Ikasi eta ikasi

Ekaina iristear denean, milaka ikasleen umorea aldatu egiten da. Ikasturtea amaitzear dago, baina lehenago azterketak egin behar dira. Egoera honen aurrean asko dira sufritzen duten ikasleak. Baina zer dela eta azterketei zaien ‘beldur’ hori? Zein da azterketa bat prestatzeko modurik egokiena?

Azterketa baten aurrean urduri jartzea normala da, eta baita beldur izatea ere. Ikasturte amaierako azterketetan urte osoko lana dago jokoan, eta horrek konzentrazio handia eskatzen du. Azterketetara ahalik eta modu egokienean iristeko tentsio eta erlaxazioaren arteko oreka bat bilatu behar da. Tentsioa azterketa behar bezala prestatu ahal izateko, eta erlaxazioa urduritasunak dena hankaz gora bota ez dezan. Tentsioa nagusitzen denean beldurra ere azal daiteke eta orduan akabo! Beldurrak antsietatea sortzen du eta honek gure jarreran eragiten du. Azterketa baten aurrean lo ez egiteak, botaka egiteak edo itolarria bezalako sintomak beldurraren eragin dira. Ikasteko orduan ere, beldur bazara, zailtasunez barneratzen da ikasitakoa eta ondorioz berehala ahaztu egiten dira ikasitako edukiak.
Azterketak
Azterketen arazorik handiena ez da azterketa bera, ikasi beharra baizik. Nork du gustoko azterketa bat prestatzea? Apunte pila irakurri ondoren begirada lausotzen hasten da eta zail egiten da konzentrazioa mantentzea. Nork ez du bere gela txukuntzen hasi azterketa prestatu beharrean? Edozein aitzakia ona da ikasten ez jarraitzeko. Baina azterketa gainditzea garrantzitsua da zuretzat eta behin eta berriro apuntetara bueltatzen zara. Zergatik dira azterketak hain garrantzitsuak? Gure hezkuntza sistema azterketetan oinarritzen da. Ikasle baten ezagupenak sistema honen bidez neurtzen dira eta ondorioz, azterketetan arrakasta eta porrotaren arteko linea zehazten da.
Azterketa bat prestatzean sarritan antsietatea azaltzen da. ‘Ez dit dena ikasteko denborarik emango’, ‘ez dut aprobatuko’… eta antzeko burutazioak ikasle guztien burutik pasatzen dira. Azterketa bat prestatzea sarritan prestaketa kontua da, hots, zure burua prestatu behar duzu barneratu beharreko edukiak ahalik eta modu erraz eta eraginkorrenean ikasteko.
Lehenik eta behin azterketa normaltasunez hartu behar da. Gainditu beharreko froga da, baina gainditzea zure esku dago. Hori jakinda, hots, egoera zure kontrolpean dagoela jakinda, gauzak beste ikuspuntu batetik ikusten dira. Azterketa aurreko egunetan lasai egoteak edukiak barneratzeko eta garatzeko ahalmenean positiboki eragiten du.
Jarrera kontua da
Lasai egon. Nahikoa ikasi baduzu, bestelako faktoreak soberan daude, eta beraz, ez duzu zertan kezkatu behar. Zure esku dagoen bakarra emandako materialea ikastea da; azterketan izango diren galderak eta irakasleak hauek puntuatzeko erabiliko dituen irizpideak ez daude zure esku.
Azterketa guztiak gainditu daitezke. Baikor izan behar duzu eta zure aukeretan konfidantza izan. Hona hemen zenbait gomendio:
• Azterketa prestatzerakoan ez utzi apunteen zatirik handiena azken egunerako. Azken egun hau errepasorako erabili beharko zenuke. Azterketa eguna gerturatu ahala oraindik ere hainbat eduki ikasteke dituzula ikusteak urduritasuna sortzen du eta zaila egingo zaizu behar bezala ikastea.
•  Bizitza normala egin, hots, egunero egiten dituzun gauzak egin. Honekin, zure buruak ere normaltasun batean zaudela sentituko du.
• ‘Mens sana in corpore sano’: Ariketa fisikoak egitea ere on egingo dizu. Aukera izan ezkero atera zaitez footinga egitera edo paseo bat ematera. Igerilekura joatea ere ez da ideia txarra. Ikastea ez da etxean giltzapetuta egotea.
• Azterketa aurreko azken gauean ondo lo egiten saiatu, hau da, gutxienez zazpi ordu. Ez da ideia ona berandu arte ikasten geratzea edo ikasteko goiz esnatzea. Zure buruak ere deskantsatu behar du, ohikoa baino lan handiagoa egin baitu.
