Renaud Barret eta Florent de la Tullay frantziar zuzendarien ‘Benda Bilili!’ filmak Donostiako IX Giza Eskubideen Zinemaldiko Luzemetraia Onenaren saria irabazi du. Lan irabazleak musikari minusbaliatuz osatutako Kongoko Staff Benda Bilili musika taldearen istorioa azaltzen du, eta filma amaitu ahal izateko zuzendari frantziarrek talde hau bost urtez jarraitzen izan dira.
Sari nagusia Frantziara joan da, baina Amnistía Internacionalek zinemaldi honetan ematen duen sari berezia, berriz, Patricio Guzmán txiletarrak irabazi du ‘Nostalgia de la luz’ lanarekin. Lan honetan, Pinochet-en diktaduran zehar desagertutakoen afera lantzen da. Erakunde berak, ‘Chagos ou la mémoire des iles/Unforgotten Islands’ lanari aipamen berezia eman dio.
Gazteen sari berezia
Gazteen epaimahai honen saria Jon Garañanok zuzendutako ‘El método de Julio’ laburmetraiak irabazi du. Garañanok 3.000 eurotako ordainsaria bereganatu du sari honi esker. Aurtengo IX. edizio honetan, gazteek osatutako epaimahai berezi paralelo bat izan da. Guztira, 18 eta 30 urte bitarteko 124 gazte izan dira aipatu epaimahai honetan, 94 emakume eta 30 gizon izan dira. Gehienak gipuzkoarrak izan dira, baina baita Bizkaia, Nafarroa, Bartzelona, Argentina, Dominikar Errepublika, Ekuador, Errusia, Frantzia edota Morokokoak. Gainera, epaimahai honetan, Human Rights Film Network nazioarteko sarea osatzen duten Sarajevoko Pravo Ljudskiko, Napoleseko zinemaldiko eta Pragako zinemaldiko ordezkariak ere izan dira.
Zinemaldi arrakastatsua
Donostia Kulturak egindako balorazioaren arabera, aurtengo edizioa guztiz arrakastatsua izan da. Emandako datuen arabera, guztira 23.409 ikusle izan dira zinemaldia jarraitzen, iaz baino ia 1.200 ikusle gehiago. Guztira 45 pelikula izan dira ikusgai edizio honetan.
Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udaleko Bake eta Giza Eskubideen Etxeak antolatzen du eta bere egoitza nagusia Victoria Eugenia Antzokia da, nahiz eta bestelako egoitzetan ere filmak ikusgai izan.