko errotazioa egiteko eta gazte askok enplegu finkoak behin-behineko kontratu batekin betetzen dituzte.
Era berean, CCOOko kidearen esanetan behin-behinekotasuna ez da soilik ematen den puntu negatiboa. “Enpresek gazteen bitartez formula desberdinak erabiltzen dituzte gastu urriagoak izateko”. Adibide gisa aipatu du unibertsitatea amaitu berri duten pertsonak kontratatzen dituztela bekario kontratuekin eta kontratua 2 urtez luzatu daitezkeela. Gauza bat da praktika kontratuak egitea eta bestea denbora luze batean pertsona bat beka batekin izatea” salatzen du.