Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa baten arabera eskolan emandako tratu txarren kasuak hazi egin dira 2008ko datuekin alderatuta. Lehen Hezkuntzako bostgarren mailan ematen omen dira tratu txar kasu gehienak
Irakas-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI-IVEI) 2009ko datuetan oinarrituta ‘Ikaskideen arteko tratu txarrak Euskadin’ izeneko txostena kaleratu berri du. Hau da ISEI-IVEIk kaleratzen duen gai honen inguruko hirugarren txostena, aurreko biak, 2005 eta 2008an kaleratu baiziren. Azken txostenaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko eskoletan ematen diren tratu txarren kopurua hazi da, %1an hain zuzen ere aurreko urteko datuekin alderatuta. Horrela, LH1eko ikasleen %17ak tratu txarrak pairatu dituela onartzen du. DBHn, berriz, kopuru hau %12raino jaisten da.
Aipatu ikerketaren arabera, tratu txar kasu gehienak Lehen Hezkuntzako bostgarren mailan ematen dira. hots, 10-11 urteko ikasleen artean. Adin honateko ikasleen ia %20ak nolabaiteko tratu txarrak pairatu dituela onartzen du, batez ere, irainak, ezizen makurarazleak, lapurretak… Adin tarte honetan ematen diren tratu txarrak dira gehien hazi direnak, batez ere tratu txar fisikoei dagokionez. Maila honetan dauden ikasleen %4ak tratu txar fisikoak salatu ditu (3,2 aurreko urtean).
Ezizen makurarazleak
Lehen Hezkuntzan tratu txar gehienak jolastokian ematen diren bitartean, Bigarren Hezkuntzan, berriz, klasean bertan ematen ei dira. DBHen lortutako emaitzen arabera, tratu txarrak eskasagoak dira 12 eta 16 urte bitarteko ikasleen artean. Adin tarte honetan, tratu txar fisikoak urriak izaten dira, ez horrela tratu txar moralak. Azken hauen artean, ezizen makurarazleak jartzea da min egiteko sistemarik ohikoena.
Aztertutako maila guztietan ezizen makurarazleen erabilera azaltzen da. Tratu txar mota honek jasangaitza egiten du hainbat ikasleen bizitza. Ikasleen %6ak jokabide hauek salatu ditu. ISEI-IVEIren azterketaren arabera, tratu txar psikologikoak %1 eta %3 bitartean hazi ei dira azken ikasturtean.
Sexuen artean alde nabaririk ez bada ere, oro har, tratu txarrak mutilen artean ematen dira, btez ere adin txikietan.
Sexu jazarpena edota ciberbullying delakoa ez dira, modu nabarian, euskal eskoletan ematen diren portaerak. Sexu jazarpenei dagokionez, ikasleen %1ak salatu ditu halako portaerak. Hau, duela gutxi azaldutako fenomenoa da eta Eusko Jaurlaritzatik hau ekiditeko bideak lantzen ari dira.