Auto istripuak dira gazteen artean heriotz eta lesio gehien sortzen dutenetakoak. Eusko Jaurlaritzak honen inguruan kontzientzia hartzeko kanpaina jarri du abian
Hau da trafiko istripuak ekiditeko 1998n martxan ezarri zen kanpaina eta oraindik gaur egun indarrean dagoena. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak eta AESLEME elkarteak (bizkarrezur erdilarien lesiorako ikasteko elkartea) urte horretan hitzarmen bat sinatu zuten oraingoan berritu dutena. Gainera, AXA aseguratzaileak ere parte hartzen du.


Askotan eta batez ere gazteak, ez zaiela ezer ez gertatuko pentsatzen dute eta asko arriskatzen dira zenbait kontuetan. Hala nola drogak probatzen edota motorra eta automobila abiadura handiz eta babes barik ibiltzen. Azken honek istripuak edukitzeko aukerak handitzen ditu eta istripuek hainbat ondorio aurkez ditzakete: heriotzak eta lesio larriak. Heriotzak ekidin behar dira bai, baina baita ere pertsonak istripu batengatik grupil-aulki batean geratzea edo ezindu geratzea. Eta hortik dator ‘Gerta dakizuke’ lema, pertsona orok istripu bat izan dezakegulako.
Itunaren baitan, konpromezu garrantzitsuena eskola eta zentruetan hitzaldiak ematea da 12 eta 18 urte bitarteko gazteak istripuen arriskuez kontzientziatzeko. Ekimenak osasun munduko profesionalak eta istripu baten eraginez bizkarrezur erdilarrien lesiodunak zentruetara bisitak egitea jasotzen du. Hauek ordu bat edo bi orduko hitzaldiak ematen dituzte eta bideo hunkigarriak proiektatzen dituzte.
Programak gerrikoa ezarriz, abiadura motelduz, mugikorra ez erabiltzen eta abarrekoekin istripuak ekidin daitezkelaren gomendioak barneratzen ditu. Era berean, zer egin behar den istripu baten ondoren barneratzen du. Hau da, garrantzia ematen zaio zaurituak bere lekutik ez direla mugitu behar larrialdi zerbitzuak iritsi arte, zauritua mugituz gero gehiago kalte daitekelako. Bestalde, ekimenak jasotzen duen moduan, zeintzuk diren istripuen ondorioak ezagutzera ematen dira: bizkarrezurreko arazoak, buruko arazoak, psikologikoak eta sozialak. Ikasleen artean, kontu hauen guztien gainean eztabaidatzea ere bilatzen da ekimenarekin.
Hortaz, ‘Gerta dakizuke’ mezuak bi adiera ditu. Batetik, istripuak sahiestea eta bestetik, zeintzuk izan daitezkeen istripu baten ondorioak ezagutzera ematea. Zorionez, kanpaina gazte askorengana heltzen da. Bide batez, 1998z geroztik, 200.000 nerabeengana heldu da. 2009an kanpaina 15.000 gazteengana heldu da eta Euskadiko Bigarren Hezkuntzako 150 zentruetan hiltzaldiak eman dira. Aurten ere, makina bat ikasleek jaso dituzte hitzaldiak, oraingoz, 3.200 gutxi gorabehera.
Bestalde, Donostian road Shows ekimena ‘Gerta dakizuke’ ekimenaren barnean dago. Road Show istripu baten antzezlana da non istripuaren benetako pertsonak parte hartzen duten: polizia, suhiltzaileak, zaurituak, anbulantziako pertsonak, medikuak…

Istripu gutxiago
Kanpainak zerbaitetarako baliogarriak badirela adierazten dute datuek. Izan ere, 2009an, Euskadin 12 eta 18 urte bitarteko gazteen artean, istripuengatik hildako zenbakia %68an jaitsi da eta zaurituen zenbakia %16ean.
Era berean, Herrizaingo Sailaren Trafiko Zuzendaritzak aurkeztutako datuen arabera, 1993tik aurrera 15 eta 29 urte bitarteko gazteen artean trafiko istripuak %75,3an jaitsi dira. Hala eta guztiz ere, 1999an, gazteen artean istripuen zenbakia goruntz egin zuela baina berriro kopurua jaisten joan zela aipatu du.
Horrela, 2008an 15 eta 29 urte bitarteko 22 gazte hil ziren trafiko istripuetan. 1993az geroztik egoera horretan hildako gazteen kopuruak beherakada izan du, %75,3ekoa, zehazki, garai horretan 83 izan ziren.
Sexu aldagaia aintzat hartuta, 2008an, ia hildako guztiak gizonak izan dira, 19 gizon eta 3 emakume. Horietatik, 15 gidatzen ari ziren, 6 ibilgailuan zeuden eta 1 oinezkoa zen. Datuak adin-taldeka aztertuz gero, hildako gazte kopururik handiena 20 eta 24 urteko adin-tartean kokatzen da, 9 hildako izan baititu nahiz eta kopuruen arteko aldea ez den oso handia 15 eta 19 urte bitartekoen artean 6 hildako egon direlako eta 25 eta 29 urte bitartekoen artean 7.
2008ko datuek adierazten dutenez, 15 eta 29 urte bitarteko 5.051 gidarik trafiko istripuren batean inplikatuta egon dira. Gazte talde horretan, hamar gaztetik zazpi gizonak dira. Adinari erreparatuta, istripuen %49,6a 25 eta 29 urte bitartekoen artean eman dira; %39,2a 20 eta 24 urte bitartekoen artean; eta %11,2a 15 eta 19 urte bitartekoen artean.
Istripua izan dutenen erdiak baino gehiagok 25 eta 29 urte bitarteko adina bazuten ere, garrantzizkoa da aintzat hartzea adin-tarte horretako gidari kopurua 15 eta 19 urte bitartekoa halako sei dela eta 20 eta 24 urte bitartekoenaren ia halako bi.
Adin-talde bakoitzean istripua izan dutenen tasetan arreta jarrita, 15 eta 19 urte bitarteko 1.000 gaztetik 30ek istripua izan dute gidari gisa; 20 eta 24 urte bitartekoen artean, aldiz, tasa 28koa da 1.000 gazteko; eta 23koa 25 eta 29 urte bitartekoen artean. Beraz, istripuen eragina handiagoa da gazteenen artean.
Trafiko istripuetan inplikatutako gidari gazteen kopuruaren bilakaerari dagokionez, aipagarri da 1993ean 9.125 gidari inplikaturik egon zirela eta 2008an 5.051. Alabaina, 1999an istripua izan duten gazteen kopuruak gora egin zuen nabarmen 10.610 inplikatuekin. Handik aurrera, beherakada etengabekoa izan da gaur egun arte. 2002an 7.887 izan ziren eta 2005ean 6.649.