Ikasturtean zehar emaitza onak atera ez dituzten ikasleek kurtsoa errepikatu baher izaten dute. Hainbat hezitzaile eta ikasleen ustez, hau ez da neurri eraginkorra baldin eta ikasle bakoitzari egokitutako plangintza batekin osatzen ez bada.
Ikasturtean zehar emaitza onak atera ez dituzten ikasleek kurtsoa errepikatu baher izaten dute. Hainbat hezitzaile eta ikasleen ustez, hau ez da neurri eraginkorra baldin eta ikasle bakoitzari egokitutako plangintza batekin osatzen ez bada.
Hezkuntza sistema gehienetan emaitza onak ateratzen ez dituzten ikasleek kurtsoa errepikatu behar duten arren, hainbat irakasle eta adituen ustez, hau ez da oso neurri eraginkorra. Kurtsoa errepikatzea eraginkorra izan dadin, ikasle errepikatzaileak kurtsoa gainditzea ekidin dioten zailtasunei aurre egiteko errefortzu neurri bereziak jaso beharko lituzke.
Estatu mailan jasotako datuen arabera, 2007-08 ikasturterarte, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) amaitu baino lehen ikasturteren bat errepikatu behar izan duen ikasle kopurua %42,2koa da. Datua, berez, nahikoa kezkagarria bada, are gehiago, ehuneko honen joera goruntz doala jakinda. Zorionez, Euskal Autonomia Erkidegoan datuak ez dira hain negatiboak. Izan ere, EAEa da, ildo honetan, estatu mailan emaitza onenak lortzen dituen erkidegoa (soilik ikasleen %9a errepikatu du kurtsoren bat).
Datuei gainbegirada bat emanez, batez ere DBHko lehen eta hirugarren mailan ematen dira kurtso errepikapen gehien, batez ere mutilen artean, eta ikasgune publikoetan pribatuetan baino.
Eztabaidarako neurria
Arestian aipatu den bezala, ohikoa den neurria izan arren, gero eta gehiago dira hezkuntza munduan lan egiten duten profesionalen artean neurri honen eraginkortasuna zalantzan jartzen dituztenak. Estatu zein erkidego mailan, kurtso errepikapena ikasturte edota ziklo baten kurrikulu eskaerak gainditzen ez dituzten ikasleentzat derrigorrezkoa bada ere, aztertutako hainbat datuen arabera neurri honekin lortutako emaitzak ez dira positiboak. Horrela, PISA bezalako nazioarteko ebaluaketen arabera, errepikatzaileen emaitza akademikoak hurrengo mailara pasatzeko mailatik behera aurkitzen dira. Gainera, ikasle errepikatzaileek bere buruarekiko konfidantza galtzen dute eta ikaskuntza prozesuarekiko jarrera negatiboagoa omen dute. Irakasleen aldetik ere, ikasle hauek gutxietsitzeko joera ere omen dago.
Dena den, errepikatzeak, printzipioz, abantailak ere izan ditzake. Horrela, errepikatzearen mehatxua hor egonik, bere klaseko lagunak ez galtzeko asko dira saiakera berezia egiten duten ikasleak. Ikastaroa errepikatzean ikasleek beharrezkoak diren trebetasunak bereganatzeko aukera du; kurtsoa automatikoki gaindituko balu datorren kurtsoan arazoa handiagoa izango litzateke: klaseko erritmoa jarraitzeko arazo handiagoak… Errepikatzaileen artean, gainera, asko omen dira gustora daudenak: aurreko urtean bereganatu zituzten hainbat ezagupen bereganatzeko aukera dute, lagun berriak egiten dituzte eta irakasleen aldetik ere laguntza handiagoa somatzen dute.
Errepikatzeko arrazoiak
Zer dela eta ikasle batek kurtsoa errepikatu behar du? Zergatik ikasleak ez dira gai betebehar guztiak gaintzeko? ISEI-IVEIk (Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea) iaz kaleratutako txosten baten arabera, ikasleek errua ikasle errepikatzailearena dela diote. Zentzu honetan, ikasleek horrela ikusten dute errepikatzailea: esfortzurik egin ez duen ikaslea, motibazio eta interes gutxikoa, eta maila txikiago batean, aurreko ikasturteetako ezagupenen falta. Irakasle gehienek bat egiten dute ikasleek azaldutako arrazoiekin, eta, gainera, familiaren laguntza falta ere nabarmentzen dute.
Aipatu txostenaren egileen ustez, bestelako errefortzu neurririk gabe errepikatzeak ez du inolako zentzurik “porrot egin duen ikaslea gainditu ezin izan duen testuinguru akademiko berean kokatzen duelako berriz ere”. Gainera, eduki akademikoen zailtasunei harreman pertsonal berriak eraikitzearen zailtasuna ere gehitu behar zaie.
Errepikatzeak errefortzu neurriak behar dituen bezala, ikasleen promozio automatikoak ere antzeko neurri osagarriak beharko lituzke. ISEI-IVEIk egindako txostenean parte hartu duten irakasleek, besteak beste, honako hauek aipatzen dituzte: beharrezkoak diren ikasgaietan errefortzu indibidualizatua, kurrikulu dibertsifikaziorako taldeen sorrera, jarraipen plan pertsonalizatuak eta ikasturte hasieran ikasleek dituzten beharren inguruko ebaluazioa.
Kurtsoa errepikatzearen inguruko araudia
Egun indarrean den Hezkuntza Lege Organikoan, araudi desberdinek hezkuntza ziklo desberdinetan ikasleek kurtsoa gainditzeko bereganatu behar dituzten minimoak zehazten dituzte. Horrela, Lehen Hezkuntzan, irakasleriak ikasleak promozionatzeko erabakia hartzen du ziklo bakoitzaren amaieran (LH2, 4 eta 6), beti ere tutorearen informazio eta iritzian oinarrituta. Ikasleak oinarrizko eskuduntzak eta gutxieneko heldutasuna lortu ezean urtebete gehiago eman dezake ziklo berean, baina lehen hezkuntzan neurri hau soilik behin har daiteke.
Bigarren Hezkuntzako ikasleek, berriz, bitan errepika dezakete etapa honen zehar eta behin bakarrik kurtso bera, DBHko laugarren mailan izan ezik. Kurtso hau hirugarren aldiz errepika daiteke baldin eta aurreko mailetan errepikapenik eman ez bada. Etapa honetan, hiru gutxiegi edo gehiago dituzten ikasleek ezin dute kurtsoa gainditu, baina zenbait kasu berezietan, irakasleriak kurtsoa gainditutzat eman dezakete ondorengo ikasturteetan arazoa desagertuko dela uste badute. Lehen Hezkuntzan bezala, errepikatzen duten ikasleek pertsonalizatutako plan bat jarraitu beharko lukete ikusitako gabeziak gainditu ahal izateko.
Batxilergoan, lehen kurtsoan, hiru gutxiegi edo gehiago dituzten ikasleek errepikatu beharko dute. Zenbait Erkidegoetan, batxilergoko lehen ikasturte hau errepikatzen duten ikasleek ez dituzte gainditutako ikasgaiak berriz gainditu behar.