Neskek gutxiago erabiltzen dute kondoia lehen harremanetan

Arizonako Unibertsitateko Nicole Weller-ek zuzendutko ikerketa baten arabera, neskek, bataz beste, gutxiagotan erabiltzen dute kondoia bere lehen sexu-harremanetan. Ikerketa beraren arabera mutilek harreman gehiago izaten jarraitzen duten arren, neskak dira, lehen sexu-harreman horietan, gutxien babesten direnak.
Ikertzaileak harrituta azaldu dira ikerketan lortutako emaitzekin. Horrela, gaur egun gazteak beranduago hasten omen dira harreman sexualak mantentzen, baina hala ere, sexu transmisiozko gaixotasunak hartzen dituztenen bataz besteko adina jaitsi da, hots, jendea gero eta gazteago kutsatzen da. Weller-ek adierazi duenez, “15 eta 19 urte bitarteko gazteen artean sexu transmisiozko gaixotasunen gorakada bat nabaritu dugu. Ikerketaren arabera gero eta beranduago hasten direnez harreman sexualak mantentzen, harreman hauek babesik gabe izaten direla ondoriozta daiteke”.
“Gaztea zarenean eta harreman sexualak mantentzen hasten zarenean ez duzu pentsatzen ekintza horrek izan ditzakeen ondorioetan. Helburu bakarra ahalik eta hoberen egitea da. Horregatik, funtsezkoa da ahalik eta hezkuntza sexual egokiena izatea” adierazi du Weller-ek. Izan ere, aipatu ikerketaren xede nagusia informazioak eta hezkuntza sexualak nerabeengan duten eragina neurtzea izan da. Horrela, ikerketaren arabera, zenbat eta hezkuntza sexual egokia jaso duten nerabeek gehiago babesten dira harremanak izaterakoan.

Estatuan
Aipatu ikerketa EEBBetako gazteriari badagokio ere, emaitzak estatuan diren emaitzen antzekoak dira. Horrela, gai honen inguruan egin diren inkesta desberdinen arabera, sexu harremanak hasteko bataz besteko adina, beti ere estatu mailan, hamasei urtekoa da. 15 eta 19 urte bitarteko gazteen %66a sexualki aktibotzat jotzen du bere burua, eta 20 eta 24 urte bitartekoen artean, berriz, kopuru hau %93ra hazten da.
Antisorgailuen artean, gehien erabiltzen dena kondoia edo preserbatiboa da, baina gazte askok hau harreman guztietan ez dutela erabiltzen onartzen dute.
“Journal of Sexual Medicine” izeneko aldizkarian argitaratutakoaren arabera, nerabeen artean gehien praktikatzen den sexu jarduera masturbazioa da.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE