Eusko Jaurlaritzak Gazteriaren mugikortasunaren inguruan egindako azterketa baten arabera gazteak lantegira edota ikastetxera oinez edo garraio publikoz doaz batik bat
Zein da gazteak gehien erabiltzen duten garraio mota? 2008an ‘Euskadiko Gazteriaren mugikortasun espazialaren ereduak’ txostenak gazteen garraio ohiturak aipatzen dira. Hemendik atera daitekeen oinarrizko ondorioa da gazte gehienak oinez desplazatzen direla (%88,7k egiten ditu joan-etorriak egunero), %51,5ak garraio publikoa erabiltzen duela eta %48,1ak ibilgailu pribatua. Hortaz, eta helduekin alderatuz, gazteak garraio publikoak helduak baino gehiago hartzen dute.
Euskal Autonomi Erdidegoaren (EAE) gazteriaren %88,7a egunero oinez desplazatzen da eta 3,34 kilometro egiten ditu, bataz beste. Baieztapen honetan ez da agertzen alde handirik generoaren, adinaren eta bizitokiaren arabera nahiz eta Araban egunero oinez ibiltzen den gazte kopurua pixkat handiagoa izan. Hala ere, helduekin erkatuz gero, gazteek, bataz beste, kilometro gutxiago ibiltzen dute.
Autoari dagokionez, Euskadiko gazteriaren ia erdiak erabiltzen du egunero automobila leku batetik bestera joateko. Hain zuzen ere, %48,1ek eta bataz beste, 32,44 kilometro egiten ditu. Era berean, nabarmendu behar da mutilek (%53,4) gehiago hartzen dutela neskak (%42,7) baino. Bestalde, Gipuzkoa da gehien bat garraio hau hartzen den lurraldea, hamar gaztetik seik kotxez desplazatzen baitira (%57,8). Bizkaian eta Araban ehunekoa murritzagoa da, %42,5 eta %47,5, hurrenez hurren.
Oinezko datuekin jazo ez den bezala, autoekin badago alde handia adin tarteen artean. Izan ere, 15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean soilik %28k hartzen du, aintzat hartuta 18 urterekin eskuratzen dela gidabaimena.
Egunero autoz egiten diren batez besteko kilometroei erreparatuta, mutil gazteak neskak baino 11 kilometro gehiago ibiltzen dira: Gizonezkoak 37,18 kilometro eta emakumezkoak 26,52. Automobilarekin ere desberdintasunak agertzen dira hiru lurralde historikoen artean, datu azpimarragarriena Arabakoa izanik. Hots, gazteek Gipuzkoan batez beste 35,73 kilometro egiten dituzte, 33,45 Bizkaian eta Araban bakarrik 20,28.
Adin-taldeei dagokienez, are eta kilometro gehiago ibiltzen dira helduagoak diren heinean. Adibide gisa, datuen arabera, 25 eta 29 urte bitarteko gazteek 45,91 kilometro egiten dituzte egunean. Automobilaren kasuan, ez dago alde handirik helduen eta gazteen erabilgarritasun datuetan.
Halaber, txostenak ere garraio publikoen inguruko datuak argitaratu ditu. Atera daitekeen ondorio nagusiena da Euskadiko biztanleria osoarekin alderatuz, gazteak direla garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak, batez ere 15 eta 24 urte bitartekoek. %51,5ek erabiltzen du garraio publikoaren bat, batez ere lanegunetan eta 27 kilometro egiten dituzte batez beste. Joan-etorriak egiteko emakumezkoak garraio publikoak gehiago erabiltzen dituzte gizonezkoak baino, %59 eta %44 hurrenez, hurren. Hiru lurralde historikoak aztertuz gero, Bizkaioko gazteek erabiltzen dituzte gehien bat. Hain zuzen ere %64,8k Bizkaian, Araban % 40,1k eta Gipuzkoan %34,2k.
Motorrari dagokionez, Euskal Autonomi Erkidegoko gazteen %3,4k baino ez du erabiltzen egunero eta batez beste, 17 kilometro egiten dira. Mutil gehiago dira motorra hartzen dutenak (%4,9) neskak baino (%2). Beste aldetik, Araban gehiago erabiltzen da Gipuzkoan eta Bizkaian baino. (%5,9, %4,9, %2, hurrenez hurren).
Beste garraiobideen inguruan, bizikleta, taxia eta garraio profesionala aipatzen dira txostenean. Oro har, gazteen %12,2k erabiltzen dituzte mota hauetako garraioak eta gizonezkoak dira erabiltzaile nagusiak, %16,4ek erabiltzen baitituzte eta soilik emakumeen %8ek. Era berean, Arabako gazteak dira garraio hauek gehiago hartzen dituztenak, hots, %32,2k. Gipuzkoakoak jarraitzen diete (12,8) eta azkenik Bizkaikoak (%6,5).
Lana, ikasketak eta garraioak
Gazteak desplazatzearen arrazoi nagusienak aisialdiarekin, erosketekin eta norbere eginbeharrekin uztarturik daude %74,5en kasuetan gazteen iritziz eta txostenaren arabera. Zio honi jarraitzen diote ikasketak (%57,1) eta lana (%37,5). Hori bai, kilometro gehiago egiten dira lan arrazoiak direla eta.
