UPV/EHUk egindako azterketa baten arabera, Internetek umeentzat izan ditzakeen arrisku gehienen eragina txikiagoa da Espainian Europako herrialdeen batez bestekoa baino. Azterketa EU Kids Online ikerketa sarearen barruan egin da.
Aipatu ikerketa UPV/EHUko Maialen Garmendia irakasleak zuzendu du, eta besteak beste, azterketaren ondorioetan, gurasoak seme-alaben Interneteko ibileretan gehiago inplikatu behar direla azpimarratzen da.
Interneten bidez adin gutxikoek izan ditzaketen arriskuen artean eduki sexuala duten mezuak edota jazarpen mezuak azpimarra daitezke. Azterketaren arabera, horrelako mezuak hjaso dituzten haurren gurasoen %60 inguruk ez zuen hauen berri. Garmendiak dioen bezala, “bizitzaren arlo guztietan bezala, Interneten oso zaila da adin gutxikoak arrisku guztietatik babestea. Hala ere, gurasoen laguntza funtsezkoa da adin gutxikoek arrisku horiek gainditzeko ondorio txarrik gabe”.
Azterlaneko datuen arabera, Espainian 9 eta 16 urte bitarteko neska-mutikoen %11ek ikusi dituzte eduki sexualak Interneten. Europa mailan, berriz, bataz beste ehuneko hau %14raino hazten da. Mezu sexualak jaso dituzten neska-mutikoen ehunekoetan ere alde nabarmena dago estatuaren eta Europako batez bestekoaren artean: Espainian 11 eta 16 urte bitarteko adin gutxikoen %9k jaso du halako mezuren bat, eta Europan, berriz, %15ek batez beste.
Datu hobeak
Jazarpenerako edo cyberbullyingerako teknologia berrien erabilera ere txikiagoa da Espainian. Inkestaren arabera, inoiz halako jazarpena jaso duten adin gutxikoak ez dira %5era heltzen Espainian, eta Europan, berriz, %6 dira batez beste. Dena den, kopuruak asko aldatzen dira herrialdetik herrialdera. Adibidez, Estonian eta Errumanian ehuneko hori %13 baino gehiago da.
Nerabeak interneten bidez zein neurritan ezezagunekin harremanetan jartzen diren ere aztert den gai bat izan da. Kasu honetan ere, Espainian lortu diren datuak Europan, bataz beste, lortu direnak baino hobeak dira. Horrela, Europan adin gutxikoen %30ak ezagutzen ez duen norbaitekin interneten bidez nolabaiteko harremana izan duela onartzen duen bitartean, estatuan ehuneko hori doi %20 tik pasatzen da. Europan nahiz Espainian umeen %9k esan zuten inoiz geratu zirela Interneten bidez ezagututako norbaitekin.
Arriskuok dena dela oso modu desberdinetan eragiten diete gazteei. Eduki sexualak ikusteagatik, ezezagunekin geratzeagatik edo mezu sexualak jasotzeagatik nahigabetuta edo jota geratu diren adin gutxikoak ez dira %20ra heltzen. Cyberbullyingaren kasuan, berriz, halako jazarpena jaso zuten hamar umetik bederatzik esan du nahigabetuta zeudela.
Txostenaren beste ondorioetako bat Internet adin gutxikoen bizitzaren eta komunikazioaren oso parte inportante bihurtu dela da, nahiz eta hori Espainian neurri txikiagoan gertatzen den Europako beste herrialdeetan baino. Neska-mutiko espainiarrek batez beste 71 minutu ematen dituzte egunean Interneten, eta 88 minutu, berriz, Europan. Europakoen antzera, Espainiako adin gutxikoen %60 inguru konektatzen dira Internetera egunero edo ia egunero.