Alea jacta est
Julio Cesarrek esandako esaldi famatuaren antzera, azken egunean egiteko ezer gutxi dago. Saia zaitez azterketa-lekura (ikastola, unibertsitatea…) goiz iristen, eta ziurtatu azterketa egiteko behar duzun material guztia duzula: axota, arkatzak, borra-goma, txorroskiloa, kalkulagailua…
Azterketa baino lehen ohikoa izaten da ikaskideekin azterketarako edukien gainean mintzatzea. Dena den, hori ere ez da oso ideia ona, zalantzak besterik ez baititu sortzen. Gainera, zure lagunen bat urduri badago, urduritasun hori kutsa dezake. Azterketa aurreko azken minutuak ez dira errepaso egiteko momentua. Ikasitakoa jada ikasita izan behar du eta hobe da burua tentsiorik gabe mantentzea azterketa momenturarte. Azterketa ordua gerturatzen den heinean urduritasuna nagusitzen doa. Normala da, ‘egiaren ordua’-ren aurrean izango zara, baina positiboa izan behar duzu; sarritan pasa duzu halako egoerak eta seguruenik beti gainditu izan dituzu. Ikasketa lanak ondo burutu badira azterketa gainditzeak ez du arazorik suposatu behar.
Azterketa mahai gainean
Irakasleak azterketak banatu ditu eta lehen begirada batean erantzunak ez dakizunaren sentsazioa nagusitzen da. Segundu batzuetaz aurreko egunetan ikasi duzun informazio hori guztia ahaztu egin zaizula pentsatuko duzu.
Lasai. Lan handia egin duzu eduki guztiak ikasten eta orain azterketako galderen erantzun guztiak zure buruan daude. Zure zeregina informazio hori planteatzen diren galderen baitan antolatzea izango da. Edukiak antolatzen dituzun heinean, zure buruarengan duzun konfidantza biderkatu egingo da. Gogoratu gizakion memoria modu asoziatiboan funtzionatzen duela. Lehen ideia bat burura etorri bezain pronto beste guztiak jarraian etorriko dira.
Bidezidorrak
Azterketa garaia ia gainean dute ikasleek, eta larritzen hasteko unea iritsi da. Apunteak fotokopiatzen hasi, etxetik atera gabe ikasi eta ikasi aritu… zenbat esfortzu egin behar azterketa bat gainditu ahal izateko! Horixe da ikasle gehienek ekainean izango duten bizitza, baina guztiontzat gauza bera izango al da? Erantzuna ezezkoa da. Bada ikasle mota bat abilezia berezia duena ezer ikasi gabe ikasturteak gainditzen joateko: txuleten maisuak.
Hasteko, kopiatzaile estandarrak daude. Bere ikaskideek ez dituzte begi onez ikusten, normalean alfer hutsak baitira. Kopiatzaile ona izateko kriston bista ona ezezik, kopiatua izateko azterketa ondo prestatu duen ‘kide’ baten laguntza behar da.
Izan bada ere kopiatzaile tradiziozalea deitzen dena. Historian zehar erabilienak izan diren txuletak egiten aditua da hau. Paper zati batean, oso letra txikiarekin idatzi beharrekoa idatzi, eta ondoren ezkutalekuren batean jarri, behar denean era azkar eta diskretuan begiratzeko moduan. Errazena, estutxean sartzea da, baina irakasle ugarik mahai gaineko guztia gordetzeko eskatu ohi dute. Halakoetan, badira beste ezkutalekuak ere: txuleta biribil formarekin moztu, eta erlojuan kamuflatu, galtza motzen edota gonaren barruko aldean pegatu, honi pitin bat buelta emanez txuleta irakurtzeko moduan, zapataren zolan itsatsi eta hankak gurutzatuz begiratu (teknika horrekin, txuletak plastifikatuta egon behar du, lurra bustia badago izorratu egin baitaiteke), mahuka luzearen barruko aldean gorde, aulkian, bi hankak banatzean erraz irakurtzeko moduan… Mukizapi baten barneko aldean ere idatz daiteke, eta hotzeriaren aitzakiarekin, idatzitakoa irakurri. Kopiatzaile mota hori da irekiena, nahiz eta oso zaila den bere konfiantza lortzea. Izan ere, tradizioak jarraipena izan dezan nahi du, eta bere jakituria belaunaldi berriei irakasteko prest dago. Baina, hala ere, izugarri zaila da bere sekretuetara heltzea. Kopiatzaile tradiziozalea izateko, letra txiki eta ulergarria izatea beharrezkoa da, nahiz eta ordenagailu bidez egiteak ere asko laguntzen duen, letra oso txikiz inprima baitaitezke txuletak.
Tatuatzaileak & zirujauak
Kopiatzaile tradizionalen aldaera bat tatuatzaileak dira. Txuleta, letra izugarri txikiarekin, euren gorputzean idazten dute zuzenean. Besaurrean, esku ahurrean, behatzetan… Edozein tokitan idazteko gai dira. Teknika hau menperatzeko, letra oso txikia eta bista ona izateaz gain, odol hotza beharrezkoa da, urduri jartzen bazara posible delako izerditan hastea, eta, orduan, akabo, txuleta ulergaitza bihurtzen baita.
Kopiatzaileen artean ere badira zirujauak deiturikoak. Horiek badute halako estatus berezi bat mundu honetan; izan ere, informazio pribilegiatuaren jabe dira. Azterketaren aurretik badakite nolakoa izango den. Batzuek harreman berezia dute kopiategiko arduradunarekin, eta irakaslea azterketaren kopiak egitera doanean, eskatutakoak baino bat gehiago egiten ditu, ondoren zirujauari emateko. Bestela, lapur dohain berezia izan dezake zirujauak, eta zuzenean irakaslearen jabegotik lortu azterketaren kopia.