irrika.net gazteen esku zientzia zaletasunean murgil daitezen

Irrika aldizkaritik abiatzen da proiektu hau eta helburua gazteen komunitate aktibo bat sortzea, eta gazteentzat zientzia eta teknologiako gaietan Euskal Herrian erreferente izatea da

Euskal Herriko Unibertsitateak 12-18 urte bitarteko gazteen neurrira egindako webgunea abian jarri du: Irrika plataforma. Helburua, Euskal Herrian, gazteentzat zientzia eta teknologiako gaien inguruko erreferente bihurtzea da, eta, aldi berean, komunitate aktibo bat sortzea. Plataforma berriari ongietorria emateko, Irrikatea lehiaketa abian jarri da. Bertan, gazteek bere trebezia erakutsi beharko dute Ipod Touch bat irabazi nahi badute. Gainera, izena ematen duten guztientzat ezusteko opari bat ere izango da.
Zientzia eta teknologiaren alorreko albisteak, elkarrizketak, informazioa, kontsultak egiteko aukera eta abar aurkituko dituzte gazteek Euskal Herriko Unibertsitateak plazaratu berri duen Irrika plataforman; Elhuyar Fundazioa izango da plataformaren ekoizlea. Irrika plataforman, jakintzaren arlo guztiak landuko dira, eta, zientzia aipatzen denean, hauek guztiak izango dira kontuan: zientzia esperimentalak, ikasketa teknikoak, osasun zientziak, gizarte zientziak, zientzia juridikoak, giza zientziak eta artea. Irrika.net-ek 12-18 urte bitarteko gazteen neurrira egindako edukiak biltzen ditu, gehienbat euskaraz (% 70) baina baita gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere. Hein batean, “gazteak izango dira Irrika Plataformaren sortzaileak, beren parte-hartzea ezinbestekoa izango baita”, adierazi du Gidor Bilbaok, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordeak. Gazteek euren inguruan, ikastetxean… gertatzen zaizkien berriak zabaltzeko aukera ere izango dute. Sexuari eta hainbat gairi buruzko kontsultak egin ahal izango dira, lehiaketetan parte hartu ahal izango dute…
Irrika.net plataforma paperezko Irrika aldizkariaren oinordekoa da, zenbait aldaketa eta berrikuntzarekin. Plataforma berriaren helburua da komunitate bat sortzea eta gazteentzat erreferentzia izatea zientziaren alorrean. Irrika Plataformak zientzia-gaietan jarduteko bokazioak piztu nahi ditu gazteengan, eta, horregatik, edukia era erakargarrian aurkezten da “ludikotasuna eta materien baliagarritasuna bat datozela erakutsi nahi baitugu”, dio Bilbaok. Horregatik, Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren alorreko ekimenak integratu ditu.
Irrika Plataformari ongietorria emateko, Irrikatea lehiaketa jarri da martxan. Zortzi astez, ostiralero proba bat argitaratuko da, eta parte-hartzaileek euren trebezia erakutsi beharko dute probak ebaztean. Zailtasunaren arabera, puntu-kopuru bat edo beste lortuko dute parte-hartzaileek probetan, eta puntu gehien jasotzen dituenak Ipod Touch bat irabaziko du. Hala ere, parte-hartzaile guztientzat izango dira opariak, izena ematen duten guztiek opari sorpresa bat izango baitute.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE