Unescok berriki kaleratu duen txosten baten arabera munduan 28 milioi haurrek ez dute eskolara joateko aukerarik bere herrialdeetan ematen diren gatazka armatuak direla medio. Aipatu txostenaren arabera,1999-2008 epean, munduan 35 gatazka armatu eman ziren eta hauetan guztietan eskolak objetibo militartzat hartuak izan dira. ‘Munduan hezkuntza guztiontzat 2011 txostena’ren arabera, asko dira gatazkak pairatzen dituzten herrialdeetan hezkuntzan negatiboki eragiten duten faktoreak. Horrela, biolentzia sexuala gatazka hauetan beldurra sortzeko erabilia izaten da eta, honen eraginez, neskatxa gehienek etxean geratu behar izaten dute.
Unescok gogor salatu du herrialde hauek gastu militarretara bideratzen duten diru kopurua. Izan ere, gatazkan diren herrialdeetan gastu militarretara bideratzen den diru kopurua khezkuntzara bideratzen den kopurua biderkatzen du. Paradoxikoki, munduan diren 2o herrialde txiroenek diru gehiago bideratzen dute armetara hezkuntzara baino. Unescok egindako kalkulu baten arabera, herrialde hauetan armetan gastatzen den %10a hezkuntzara bideratuko balitz ia hamar milioi haurrek eskolara joateko aukera izango lukete. Arazoa ez dago herrialde txiro hauetan soilik. Izan ere, Unescoren esanetan, munduko herrialde aberatsenek sei egunetan egiten duten gastu militarra hezkuntzara bideratuko balitz, munduko hezkuntza sistemaren urteroko zorra guztiz kitatu ahal izango litzateke.
Gatazka armatuen beste eraginetako bat errefuxiatuena dugu. Kasu hauetan, errefuxiatuen helburu bakarra iraunbizitzea izaten da eta hezkuntza bigarren maila batera pasatzen da. ACNURek kudeatzen dituen errefuxiatu kanpamenduetan eskolatze tasa %40 ingurukoa da.
Ezkorraz izateko arrazoiak
Unescok emandako datu hauen guztien arabera milurteko helburuetan hezkuntza eremuan ezarritako helburuak lortzeko arazoak izango direla aurreikus daiteke. 2000. urtetik hona eskolara joan gabe ziren haurrak 106 miloi inguru ziren eta orain berriz, 68. Hala ere, joera aldatu egin dela azpimarratu dute Unescotik eta 2015. urtean kopuru hau 72 milioi haurretaraino irits daitekeela adierazi dute.
Beste hainbat herrialdeetan, haurrak eskolara eramateko ahaleginak egin dira, baina planifikazioa egokia izan ez denez, emaitzak ez dira eraginkorrak izan. Horrela, hainbat lekutan eskolara joaten diren haurren kopurua handitzea lortu bada ere, azpiegiturak ez dira hobetu eta ondorioz, eskolak masifikatuta aurkitzen dira. Baldintza hauetan, ezinezkoa da haurrek benetako trebakuntza jasotzea. Hau ez da hegoaldeko herrialdeetan soilik ematen den arazoa. OCDE osatzen duten herrialdeetan ere, eskola porrota tasa %20koa da.