Gazteen %57,1 desplazatzen da egunero ikasketengatik. Kasu honetan, mugikortasuna handiagoa da emakumezko gazteen artean (%58,6), gizonezko gazteen artean baino (%55,7). Arabako eta Bizkaiko gazteak dira gehien desplazatzen direnak ikasketak direla-eta (%60,4 eta %59,2, hurrenez hurren) eta Gipuzkoan mugikortasuna txikiagoa da (%52,1).
Ikasten ari diren gazteen %75,7k adierazi dute garraiobideren bat erabiltzen dutela irakaskuntza-zentrora joateko eta %23,9k oinez joaten dira, batez ere Arabako gazteak. Lurralde historiko honetan %34,7k oinez joaten baitira eta Bizkaian eta Gipuzkoan portzentaia murritzagoa da, %22,1 eta %21,5, hurrenez hurren. Ez dago generoen artean desberdintasunik, alabaina, gazteak heldu egiten diren neurrian, oinez desplazatzen den gazte kopurua beheruntz doa.
Ikasleak joan-etorriak egiteko gehien erabiltzen duten garraiobidea hiriarteko autobusa da (%19,2) eta metroa (%11,2), autoa (%9,7) eta aldiriko trena (%9,2) jarraitzen diote. Puntu honetan ez dago alde handirik neska eta mutilen artean baina bai ordea hiru lurraldeen arteko azturetan. Hala nola, Bizkaian, gazteek gehien bat hiriarteko autobusa eta metroa kopuru berean erabiltzen dute, totalean %41ek, eta aldiriko trena %9,1ek erabiltzen dute. Arabaren kasuan, %14,9k hiriarteko autobusa erabiltzen du, %12,4k hiribusa eta %15ek autoa. Azpimarra daiteke Araban %9,9k ikastetxera bizikletaz joaten direla. Gipuzkoan berriz aipagarria da gazte ugarik autoa hartzen dutela. Izan ere, %21,4k autoa erabiltzen du nahiz eta egia izan ia gazte-kopuru berberak oinez egiten dituela joan-etorriak.
Lanari dagokionez, gazteen %37,5 desplazatzen da egunero. Erabakigarria da urteetan aurrera egin ahala, lan-arrazoiengatik desplazatu behar izaten den gazte kopuruak igo egiten dela. Enplegua duten gazteen %85,2k garraiobideren bat erabiltzen duela lantokira joateko dio eta gazteen %14,6k oinez joaten dela. Batez ere emakumeak dira oinez joaten direnak. Hain zuzen ere, nesken %19,5k eta mutilen %10,3k. Araban ere gehiago dira oinez doazenak, lautik gazte bat joaten baita oinez. Gipuzkoan eta Bizkaian soilik oinez desplazatzen dira gazteen %14,1ek eta %12,1ek, hurrenez hurren.
Lantokira joateko gehien erabiltzen den garraioa automobila da. Gazteen erdiak baino zertxobait gehiago hartzen du (%54,3) eta jarraitzen dion garraiobidea metroa da baina izugarrizko aldearekin batetik bestera (%10).
Halaber, gizonezkoen artean, lantokira joateko autoaren erabilera erabatekoa da batik-bat (%71,6), emakumeekin konparatuz gero (%45,2). Egoera bera ematen da metroa eta autobusa zerbitzuekin. Izan ere, nesken %13,3k erabiltzen dute metroa eta %7,9k hiriarteko autobusa. Mutilak berriz, %7k hartzen dute metroa eta bakarrik %3,3k autobusa.
Mugikortasun ikerketa honetatik ere beste ondorio bat aurkezten da: Euskadiko hiru lurraldeetan automobila asko erabiltzen dute gazteak, batez ere, Gipuzkoan non erabiltzaileen portzentaia %75ra heltzen den. Araban eta Bizkaian autoa hartzen duten gazte kopurua baxuagoa da (%56,9 eta %48,4, hurrenez hurren). Automobilari Bizkaian metroa eta Araban bizikleta jarraitzen diote lantokira joateko.
Arrazoiak
Lantokira edo irakaskuntza-zentrora joan-etorriak egiteko gazteek garraiobideren bat edo beste erabiltzearen arrazoien artean, erosotasuna da gazteen artean errepikatuena.
Gauzak horrela, autoa erosoa dela%52,5ek diote, metroa %70,5ek, aldiriko trena %55,3ek eta bizikleta %61ek. Aubousa ordea, gehiengoak adierazi du beste aukerarik ez dutelako hartzen dutela. Hain zuzen ere, %59ek hiriartekoen kasuan eta %42,7ek hiribusaren kasuan.
Maiztasuna
Oro har, gazteek astegunetan autoa erabiltzen dute gehien bat eta astean 8,6 aldiz erabiltzen dute. Zentzu honetan, metroa jarraitzen dio 7,2 joan-etorriekin astero. Hiriarteko autobusari eta hiribusari dagokionez, hiru gaztetik batek erabiltzen du gutxi gorabehera, eta astean 6 aldiz.